Peru Magdalenaren “Ametsondoa” lan berriaren aurrerapena

URRATSAK

Ibilian noa, bide luze batean zehar ibilian.
Bidea luzea dela hausnartzen dut. Luzea eta ezustez betea. Eta begiak ikusi nahi duen besteko ederra.
Bat-batean geroa gogoratzen dut. Oso argi gogoratu ere.

Lurrera begiratzen dut, atzera, eta lurrean urratsik uzten ez nabilela ikusten dut. Aurrera begiratzen dut, eta urratsak aurretik ditut, bide luzean zehar aurretik.

LIBURU LIKIDOA

Ur txikiak liburua eskuetan hartu eta amari galdetu zion:
–Nola irakurtzen da liburu hau?
–Erreka bati begiratzen zaion moduan.

BIDAIAREN HASIERA

Sagar guztiak ondo helduta larrera jausi zirenean, sagarrondoa hegan joan zen.

HASIERAKO INDARRA

Berdin dio zenbat bidaia egin dituzun, zenbat lan egin duzun, zenbat seme-alaba izan dituzun. Berdin dio zortzi ala laurogeita zortzi urte badituzu, ortozik ala zapata garestiz bazabiltza. Berdin dio gosez zauden, gaur martitzena den, ala maitasuna ulertzen ote duzun. Berdin dio. Hasieran zaude. Beti. (Irakurri +)