Ernesto Prat Urzainkiren “Telleria eta gero, zer?” liburuaren aurrerapena

AITZINSOLASA

–Telleria eta gero, zer? Zer gehiago eskatuko didazu?
–Gero gerokoak, lasai.
–Tira, nire esku dagoena eginen dut, ez kezkatu.

La Perla bainuetxeko burbuilek Angel Santesteban Baztango udaleko zinegotziaren inguruan egiten zuten gainezka, puzkerrek uretan egiten duten modu berean. Ondoan, Enyaren musika lasaigarriaren laguntzaz, Arturo Seisdedos konstruktoreak aukerak eta arriskuak neurtzen zituen etengabe.

–Horrek ez dit balio. Ez kezkatu bat baino gehiago behar dut. Horrelako kaka handian sartzeko, erabateko bermea behar dugu. Amaiurkoak ere zure hitza omen zeukan eta ikusi gero.

–Horrelako kaka handia? –zinegotziak buelta erdia eman zuen, jacuzzian hankak luzatuz. Txano elastikoak ez zion argudiatzeko gaitasuna oztopatzen–. Birkalifikatzearekin hogei aldiz biderkatuko da metro karratuaren prezioa… Alimaleko pelotazo urbanistikoa izanen da, sosaz ustelduko zarete.

Arturo Seisdedosek zalantza keinua egin zuen, nazkaren eta asperduraren artekoa. Aldeetara mugitu zuen burua, aire sanoago baten xerka gehiegizko hezetasun haren gainetik. Emakume edadetu bat ikusi zuen, zeuden jacuzzira sartzera zihoana bainujantzi beltz batekin. Konstruktoreak mespretxu aurpegiz begiratu zion atsoari, mehatxuka kasik. Honek buelta erdia egin zuen. (Irakurri +)