2016ko Adarra Saria Benito Lertxundirentzat

Benito LertxundiBenito Lertxundi oriotarrarentzat izango da Donostiako Udalak ematen duen aurtengo Adarra Saria. Udalak sari hau 2014an sortu zuen euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bat omentzeko; Benito Lertxundi horren eredu da. Musikariak 50 urteko musika-ibilbidea du, eta zenbaki borobil hori oholtza gainean kontzertuak eskainiz ospatu du. Azken hilabeteetan, Oroimenaren oraina, kaleratutako azken diskoa, jendaurrean aurkezten ari da eta baita sortzen ari den abesti berriak ere.

Lertxundik, ekainaren 21ean, Musikaren Nazioarteko egunean jasoko du aurtengo Adarra Saria, Victoria Eugenia Antzokian 20:00etan izango den ekitaldian.

Lehen edizioan, sari hori Mikel Laboaren sorkuntza-lanari eta jeinuari eman zitzaion. Iaz Ruper Ordorikari. Aurten, Adarra sariko Aholku Batzordeak, aho batez, saria Benito Lertxundiri ematea erabaki du. Erabakia zenbait arrazoi garrantzitsurengatik hartu da:
Benitoren musika-ibilbide luzeagatik, garai eta gizarte eta kultur egoera oso desberdinetan zehar; konpositore gisa egin duen lan apartagatik, haren kanta asko eta asko baitaude dagoeneko herri-kantutegian; askotan bere kanten oinarri izan dituen gai herrikoi eta tradizionalengatik; Euskal Herritik kanpora eta nazioartean duen sonagatik.

(Irakurri +)

Benito Lertxundik jasoko du Foru Aldundiko Urrezko Domina

Benito LertxundiGipuzkoako Foru Aldundiak Benito Lertxundi Orioko kantari eta konpositoreari emango dio Urrezko Domina ostegunean, Foru Jauregian.

Ohorezko bereizgarri hori Gipuzkoako interes orokorraren alde merezimendu bereziak egin dituzten pertsonei edo elkarteei ematen zaizkie, edo haien ibilbidea eta lana nabarmentzekoak dituzten pertsonei edo elkarteei.

Urrezko Domina jasoko duen Benito Lertxundiren ibilbide artistikoa luzea eta emankorra da eta, kantuen bidez, mezu poetikoak eta, aldi berean, politikoak bidaltzen zituen errepresioaren menpean zegoen euskal gizarteari.

Larraitz Ugarte Gobernuko bozeramaileak gogorarazi duenez, “euskal kantagintzaren sortzailerik handienetakoa da” eta edozein korronte eta modaren gainetik biziraun dute bere doinuek hainbat hamarkadetan.

“Ez Dok Amairu” kultur mugimendu garrantzitsuaren kideetako bat izan zen, eta euskaldunon ehunka gertaera eta bizipen sinbolikoen soinu banda ere jarri izan du Benito Lertxundik. Haren ibilbide oparoarengatik eta euskal kulturari egin dion ekarpenarengatik, Urrezko Domina emango dio Foru Aldundiak.

Urrezko Domina emateaz gain, Urrezko bi Plaka ere emango ditu Foru Aldundiak: lehenengoa Ordena Publikoaren Auzitegiaren bortizkeria eta errepresioa jasan zituzten emakumeek jasoko dute; eta bigarrena, berriz, “Beroa” Gipuzkoako Harrera Familien Elkarteak.