Ruper Ordorika: “Sasoi hobeetarako utzi dut ezkortasuna”

Ruper OrdorikaDionisio Cañasen poema batetik hartu du Ruper Ordorikak disko berriaren izenburua, Lurrean etzanda. Bizitzak eskaintzen dituen gauza ederrez gozatzeko –adiskidetasuna, maitasuna, natura…– eta haren ifrentzuarekin –gizaki ororen zalantzak, ikarak…– elkarbizitzen jakiteko gonbita dira Ordorikaren kantuak.

Arreta deitu dit azken hiru diskoen izenburuek naturako erreferentziak dituztela (haizea, hodeiak, lurra). Horrek, eta hirurek nolabait gordetzen duten batasun tematikoak, trilogia bat osatzen dutela pentsatzera eraman dezake.

Ez da nire asmorik izan, ez daukat horrelako ahalmen taktikorik, baina beste aldera esango nizuke baietz, azken urteetan beste esparru batean sartzen ari naiz kantugaietan, eta litekeena da egotea horrelako harreman bat… Polita da esaten duzuna. Niretzat natura da umeak marrazten duen orriaren alde hori, non agertzen den zeru bat, eguzki bat, mendi bat… hori da da gure kantuak bizi diren tokia.

“Hemen dago, heldu da eguna, pozik izan, heldu da”, dira diskoko lehen hitzak. Aurreko diskoetan bezala, bizitza berri bat hasi duenaren lilura islatzen da kantu askotan, bizitzaren ospakizun neurtu eta sosegatu bat.

Ez daLurrean etzandakit nori entzun diodan berriki esaten ezkor izateari utzi egin diola harik eta sasoi hobeak iritsi arte. Nik ere garai hobeetarako utzi dut pesimismoa. Sasoi oso ilunetan ez zait ateratzen horretan sakontzea. Orain badugu aski kezkarik inguruan. Aspaldian ari naiz hain logizistak ez diren testuen atzetik. Eta musikan,  berba jakin bati hain lotuak ez diren giroen atzetik. Hitzari doinua gehituz gero halako zoriaz sortzen den hirugarren gune baten bila nabil, barruko gauzak esan ahal izateko.

Aitatasunaz hitz egiten duzu Atako bandan kantuan. Aita izan aurreko gizonak harriduraz begiratzen dio Ruper aitari.

Ez dakit hainbeste den aitatasunari buruzko kantu bat edo pasatu ditugun sasoiei buruzkoa. Halako batean ikusten duzu nolako bide estuetatik ibilia zaren, besteen lanak epaitzen, ona zer den eta txarra zer den. Uste dut hori beharrezkoa dela norberaren eginkizunean aurrera egin nahi bada, oso zehatz behar delako jakin batez ere zer ez duzun nahi, baina horrek, alor ideologikora eta gure bizimoduetara ekarrita, eramaten gaitu askotan zurruntasun handi batera. Gauza bitxia da nola pentsatzen ahal duzun duela urte asko orain baino zaharragoa zinela, zentzu horretan.

Taldea eraberritu duzu. New Yorkekiko lotura gorde duzu Kenny Wollesenekin, eta Erresuma Batuko bi musikarirekin aritu zara.

Wollesenekin zazpigarren diskoa dut hau. Uztailean etorri zen Donostiako Jazzaldian John Zornen Massasa Maratoian jotzera, eta esan zidan: “zure gitarristarekin jo dut”. Nola? Berak eman zidan Leo Abrahamsen ezaguera. Biak arituak ziren Anthony & The Johnsonsekin bira batean, eta Leo jotzen ikusten zuen aldiro nirekin gogoratzen zela esan zidan Kennyk. Gero Leok ekarri zuen Simon Edwards.

Grabazioa asteburu batean egin zenuten, aurretik elkarrekin inoiz jo gabe.

Oso saio politak gertatu ziren. Diskoak horren herena erakutsiko balu, asko litzateke. Lehendabiziko kantuan zalantza pare bat gehiago izan genituen, eta gero dena batera etorri zen, erraz. Uste dut luzaro gogoan edukiko ditudala saio haiek.

Abrahamsek arnas berria eman die kantuei: soinua gogorxeagoa da, xehetasun berriak daude moldaketetan…

Aldaketa handiak ikusten ditut. Disko batzuk egin ditut eta aurreko bidea hobeto ulertzen dut, noraino joan behar dudan kantuekin musikariei erakusteko eta giro hori sortzeko. Uste dut musikaltasun handiko diskoa dela, eta ados naiz, Leo eta Kenny ikaragarri aritu dira. Aipatu nahi nuke gero eta garrantzia handiagoa duela Alberto de la Casarekin egiten dudan lanak. Berarekin kantuak garbira pasatzen ditut, neure lehendabiziko arnas horretatik forma hartzen dutenean.

Noiz entzun ahal izango ditugu kantu berriak zuzenean?

Aurten kontzertu bakarra egin behar dugu, Bilboko Kafe Antzokian, abenduaren 20an. Azukre koskorrak-ekin asko ibili gara, eta nahi nuke lasaiago hartu. Baina hiriburuetan eta gure ohiko zirkuitoan ibiliko gara.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina