Angela Davis-en biografia

azala_ANGELA DAVIS

Angela Yvonne Davis 1944. urtean sortu zen beltzak ongi etorriak ez ziren Birminghameko (Alabama) auzo batera. Frankek, Angelaren aitak, gasolindegi bat izan zuen irakasle izan aurretik. Angelaren ama Sally ere irakaslea zen, eta biak ala biak, baina batez ere Sally, beltzen eskubideen aldeko ekintzaile sutsuak ziren.

Garai hartan, marra zuri batek bereizten zituen beltzen eta zurien kaleak, eskolak, komunak, iturriak, jatetxeak eta zubiak. Zuriei egun on esanez eta bueltako agurrik jaso gabe eman zuen haurtzaroa.

Beltz izan aurretik Angela Davis ikusezin izan baitzen.

Davistarren auzoa Dynamite Hill izenez egin zen ezagun. Baina auzoak izen hori hartu aurretik iritsi ziren davistarrak hara. Haiek ziren bertan bizi zen beltz familia bakarrenetakoa eta zuriek inbasio beltz baten lehen tanta bezala hartu zituzten. Zuriak handik alde egiten hasi ziren eta beltz gehiago etortzen etxe zaharrak erosi eta berritzera. Halako batean erreberendo beltz bat eta bere emaztea iritsi ziren muino hartara. Eta etxe bat erosi zuten, ez azal kolorearen arabera zegokien lur zatian, baizik eta marraren bestaldera, zurien aldamenean. Keinu hura gerra deklaraziotzat hartu zuten arrazistek. Angelak bost urte zituen bainu bat hartzen ari zela leherketa ikaragarri bat entzun zuenean: oihuak eta nahas-mahasa, jendea batetik bestera lasterka eta heriotza kontuak guztien ahotan. Ondoren jakin zuen erreberendoaren etxea zartarazi zutela. (Irakurri +)