Zuhaitzen eta hegaztien gidak euskaraz

Gidaliburu bi dakartza Sua Edizioak argitaletxeak euskaraz, zuhaitzena eta hegaztiena alegia. Liburuotan daude Euskal Herriko espezie nagusiak, dagozkien azalpen guztiekin hornituta eta, identifikazioa errazteko asmoz, ilustrazio bikainez lagunduta. Bakoitza bere arloan, Euskal Herriko gidarik osatuenak dira.

Sua Edizioak argitaletxearen aspaldiko nahikaria zen. Eta zaletu euskaldun askoren eskakizuna ere bazen. Orain gauzatu da. Hemen dira zuhaitzen eta hegaztien gidak, euskaraz. Bakoitza bere arloan informazio ona eta oso erabilgarria ematera dator, zaletuen gurariak eta ikasi nahi dutenen beharrizanak betetzera.

Zuhaitzen gidaliburuak Euskal Herrian hazten diren espezieak batu ditu, hala autoktonotzat jotzen direnak, nola kanpotik etorrita bertakotu egin direnak. Orotara, gida honetan ehun espezie aurkituko ditu irakurleak, zuhaitz eta zuhaixka. Horien bidez, gure oihan, mendi, ibar, itsasertz eta ibaiertzetako arbolak ezagutu ahal izango ditugu.

Espezie bakoitzaren gaineko informazio zehatza dakar liburuak. Besteak beste, izen zientifikoa, izen arruntak (euskaraz eta erdaraz), etimologia, deskribapen botaniko zehatza, bizileku motak, Euskal Herrian espezieak daukan hedadura, jarduera ekonomikoetarako eta medikuntzarako eduki dituen erabilerak… Hiztegi botaniko laburra eta medikuntzari buruzko ohar sorta bat ere eskaintzen zaio irakurleari.

Hegaztien gidaliburuak, bere aldetik, 220 espezie aurkezten dizkio irakurleari, Euskal Herrian habia egin, negua eman edo migrazioan doazela atsedena hartzeko geldialdia egiten duten hegaztirik nabarmenenak. Espezie bakoitzaren deskribapenaz gain, hegan egiteko modua, kantua, bizilekuak eta ohiturak bildu ditu liburuak. Gehien ibiltzen diren lekuak ageri dira, baita espeziearen egoera ere: desagertzeko arriskuan dauden, babesik ba ote duten, bereziak diren…

 

ILUSTRAZIOAK
Hala hegaztien liburuan nola zuhaitzen gidan, atal grafikoa erantsi zaio espezie bakoitzari, identifikazioa errazte aldera. Bereziki garrantzitsua da hegaztien kasuan, adinaren, sexuaren edo sasoiaren arabera aldatzen direlako eta hegan egiten doazenean marrazten duten profila ere jaso duelako liburuak. Marrazki bikainak dira, Calros Silvar adituaren eskutik jaiotakoak. Testuei dagokienez, Xoxe M. Penas eta Carlos Pedreira ornitologoek (hegaztiak) eta Henrique Niño Ricoi naturalistak (zuhaitzak) idatzi dituzte testu nagusiak. Lan hauen jatorria Baia Edicions argitaletxeak Galiziarako argitaratu zituen gidetan dago. Sua Edizioak argitaletxeak Euskal Herrirako moldatu, egokitu eta osatu ditu.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina