Angela Davis-en biografia

azala_ANGELA DAVIS

Angela Yvonne Davis 1944. urtean sortu zen beltzak ongi etorriak ez ziren Birminghameko (Alabama) auzo batera. Frankek, Angelaren aitak, gasolindegi bat izan zuen irakasle izan aurretik. Angelaren ama Sally ere irakaslea zen, eta biak ala biak, baina batez ere Sally, beltzen eskubideen aldeko ekintzaile sutsuak ziren.

Garai hartan, marra zuri batek bereizten zituen beltzen eta zurien kaleak, eskolak, komunak, iturriak, jatetxeak eta zubiak. Zuriei egun on esanez eta bueltako agurrik jaso gabe eman zuen haurtzaroa.

Beltz izan aurretik Angela Davis ikusezin izan baitzen.

Davistarren auzoa Dynamite Hill izenez egin zen ezagun. Baina auzoak izen hori hartu aurretik iritsi ziren davistarrak hara. Haiek ziren bertan bizi zen beltz familia bakarrenetakoa eta zuriek inbasio beltz baten lehen tanta bezala hartu zituzten. Zuriak handik alde egiten hasi ziren eta beltz gehiago etortzen etxe zaharrak erosi eta berritzera. Halako batean erreberendo beltz bat eta bere emaztea iritsi ziren muino hartara. Eta etxe bat erosi zuten, ez azal kolorearen arabera zegokien lur zatian, baizik eta marraren bestaldera, zurien aldamenean. Keinu hura gerra deklaraziotzat hartu zuten arrazistek. Angelak bost urte zituen bainu bat hartzen ari zela leherketa ikaragarri bat entzun zuenean: oihuak eta nahas-mahasa, jendea batetik bestera lasterka eta heriotza kontuak guztien ahotan. Ondoren jakin zuen erreberendoaren etxea zartarazi zutela.

Aurrerantzean, zuriek beltzak auzotik uxatzeko erabili zituzten bonbak maiz, hain maiz non Dynamite Hill izena jarri baitzioten auzuneari.

1974an idatzitako autobiografian Davisek gogoratzen du garai hartan beldurra ukigarria zela, indarkeriarekin egiten zuela estropezu nonahi, gurasoak etengabe ari zirela zelatan inork minik egin ez ziezaien, pistolak gordetzen zituztela etxean haien burua babesteko.

Angelak 17 urte zituenean eta bere ahizpa Faniak 13, beltzek sarrera debekatuta zuten zapata-denda batera hurbildu ziren frantses perfektuan hitz eginez. Orduan, dendariak, beltzik onartzen ez zen denda hartara sartzeko eskatu zien, eta adeitasun handiz, aulki bat, zapata sorta ederra eta klasea eskaini. Istant batez oinperatutako dendari zuriak paristarrak ote ziren galdetu zienean, Angelak, Alabamako ingeles perfektuan “hemengoak gara” erantzun zion, kolorea berreskuratuz.

Beltz izan aurretik Angela Davis zuri izan baitzen.

Atzerritartu bertakotzeko. Eta bertakotzeko atzerriratu: 1962an Brandeiseko (Massachusetts) unibertsitatean frantsesez ikasteko beka bat eskuratu zuen, eta han irakurri zituen lehenengo aldiz Simone de Beauvoir, Jean-Paul Sartre eta Albert Camus, eta bertatik bertara ezagutu James Baldwin eta Herbert Marcuse. Handik urte askotara esango zuen azken honi ikasi ziola aldi berean izan daitekeela norbait aktibista, akademiko, aditu eta iraultzaile.

Ikasturte hartan, Davisek bidaia bat egin zuen Europan zehar. Parisen, frantsesen arrazismoa pairatzeaz gain, Aljeriaren independentziaren aldeko ekimenetan parte hartu zuen. Sorbonako plazan egiten ari zen protestaldi batean zegoen poliziak manifestariak mangerekin sakabanatu zituenean. Orduko hartan idatzi zuen polizia haiek antz handiegia zutela segregazioaren kontrako ekintzaile ziren Freedom Riders-ak mangera eta zakurrekin geldiarazi nahi zituzten AEBetako poliziekin.

Gutxika-gutxika baina tai gabe zapalkuntza ugari eta anitzak Angela Davisen gorputzean harilkatuz joan ziren, konstelazio bat sortuz.

Paris atzean utzi eta Biarritzera joan zen. Han zegoela jakin zuen zuriek bonba bat eztandarazi zutela bere auzoan 14 urteko lau neskato beltz akabatuz, tartean Faniaren lagun min bat.

