Buruaz gabetu

Antxiñe Mendizabalek abiapuntu hartu du emazte onak etxea argitzen duela dioen euskal esaera zaharra. Hortik aurrera bere hitzak eta Iraia Okinaren irudiak txirikordatu egiten dira Emakume burugabea poema ilustratuan.

Poemak dakarren kontakizuna metafora bat izan daiteke. Litekeena da, ordea, egunerokotik oso gertu dauden bizipenen lekukotza izatea. Emakumea bere senaren bila doa eta peskiza horretan galdu egiten du irabazteko. 

Hasierako ilustrazioetan kortse bat, ezpainak, azazkalak, zorroa, zango-erdiko bota takoidunak. Den-denak gorriak. Eta denak, aldi-berean, kerik botatzen ez duten tximiniarik gabeko etxeen bidelagun. Gorriak eta kerik gabekoak. Gorriak dira emakumezkook aurrez ikasitako imintzioak. Kerik ez dute botatzen argirik ez duten etxeek; edo argia dutela diruditen etxe iruzurtiek.

Norbera, baina, da iruzurtia. Ez dago poeman biktimarik, ez eta borrerorik. Kontua ez da hori. Berriro jaio bidean, bere buruaz gabetzen den emakumezkoarengan pausatu du Mendizabalek bere begirada. Eta, jakina, berriro jaiotzeko erditu behar da eta erditzeak, jaiotzeko bada ere, min ematen du. (Irakurri +)