Augustin Zubikarai Nobela saria antolatzeko oinarriak XXI. edizioa 2021

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak, euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz, Augustin Zubikarai saria antolatzen dugu, nobelak sortzeko beka gisa funtzionatuko duena, ondorengo oinarrien arabera:

-Deialdi honetara, eleberriak idazteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.

-Beka hau behin irabazten duenak ezingo du berriz parte hartu.

-Partehartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, emailez atxikitako dokumentuetan:

a) Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, bi mila eta sei mila karaktere bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.

b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.

c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. (Egileei buruzko informazioa Udalak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri). Hartara, egileak ez du bere nortasuna agerian utz dezakeen ezer idatziko ez laginean ez azalpenean (bidaliko duen artxibategietako ezaugarrietan ere ez). Baztertu egingo dira hori betetzen ez duten hautagaiak.

-2021eko urriaren 31 arte bidal litezke helbide honetara proiektuak: mrey@ondarroa.eus

-Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2021eko azaroaren 30a baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezake epaimahaiak.

-Saria 6.000 eurokoa izango da eta Ondarroako Udalak ordainduko dio irabazleari era honetara: bekaren diru-kopuruaren erdia, irabazle izendatu ondoren, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan. (Irakurri +)

Jasone Osorok irabazi du Augustin Zubikarai nobela-beka

Jasone OsoroJasone Osororen nobela-proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Hogeita sei lan aurkeztu dira bertara, eta horien artean Osororen proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria ostegun arratsaldean emango zaio, Ondarroan, Literatur Amuak izeneko jardunaldien barruan.

Sick du behin-behineko izena Jasone Osororen proiektuak. Berta deritzan emakume baten 24 ordu kontatzen dizkigu, ohean datzala Edith Piaf-en Non, je ne regrette rien entzuten, barrutik hautsia, bere bizitzaren errepaso bat eginez eta berekin harreman estua izan duten pertsonaiekin barne-bakarrizketan: ama, aita, senarra, alaba… Urtebete du Osorok proiektua ontzeko eta amaitzeko, eta ondo bidean 2015eko udazkenean ikusiko du liburuak argia.

Jasone Osoro Elgoibarren jaio zen 1971ean. Kazetaria da ikasketaz, eta prentsa idatzian nahiz telebistan lan egin izan du, baina batik bat idazle moduan da ezaguna: Tentazioak (1998) eta Korapiloak (2001) ipuin-liburuak kaleratu ditu, Greta (2003) eleberria, Bi marra arrosa (2009) saiakera, Isadora (1998) biografia, eta gazteentzako hainbat liburu, Jara eta Ezekiel pertsonaienak, besteak beste. Gaur egun, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria da. (Irakurri +)