MENDI-JOAK

Mendi-joak liburua osatzen duten narrazioak oso anitzak dira. Bakoitzak badu bere giroa, bere tokia, bere istorioa eta bere pertsonaiak. Mendi txango sorta moduko bat da. Denak desberdinak, baina denak argazki album bereko atalak. 

Liburu honetako protagonistek ez dute izugarrizko abentura epikorik bizitzen. Mendizale arruntak dira, ni bezalakoak. Edo besteak mendira doazen bitartean etxean gelditzen direnak dira, ni bezala. Horregatik, agian, gustatu zait hainbeste. 

Aingeru Epaltza kazetari eta idazle iruindarra trebea da idazten. Gero eta trebeagoa, esanen nuke nik. Euskara ederra eta bertako hitz eta esamoldeak ibiltzen ditu, baina irakurle arruntari zangotraba gehiegi jarri gabe, eta hori eskertzekoa da beti. 

Orrialde hauetan izerdia, nekea, oinazea, oroitzapenak eta ilusio zapuztuak aurkituko ditugu, baina baita sexu grina, pasioa eta naturaren goxotasuna ere. Eta umore garratza. Horren adibide, lehen narrazioan foruzain gazte bati gertatzen zaiona. Protagonista Ander da etxean eta Andrés lantokian. Bere nagusiek ez dakite euskalduna dela. Ez die esan, badaezpada ere. Euskaraz jakiteak ez du puntu gehiegi ematen hemen lana bilatzeko orduan, baina aldaketa aurreko Nafarroan kaltegarri eta guzti izan liteke hainbat postutarako lehiatzerakoan. Beraz, hobe isiltzea. Hala bizi zen Ander egun batez kasu baten ikerketan, kaboaren aurrean, euskara erabili zuten arte. Espediente bat ireki zioten, ez euskalduna izateagatik (nahiz eta hori izan benetako arrazoia), curriculumean ‘informazioa eskuratzeagatik’ baizik. 

Lerro hauetan beste pertsonaia asko ezagutuko ditugu: 129 euro ordaindu zituen gizona, goizaldeko 4:30ean jaikitzen diren mendizaleak teorian mendira joateko, mendizale hil berriari agur esateko biltzen diren lagunak eta haren semea eta honen neska laguna, Marokora doazen bidaiariak eta Aksim gaztetxoa… Biziki interesgarria. 

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina