Ernesto Prat Urzainkiren “Telleria eta gero, zer?” liburuaren aurrerapena

AITZINSOLASA

–Telleria eta gero, zer? Zer gehiago eskatuko didazu?
–Gero gerokoak, lasai.
–Tira, nire esku dagoena eginen dut, ez kezkatu.

La Perla bainuetxeko burbuilek Angel Santesteban Baztango udaleko zinegotziaren inguruan egiten zuten gainezka, puzkerrek uretan egiten duten modu berean. Ondoan, Enyaren musika lasaigarriaren laguntzaz, Arturo Seisdedos konstruktoreak aukerak eta arriskuak neurtzen zituen etengabe.

–Horrek ez dit balio. Ez kezkatu bat baino gehiago behar dut. Horrelako kaka handian sartzeko, erabateko bermea behar dugu. Amaiurkoak ere zure hitza omen zeukan eta ikusi gero.

–Horrelako kaka handia? –zinegotziak buelta erdia eman zuen, jacuzzian hankak luzatuz. Txano elastikoak ez zion argudiatzeko gaitasuna oztopatzen–. Birkalifikatzearekin hogei aldiz biderkatuko da metro karratuaren prezioa… Alimaleko pelotazo urbanistikoa izanen da, sosaz ustelduko zarete.

Arturo Seisdedosek zalantza keinua egin zuen, nazkaren eta asperduraren artekoa. Aldeetara mugitu zuen burua, aire sanoago baten xerka gehiegizko hezetasun haren gainetik. Emakume edadetu bat ikusi zuen, zeuden jacuzzira sartzera zihoana bainujantzi beltz batekin. Konstruktoreak mespretxu aurpegiz begiratu zion atsoari, mehatxuka kasik. Honek buelta erdia egin zuen.

–Sosaz ustelduko gara egitasmoaren bigarren zatia gauzatzen bada. Horretarako, 2002ko udal plana aldatu behar duzue, hori bermatu behar didazu.

–Udal plana aldatu… edo ez. Udal plana aldatzea afera mahaiaren gainean paratzea litzateke eta horrek oposizioa piztuko luke. Hatxebekoek berehala muntatuko lukete matraka emateko plataformaren bat.

Angel Santestebanek segundo batzuetako isilunea egin zuen jarraitu baino lehen. Usu egiten zuen moduan, denetan azkarrena zela pentsatu zuen, arrainari igeri irakasten diotenetakoa.

Hasperen luzea egin zuen.

–Beharbada, 2002an onartutakoaren gainean aldaketa txiki batzuk egitea izanen litzateke egokiena.

–Aldaketa txiki… handiak. Hotela eta golf zelairako aski lirateke aldaketa txiki horiek akaso. Bigarren faserako ez. Ohar zaitez 90 unifamiliar eta 15 bifamiliar eraikitzeaz ari garela, gehi 100 pisu libre baino gehiago. 237 etxebizitza berri osotara!

Zalantza keinuak zinegotziaren aurpegira egin zuen salto oraingoan. Konstruktoreak bere arrazoitzearekin segitu zuen.

–Praktikan, 700 edo 800 biztanle inguruko gune urbanistikoaz ari gara. Apustua zinez handia da. Lurren birkalifikatzea bermatu behar didazu bederen.

Pentsakor eta patxadatsu, Angel Santestebanek bertze buelta bat eman zuen uretan, bere tripa iletsua uraren gainetik agerian utziz haragizko burbuila erraldoia bailitzan.

Zalantza egin zuen.

–Mortalenak antzekoa egin nahi izan zuen, eta gibelera egin zuen hondarrean.

–Mortalenaren proiektuan hotela eta golf zelaia ziren soilik. Urbanizaziorik gabe ez zen bideragarria. Gurearen helburu soziala ez da turistikoa, urbanistikoa baizik.

–Eta Tellerian behar du? Ez duzue bertze aukeraren bat baloratu?

–Gartzaingo Telleria jauregia lekurik aproposena da zalantza izpirik gabe –erantzun zion konstruktoreak, nekatzen hasia.

Bi gizonen begiradak gurutzatu egin ziren tentsio unea sortuz. Desafio melodiaren oihartzunak aditu ziren, Mendebalde Urrunean bezala.

Zinegotzia egitasmoaren alde zegoen, edo egon nahi zuen. Areago onura pertsonalen bat ekartzen bazion. Hala ere, konstruktorearen posizioa neurtu nahi zuen. Noraino joateko prest zegoen Ariztigaina S.L. enpresaren jabea? Milizkatuko ote zion uzkia birkalifikatzearen ordainetan?

Angel Santesteban ezin boteretsuagoa sentitu zen. Hortz nikotinatsuak agerian utzi zizkion irriñoa marraztu zitzaion aurpegian.

Indarge eta nagitsu, bertze buelta erdi bat eman zuen ur burbuiladunetan eztabaida itxi baino lehen.

–Ongi da, Arturo maitea, egin salto beldurrik gabe Telleria jauregiko igerilekura. Udalak urez beteko duela ziurtatzen dizut nik.

Arturo Seisdedosek lasaitasun-hasperena egin zuen zinegotziaren arrapostua aditzean. Begiak itxi zituen zinegotziari irribarre bortxatua eskainiz. Segituan, urde alua pentsatu zuen, La Perlan egonaldi eskas bat baino ez duk balio. Zein merke saldu haizen, mixerable halakoa!

Jaitsi aurrerapena (.pdf)

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina