Lourdes Oñederra: “Idazteko balio didana datorkidanean, harrapatzen saiatzen naiz, hondartzan olatuak bezala”

azken batean - M. LOURDES OÑEDERRA OLAIZOLA ‘Azken batean(Erein, 2025) eleberrian, Lourdes Oñederrak memoriaz, isiltasunez eta galeraz osatutako lurralde narratibo konplexua eraiki du.

 

 

 

 

 

 

Elisa eta Elisabete ama-alaben arteko harremana da kontakizunaren ardatz nagusia: urruntzeek eta esan gabe geratutakoek markatutako lotura bat, denborak eta bizipenek higatua. Harreman intimo horretatik abiatuta, nobelak memoria pertsonala eta kolektiboa uztartzen ditu, kontatu ezin diren baina ezinbestean kontatu beharreko esperientzien gainean gogoeta eginez. Eleberriak emakumeok jasandako indarkeria sexualaren arrastoak jartzen ditu agerian, baita indarkeria politikoaren zentzugabekeria ere, Ixa pertsonaiaren bidez irudikatuta. Halaber, ama-alabek galdutako maitasunen gaineko kontakizun garratz bat dugu.  Oñederraren idazkerak ez du linealtasuna bilatzen: atzera begirako jauziek, oroitzapenen zatikatzeak eta isiluneek egituratzen dute kontakizuna.     

            Nobelak ez du, moldeari dagokionez, narrazioaren linealtasuna xede, etengabeak dira atzera  begirako jauziak. Memoriaren berreskurapena ezinbestekoa zaio Elisa amari, ezin dira historia orokorra eta pertsonala ahaztu eta aldi berean ezin dena kontatu.

Halaxe da. Oroitzapenak ez dira beti lineal eta ordenatuak izaten. Bestalde, nobelaren atal gehienak (azkena ez beste) egun bakar batean gertatzen dira… eta bi emakumeen buruan egun horretan zehar azaltzen dena puskaka jasotzen da.

            Nobelako protagonista nagusi diren Elisa-Elisabete ama-alaben arteko lotura urruntze eta isiltasunen bidez eraikitzen da. Baina soinu banda zehatz bat ere erabiltzen duzu protagonisten arteko distantzia laburtzeko: Emmylou Harris, Leonard Cohen, Matraca Berg…

Autore eta kantari horiek alabarenak dira… joan denarenak. Amaz pentsarazten diote edo narratzaileak hala uste du behintzat kasuren batean.

            Ixa pertsonaia maltzurkeriaren isla gisa ulertu daiteke? Abusu sexualen protagonista eta, halaber, indarkeria politikoaren zentzugabekeriaren pertsonalizazioa.

Gaizkiaren karga bereganatzen duen pertsonaia da, bai; eskematiko samar geratu da agian, kanpotik kontatzen delako bera, besteengan izan duen errainua da sakonetik ikusten dena. Bestalde, intentzio politikodun indarkeria, bai, berak dakar Elisaren mundu txikira.

            Estiloari dagokionez, sintaxiaren gardentasuna bilatu duzu.

Estiloan, eta bestela ere, ahal izan dudana egin dut. Ez dut aukeratzen nola idatzi fikziozko lanetan. Idazteko balio didana datorkidanean, harrapatzen saiatzen naiz, hondartzan olatuak bezala.

            “… Emandako minak / hartutako oinazeak”  liburua zabaltzen duen poemaren azken lerroek bultzatu al zintuzten istorio hau kontatzera?

Poema edo dena delako hori nobela idatzi ahala joan nintzen osatzen.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina