Zuhaitzen eta hegaztien gidak euskaraz

Gidaliburu bi dakartza Sua Edizioak argitaletxeak euskaraz, zuhaitzena eta hegaztiena alegia. Liburuotan daude Euskal Herriko espezie nagusiak, dagozkien azalpen guztiekin hornituta eta, identifikazioa errazteko asmoz, ilustrazio bikainez lagunduta. Bakoitza bere arloan, Euskal Herriko gidarik osatuenak dira.

Sua Edizioak argitaletxearen aspaldiko nahikaria zen. Eta zaletu euskaldun askoren eskakizuna ere bazen. Orain gauzatu da. Hemen dira zuhaitzen eta hegaztien gidak, euskaraz. Bakoitza bere arloan informazio ona eta oso erabilgarria ematera dator, zaletuen gurariak eta ikasi nahi dutenen beharrizanak betetzera.

Zuhaitzen gidaliburuak Euskal Herrian hazten diren espezieak batu ditu, hala autoktonotzat jotzen direnak, nola kanpotik etorrita bertakotu egin direnak. Orotara, gida honetan ehun espezie aurkituko ditu irakurleak, zuhaitz eta zuhaixka. Horien bidez, gure oihan, mendi, ibar, itsasertz eta ibaiertzetako arbolak ezagutu ahal izango ditugu.

Espezie bakoitzaren gaineko informazio zehatza dakar liburuak. Besteak beste, izen zientifikoa, izen arruntak (euskaraz eta erdaraz), etimologia, deskribapen botaniko zehatza, bizileku motak, Euskal Herrian espezieak daukan hedadura, jarduera ekonomikoetarako eta medikuntzarako eduki dituen erabilerak… Hiztegi botaniko laburra eta medikuntzari buruzko ohar sorta bat ere eskaintzen zaio irakurleari. (Irakurri +)