Paradisua – Arrate Egaña
Arrate Egañak (Errenteria, 1963) helduentzako ipuin-bilduma bat kaleratu berri du: Paradisua, bost istorio luze eta mamitsu, pertsonaien eta giroen lanketan nabarmentzen direnak.
Orain arte haur eta gazte literaturan (HGL) ibili zara bereziki. Nolakoa izan da helduen literatura jauzia?
Ez da horrelakorik izan; orain arte oso gutxi argitaratu arren, helduentzat ere idatzi izan dut. HGLaren barruan sailkatu naute, eta oso eroso sentitzen naiz irakurle horientzat idazten, asko zor diot literatura horri; baina, zergatik mugatu? Literaturak genero eta adierazpen-modu asko eskaintzen ditu norberaren istorioak, emozioak edo nahiak azaltzeko: antzerkia, gidoiak narratiba, poesia… Forma horietan guztietan jardun nahiko nuke, denbora izanez gero, eta gehiegi barreiatu gabe, ahal balitz bederen.
Aspaldidanik hasi zinen helduen narrazioetan, beraz…
Nire bi lehendabiziko sariak helduen ipuinekin irabazi nituen, Donostian bata eta Salamancan bestea, duela hogei urte baino gehiago.
Zure ipuinek erritmo sosegatua dute, luze eta xeheak dira, HGLn ez bezala.
HGLn ere estilo eta erritmo desberdinak erabil daitezke, ez dut uste horrek irakurlearekin zerikusirik duenik. Umeentzako ipuin batzuk lasaiak dira, Txita more txikia kasu; beste batzuk, aldiz, oso erritmo bizkorrekoak, Kixmi elurpean bezala. Hala ere, bai, neurri batean egia da hori: umeentzat eta gazteentzat abenturak eskatzen duen lastertasuna gustuko dut.
Paradisua liburuko kontakizunetan erritmo lasaia agertzen da, geldoa izan gabe, dena garrantzitsutzat agertzen delako: trama nagusiak eta bigarren mailako tramak, pertsonaien protagonismoaren aldaketa, beraien arteko harremanak, iraganetik dakartena… Eta xehe azaldu arren, isildu ere asko isiltzen da: kontatzen ez denarekin ere osatzen baita ekintza, elipsiekin edo zeharka aipatzen denarekin.
Bestalde, ipuinak luzeak izan arren, azaleko apaingarririk gabeak izan daitezen saiatu naiz.
Estilo horrek baditu nazioarteko erreferentziak, ezta? Zeintzuk izan dituzu gogoan?
Idazle iparramerikarrak gustatzen zaizkit, askori bezala (Ford, Carver…), eta Munro kanadarra bereziki. Bestalde, euskal kontalari batzuk ere miresten ditut (Cano, Rodriguez, Mendiguren, Jaio, Katixa Agirre) edo Jon Bilbao gaztelaniaz.
Inguru hurbilak eta familiarrak
Zure pertsonaiek paradisua lortzen dute ?
Ez denek; batzuk saiatzen dira eta azkenean une bateko epifania aurkitzen dute, berezko paradisuaren antzeko zera. Beste batzuek, aldiz, konturatu gabe topatzen dute errebelazio moduko hori; azken ipuinean, bizi diren infernuan parentesi labur bat dute, nekez; paradisuaren ifrentzuaz mintzatzen da horretan.
Zeintzuk dira zure ipuinetako kokalekuak?
Oso inguru hurbiletan kokatzen dira:
“Neguko udareak” Lizarra eta inguruko herrixka batean.
“Mont Saint-Michel” Normandia eta Bretainian, alde batetik, eta Bilbon bestetik.
“Grindavik” Hondarribiko baserri batean, Guadalupe aldean.
“Paradisua” Jaizkibelgo beste aldean, Lezon.
“Abenduak 21” Bilbo inguruko urbanizazio burges batean.
Askotan aurkezten dituzu zure pertsonaiak gaztaroko une giltzarri batean, etxeko babesa utzi edo ez…
Parada inportante eta delikatua da hori. Mundura irtetea da, eta batzuei kosta egiten zaie pausoa ematea; une horretan aukera ugari zabaltzen da, etorkizuna azken finean. Hortik aurrera geuk marrazten dugu patua neurri batean, gure bizitza geurea izan daiteke.
Honekin lotuta, zure liburuaren interesguneetako bat da familia-harremana; hori literatura-gai bilakatu duzu, oso ohikoa izan ez arren.
Kontziente edo inkontzienteki, familia, eta beraiekin igarotako haurtzaroa, barruan daramagu; eragina du gure nortasunean eta presente egoten da gure harremanetan. Ipuin hauetan beste idazkietan baino gehiago garatu dut agian, pertsonaien background moduan bereziki, testuingurutzat; beste testu batzuetan abiapuntua da. Nolanahi ere, beste harreman batzuk ere landu ditut liburuan: adiskidetasuna, esaterako, animaliekiko jarrera, edo jendeak ingurukoak erabiltzeko duen joera.
Antzerki lan bat ere idatzi berri duzu (Egia, Donostia hiria Literatur Lehiaketa irabazi duena); aurrerantzean zer lantzeko asmoa duzu?
Antzerkia aipatzen duzunez, oso esperientzia interesgarria izan da horretan aritzea, eta horretan jarraitzea gustatuko litzaidake, baina auskalo. Orain arte, egia esan, narrazioan mugitu naiz erosoen.