Marta ispiluaren aurrean – Teresa Calo (elkarrizketa)

“Uste dut prebentzio lan serio baten beharra dagoela, arazoari buruz ez da asko hitz egiten baina gero eta jende gehiagori eragiten dio, batez ere nerabeei”

 

Zergatik antzerkia ? zergatik monologo bat eta ez ipuin bat?
Ideia hau nobela motz bat idazten ari nintzela sortu zen. Protagonista, nerabe bat, arazo mentalengatik zentro batean ingresatuta dago. Arazo horiek ez ziren nobelaren gaia, nere asmoa apatiatik ateratzeko sorkuntza, jakin-mina eta irakurketa bide egokiak izan daitezkeela azaltzea zen. Neska gazte honi gertatzen ari zitzaionari izen bat jarri nahi nion eta horregatik elikadura-gaitza, anorexia, aproposa iruditu zitzaidan, eta orduan konturatu nintzen beste testuinguru batean ikusten nuela protagonista, publikoari zuzentzen. Horrezaz gain, anorexiaren gaia betidanik interesatu zait. Beraz, helburua aldatu nuen, hasieran, neskak pairatzen zuen bilakaera zen garrantzitsuena: neska zoriontsu bat izatetik, neska pasibo eta autodestruktibo bat izatera nola pasatzen den; baina neska anorexika bat ikusten hasi nintzenean, xedea aldatu egin zen eta pentsatu nuen lanak indar gehiago hartuko zuela antzerki eran idatziz.

Aukeratu duzun gaia, berez oso gogorra bada ere, zuk ez duzu goxatu, bere krudeltasun guztian tratatu duzu. Badago motibo bereziren bat gai honetan buru-belarri sartzera eraman zaituena?
Anorexiak osagai suizida bat badauka, eta desesperazio hori, norbere buruari eginiko zigor hori beti iruditu zait interesgarria. Gainera, batez ere nerabezaroan gertatzen dela kontuan izanda, arduratu eta hunkitu egin nau betidanik. Adin tarte zaila da nerabezaroa eta nik oraindik ere gogoan daukat. Jasanezinak egoten dira adin horretan gaztetxoak baina hain dut gogoan garai hura, ezinegon hori ulertzeko gai naizela.

Zure intentzioa egoera horretan aurkitzen diren neskengana, gehienetan neskak baitira, iristea al da?
Harroa eta ezjakina izango nintzateke “Marta”ren pertsonaiak efektu sendatzaileak izango dituela pentsatuz. Baina uste dut bide horretan hasteko tentazioa duten gazteak horretan jardun ez dezaten lortu dezaketela. Horregatik gai hau umore beltzaren ikuspuntutik tratatu dut, uste dudalako adin horretan errezagoa dela eta eraginkorragoa aldi berean, gaitzaren arriskuak baino alde absurdoa, zentzugabea eta antipatikoa lantzea.  Azken finean arriskua, martirioa bezala, osagai erakargarrian bihurtu baitaiteke nerabezaroan. Nerabeak desberdina izatea, berezia, gustuko du, nahiz eta heriotzara eraman zaitzakeen.

Nola heldu diozu anorexiaren bizipenei liburua idazteko momentuan?
Ideia izan aurretik, gai honi buruzko erreportaje eta artikuluei so egiten nien baina hori ez zen nahikoa, noski! Funtzioa idaztea erabaki nuenean, adituen hainbat liburu irakurri nituen,  eta interneteko hainbat saiakera ere irakurri nituen baita gaiaren inguruko orrialdeak bisitatu ere. Izugarria izan zen.

Uste duzu testu egokia dela ikastetxeetan lantzeko?
Uste dut prebentzio lan serio baten beharra dagoela, arazoari buruz ez da asko hitz egiten baina gero eta jende gehiagori eragiten dio, batez ere nerabeei. Esan bezala, uste dut arriskuei buruz hitz egitea ez dela nahikoa. Neska honen monologoak indar handia izan dezake, ez du ezer sentitzen, hilda dagoelako, gazteengan arrasto handiagoa utzi dezake. Bestalde, eztabaidak sortu daitezke gaiaren inguruan.

Eszenatokietan ikusi ahal izango dugu?
Hori da nik nahiko nukeena. Horretarako, formula bat bilatu behar dugu: kanpaina bat eskoletan, adibidez. Kontuan izan nerabeek ez dutela antzerkira joateko joerarik. Gainera uste dut helburua horrela hobeto beteko genukeela, izan ere, ikasgeletan gaia lantzen jarraituko lukete eta.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina