Peru Magdalenaren “Ametsondoa” lan berriaren aurrerapena

URRATSAK

Ibilian noa, bide luze batean zehar ibilian.
Bidea luzea dela hausnartzen dut. Luzea eta ezustez betea. Eta begiak ikusi nahi duen besteko ederra.
Bat-batean geroa gogoratzen dut. Oso argi gogoratu ere.

Lurrera begiratzen dut, atzera, eta lurrean urratsik uzten ez nabilela ikusten dut. Aurrera begiratzen dut, eta urratsak aurretik ditut, bide luzean zehar aurretik.

LIBURU LIKIDOA

Ur txikiak liburua eskuetan hartu eta amari galdetu zion:
–Nola irakurtzen da liburu hau?
–Erreka bati begiratzen zaion moduan.

BIDAIAREN HASIERA

Sagar guztiak ondo helduta larrera jausi zirenean, sagarrondoa hegan joan zen.

HASIERAKO INDARRA

Berdin dio zenbat bidaia egin dituzun, zenbat lan egin duzun, zenbat seme-alaba izan dituzun. Berdin dio zortzi ala laurogeita zortzi urte badituzu, ortozik ala zapata garestiz bazabiltza. Berdin dio gosez zauden, gaur martitzena den, ala maitasuna ulertzen ote duzun. Berdin dio. Hasieran zaude. Beti.

GURDIARENA

Nire gurdia lokatzean itoa geratu zen, eta laguntza bila joan nintzen.
Lehen bi baserriak hutsik zeuden. Hirugarrenean neskatila polit batek hartu ninduen.
Hau eta hori, hura eta bestea, eta azkenean berarekin ezkondu nintzen.
Bost seme-alaba izan genituen. Baserri eder bat eraiki genuen.
Semerik gazteenak, mendiko bidean, gurdi zahar baten arrastoak topatu zituen lurrean. Zati guztiak handik lurpetik atera, ahal zuen eran konpondu, eta bidean aurrera jarraitu zuen gurdiarekin.

ISPILUA

Baratzean dihardut, porruak landatzen. Lan ederra da. Nekosoa ere bai, ordea. Une batean, beraz, gorputza arteztu eta gorantz begira hartzen dut arnasa.
Gorantz begira nagoelarik, zera… Baina, zer demontre… Zeruan islada bat ikusten dut! Kristalezkoa dirudien islada bat.
Begiratu eta begiratu eta bai, erreflexu moduko bat egiten du zeruak. Orduan, proba egiteko, makurtu eta harri koxkor bat hartzen dut, eta gorantz bota, ahalik eta indartsuen. Harri-koxkorrak klank egiten du zeruaren kontra jotzean. Zerua geruza gogor bat balitz bezala.
Ezin dut sinetsi, eta gaixo ote nagoen pentsatzen dut, edo ametsetan.
Beste harri-koxkor bat bota eta, berriz ere, klank. Ezin liteke. Eta guztiz zoratu aurretik porruak landatzen jarraitzea erabakitzen dut, lurrak oreka emango didalakoan. Atxurrarekin lurrean zuloa egin, porrua erein, eta lurrez estali. Holako batean, baina, atxurrarekin lurrean zuloa egin eta zerbait urdina ikusten dut. Zuloa handitzen hasten naiz, eta geruza urdina handitu egiten da. Makurtu eta bi eskuekin handitzen dut zuloa, eta urdintasunaren argiak begiak itxiarazten dizkit. Lainoak ere badaude. Eta argi asko.
Zerua dago lurpean.

Aurrerapena osoa jaitsi (.pdf)

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin