Apirilean plazaratu du Pettik ‘Hotzikarak’, bere bakarkako zazpigarren diskoa. Etxeko Uzta taldeak lagunduta (Joseba Irazoki eta Igor eta Iñigo Telletxea anaiak), rock soinu gordin eta elektrikoetara itzuli da kantari nafarra Elkar estudioan grabatutako diskoan.
Elkar estudioan diskoaren grabazioari ekiteko sartu behar zuen egunaren bezperan harrapatu dugu Juan Luis Perez Mitxelena Petti (Bera, 1973). Estudiora kantuak “landuta eta borobilduta” eramateko ohitura du, eta oraingoa ez da salbuespena izan, nahiz eta estudioan bertan “gauzatxoak probatzeko” aukera beti egoten den zabalik. Hamar kantuk osatuko dute Pettiren lan berria, horien artean zuzenean behin baino gehiagotan eskaini duen Leonard Cohenen The Partisan abestiaren moldaketa bat. (Irakurri +)
Ruper Ordorikak ekainaren 21ean, arratsaldeko 19:00etan, kontzertu berezi bezain ahaztezin bat eskainiko du Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.
Kontzertua Donostiako Udalak Ruperri bere ibilbidearengatik eta euskal kulturari eta musikari egindako ekarpenarengatik emango dion Adarra Sariaren ekitaldiaren barruan eskainiko da.
Victoria Eugeniako emanaldi hau berezia izango da benetan. Ruperrek, lehen diskotik 2014an ateratako Lurrean etzanda diskora iritsi arte, bere ibilbide luzea osatu duten abestien aukeraketa zaindua egingo du.
Ruperrekin batera, musikari hauek arituko dira; Leo Abrahams (gitarra eta prozesadoreak), Arkaitz Miner (gitarra, mandolina eta biolina), Hasier Oleaga (bateria) eta Fernando Lutxo Neira (baxua). (Irakurri +)
Donostiako ELKAR estudioa eskenatoki bilakatu nahi izan dugu berriro ere. Proiektu honen hirugarren fase honetan, beste bederatzi taldek parte hartuko dute. Maiatzaren 12an hasiko dira zuzeneko emanaldien grabaketak eta maiatzaren 22an amaituko dira. Hamaika Telebistak grabatuko ditu zuzeneko hauek, eta udazkenean emitituko ditu. Egun bakoitzeko talde bat izango da; beraz, 2 aste hauetan 9 sesio grabatuko dira zuzenean. Publiko moduan etortzera gonbidatu nahi zaitugu; 30 lagunentzako tokia izango da egun bakoitzean. Bertan, taldeen emanaldiekin disfrutatu ahal izango duzu, ez ohikoa bezain erakargarria izan daitekeen “antzoki” berezi horretan.
Maiatzak 12 Beñat Igerabide (Donostia)
Maiatzak 13 22 Metro Koadro (Bilbo)
Maiatzak 14 Begiz Begi (Iparraldea)
Maiatzak 15 Eskean Kristo (Arratia)
Maiatzak 18 Libe (Gasteiz)
Maiatzak 19 Joseba B. Lenoir Gang (Bera)
Maiatzak 20 Sueder (Gernika)
Maiatzak 21 Perlak (Zarautz)
Maiatzak 22 Lou Topet (Zarautz)
Euskal kantagintzaren ahots berrietako bat da Aguxtin Alkhat heletarra. 2013ko Ihes egin EParen ostean, Haizeen meneko (Elkar) lehen disko luzea kaleratu du. Talde-soinua indartu eta lan anitza osatu du Alkhatek: tentsioa, baretasuna eta goxotasuna bildu ditu doinuetan, itxaropena eta kemena zabaldu hitzetan.
Alkhat abizenaren pisua sentitzen da Ipar Euskal Herrian?
Bai, txikitatik. Gurasoek etxe zahar bat erosi zuten Armendarizen eta han handitu ginen. Euskaldun anitz badira han baina gu ginen nolabait “Enbata zikinak”. Bi familia bakarrik ginen ikastolara joaten leku hartatik. Aita [Ernest bertsolari zena] euskalduna eta abertzalea zen, eta beti sentitu dugu begirada pisu bat frantses sentitzen diren euskaldunen aldetik. Bestetik, abertzale munduan gu beti izan gara Alkhaten semeak. (Irakurri +)
Aguxtin Alkhat – Haizeen meneko
2013.eko martxoan 6 kantuz osatutako IHES EGIN izeneko disko harrigarria aurkeztu ondoren, eta pasa den urtean ELKAR Estudioko Sesioetan parte hartu eta gero, aurtego udaberrian disko luzea argitaratuko du Nafarroa Behereko Heleta herriko Aguxtin Alkhat-ek ELKAR zigiluan.
Familiaren magaletik jaso du zuzen-zuzenean Aguxtin-ek tradizioaren indarra, Ernest bere aitarengandik batik bat. Bere lengoaia musikala pop-rockean oinarritzen duen arren, muinean Iparraldeko kantagintza lirikoaren ondorengoa da Heletako kantaria, kantu ederrak bezain hurbilak konposatzeko eta, bera talde eraginkorraren laguntzarekin, interpretazioan berezko nortasun eta estiloa erakusteko.
Dionisio Cañasen poema batetik hartu du Ruper Ordorikak disko berriaren izenburua, Lurrean etzanda. Bizitzak eskaintzen dituen gauza ederrez gozatzeko –adiskidetasuna, maitasuna, natura…– eta haren ifrentzuarekin –gizaki ororen zalantzak, ikarak…– elkarbizitzen jakiteko gonbita dira Ordorikaren kantuak.
Arreta deitu dit azken hiru diskoen izenburuek naturako erreferentziak dituztela (haizea, hodeiak, lurra). Horrek, eta hirurek nolabait gordetzen duten batasun tematikoak, trilogia bat osatzen dutela pentsatzera eraman dezake.
Ez da nire asmorik izan, ez daukat horrelako ahalmen taktikorik, baina beste aldera esango nizuke baietz, azken urteetan beste esparru batean sartzen ari naiz kantugaietan, eta litekeena da egotea horrelako harreman bat… Polita da esaten duzuna. Niretzat natura da umeak marrazten duen orriaren alde hori, non agertzen den zeru bat, eguzki bat, mendi bat… hori da da gure kantuak bizi diren tokia.
“Hemen dago, heldu da eguna, pozik izan, heldu da”, dira diskoko lehen hitzak. Aurreko diskoetan bezala, bizitza berri bat hasi duenaren lilura islatzen da kantu askotan, bizitzaren ospakizun neurtu eta sosegatu bat.
Ez dakit nori entzun diodan berriki esaten ezkor izateari utzi egin diola harik eta sasoi hobeak iritsi arte. Nik ere garai hobeetarako utzi dut pesimismoa. Sasoi oso ilunetan ez zait ateratzen horretan sakontzea. Orain badugu aski kezkarik inguruan. Aspaldian ari naiz hain logizistak ez diren testuen atzetik. Eta musikan, berba jakin bati hain lotuak ez diren giroen atzetik. Hitzari doinua gehituz gero halako zoriaz sortzen den hirugarren gune baten bila nabil, barruko gauzak esan ahal izateko. (Irakurri +)