Orduan, ikusezin eta txuri izan ondotik, Angela Davis beltz bilakatu zen, betiko.

1965.urtean Alemaniara joan zen Theodor Adornorekin ikastera, eta bertan bi urte eman eta gero, Estatu Batuetara itzuli zen Herbet Marcuserekin tesia amaitzera.

Edonola ere, Marcuserekin tesia amaitzea ez zen Estatu Batuetara itzuli izanaren arrazoi bakarra: geroz eta antolatuagoak eta erakargarriagoak ziren beltzen eskubideen aldeko mugimenduen berri jarraitu zuen Europatik eta bertan hartu nahi zuen parte. Hala, Estatu Batuetara iristean Alderdi Komunistan eta Pantera Beltzen alderdian sartu zen. 1967-68 urteen bueltan gaude.

Hogeita sei urte zituela filosofian katedradun zen eta Los Angeleseko California unibertsitatean irakasle lanetan hasi zen Marcuseri ikasitakoa biziberrituz: handik gutxira, Davis, Soledad anaien aldeko sostengu batzordeko kide egin zen. Jendarte beltza ez ezik, jendarte zabalagoa astindu zuen Soledad Brothers kasua deitutakoak: hiru pantera beltz tiroz akabatu zituen espetxe zaindariaren hilketa justifikatutzat jo zuen Estatuak. Epai hau jakinarazi eta ordu erdira espetxe zaindari zuri bat hilda agertu zen Californiako Soledad espetxean eta, mendekua izan zelakoan, hiru preso pantera beltz jo zituzten erruduntzat, heriotza zigorrera kondenatuz. Oso azkar, Angela Davis sostengu batzordeko kide izatetik akusatu izatera pasa zen, lau hildako utzi zituen presoon ihes saiakera antolatzea leporatuta. FBIk jazarria, bi hilabete eman zituen ezkutuan New Yorkeko motel batean atzeman zuten arte. Gerora ezagun egin diren adierazpen batzuk, 1972an kartzelan egindako elkarrizketari zor dizkiogu. Kazetariak indarkeriaren alde ote dagoen galdetzen dionean, Davis asaldatu egiten da, esanez nola den posible berari horrelakorik galdetzea, lagunak arrazistek jarritako bonben eraginez galdu dituenean, berak umetatik pairatu duenean indarkeria: “Norbaitek indarkeriari buruz galdetzen didanean burura datorkit pertsona horrek ez dakiela ezer beltz izateari buruz”.

Beste garai bat zen, eta agian horregatik, kasu honek hautsak harrotu zituen: Nina Simone, Angela Davisi bisitan joan zitzaion espetxera, puxika gorri bat eskuan zeramala eta Aretha Franklin bere fidantza ordaintzeko prest agertu zen, Rolling Stonesek Sweet Black Angel kantua egin zioten, Yoko Onok eta John Lennonek Angela izenekoa eta Bob Dylanek Soledad anaietako bati eskaini zion George Jackson abestia. San Quentingo espetxean erail zuten guardiek George Jackson, tiroka. 1971. urtea zen. Angela Davis eta bera maitaleak ziren.
Epaitu ondotik Davis libre utzi zuten arren, Ronald Reaganek galarazi egin nahi izan zion Estatuko unibertsitateetan irakasten jarraitzea.

1980. eta 1984. urteetako AEBetako lehendakaritzarako hauteskundeetan, lehendakariorderako hautagai izan zen Alderdi Komunistaren eskutik. 1994 eta 1977 artean California unibertsitateako Ikasketa Afroamerikar eta Feministak saileko irakasle katedradun izan zen. Halaber, Kontzientziaren Historia saileko irakasle emeritua da, besteak beste, Donna Harawayrekin taldea osatuz.

 Irakeko gerraren kontrako ekintzaile sutsua, Palestinarekiko elkartasun mugimenduan aritua eta euskal preso politikoen aldeko ekimenekin engaiatua, gaur egun kartzela industria eta heriotza zigorra dira bere borroka gai nagusiak.

Angela Davis, emakume feminista lesbianoa (1997an egin zuen outing-a Out aldizkarian), komunista eta pantera beltza. Ez dira gutxi gorputz batek aterpetu ditzakeen bortxak; ez dira gutxi gorputz batek bortxa horiei aurre egiteko har ditzakeen armak. Gorputza guda-zelai eta lubaki.

 

Eider Rodriguez

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina