Jasone Osorok irabazi du Augustin Zubikarai nobela-beka

Jasone OsoroJasone Osororen nobela-proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Hogeita sei lan aurkeztu dira bertara, eta horien artean Osororen proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria ostegun arratsaldean emango zaio, Ondarroan, Literatur Amuak izeneko jardunaldien barruan.

Sick du behin-behineko izena Jasone Osororen proiektuak. Berta deritzan emakume baten 24 ordu kontatzen dizkigu, ohean datzala Edith Piaf-en Non, je ne regrette rien entzuten, barrutik hautsia, bere bizitzaren errepaso bat eginez eta berekin harreman estua izan duten pertsonaiekin barne-bakarrizketan: ama, aita, senarra, alaba… Urtebete du Osorok proiektua ontzeko eta amaitzeko, eta ondo bidean 2015eko udazkenean ikusiko du liburuak argia.

Jasone Osoro Elgoibarren jaio zen 1971ean. Kazetaria da ikasketaz, eta prentsa idatzian nahiz telebistan lan egin izan du, baina batik bat idazle moduan da ezaguna: Tentazioak (1998) eta Korapiloak (2001) ipuin-liburuak kaleratu ditu, Greta (2003) eleberria, Bi marra arrosa (2009) saiakera, Isadora (1998) biografia, eta gazteentzako hainbat liburu, Jara eta Ezekiel pertsonaienak, besteak beste. Gaur egun, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria da.

Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Ordutik, hauexek izan dira sariaren irabazleak eta argitaratu dituzten lanak:

– Joxean Agirre, Zwei Frauen (Bi emakume).

– Itxaso Araque, Damutzen ez direnak.

– Garbiñe Ubeda, Hobe isilik

– Garazi Kamio, Orube abandonatuak (aurki argitaratzeko)

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina