Klika euskarari, Klika etorkizunari, Klika konpromisoari!

Atzo, apirilak 9, euskararen herri eragileek eta erakundeek konpromisoak sinatu genituen euskararen alde jarduteko. 

2018ko azaroaren 7an aurkeztu zen 21. KORRIKA. AEK-k argi utzi zuen bezala, KORRIKAk “esanetatik konpromisoetara jauzi egitea aldarrikatu nahi du, euskararen hurrengo fasea klikatzea da, aktibazioarena, alegia; fase horretan, euskara unibertsala bihurtzea nahi dugu”, eta azpimarratuz azken urteotako euskararen aldeko ekimenen bilakaerak argi utzi duela herri-gogoa badagoela, herritar askok Klika egin dugula; gogoeta eta portaera-aldaketa eragin dituen klik bikoitza. 

(Irakurri +)

elkar Taldea Korrikarekin


Korrika 18 - Eman euskara elkarri

Gaur, 18. Korrika Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parketik abiatuko da arratsaldeko 16:30ean. Lehenengo kilometroko lekukoa Kultur Parkean dauden enpresen 12 langile-ordezkarik eramango dute, elkar-ek ere bertan ordezkaria izango du.

Aurtengo edizio honetan langileen eskuetan utzi nahi izan da bidea hasteko ardura. Korrikaren aurtengo leloa —Eman euskara elkarri— egia bihurtzeko egiten duten lana aitortu nahi izan diete.

2013 urtea berezia da Martin Ugalde Kultur Parkean. Hamar urte dira Euskaldunon Egunkaria itxi zutela eta ondorioz Berria argitara atera zela. Hogei urte dira Joxemi Zumalabe hil zela. Eta hogei urte dira Korrikak Martin Ugalde omendu zuela; hain zuzen ere, azken kilometroa egin eta gero, Zumalabek idatzitako gutun bat irakurri zuen Ugaldek Bilbon, amaierako ekitaldian.

Martin Ugalde Kultur Parkean lehenengo kilometroa egin ostean, Irrien Laguneko Pirritx, Porrotx eta Marimototsek hartuko dute errelebua. Pailazo ezagunek bigarren kilometroa egingo dute.

Hamaika egunez Euskal Herria zeharkatu ondoren, martxoaren 24an, Korrika Baionara iritsiko da. Bertan, 2568. kilometroa elkar taldearena izango da. Goizeko 11:47ean iritsiko da Korrika Pont Saint-Frédéric zubira, lekukoa hartuko dugun tokira. Puntu horretan, Baionako elkar liburu-dendako lankideek lekukoa  eramango dute.

Kilometro horretan elkar-ekin batera parte-hartu nahi duzuenok aukera paregabea duzue. Antolakuntzak gomendatu duenaren arabera, esandako ordua baino 15 minutu lehenago egotea komenigarria da. (Irakurri +)