Telesforo Monzon, aristokrata burujabea

Telesforo Monzon (1904-1981), Bergaran jaiotako aristokrata eta politikariari buruzko biografia mamitsua idatzi du Pako Sudupek. Telesforo Mozon, aristokrata abertzalea – EAJtik HBra: bilakaera politiko-kulturala (Txertoa) izenburupean, haren ibilbidea ez ezik, XX. mendeko Euskal Herriko historia eta politika ezagutu eta ulertzeko liburu gomendagarria, gerra aurretik hasi eta ia-ia egundaino.

Zergatik Telesforo Monzon? Zerk erakarri zaitu biografia bat idazteraino?

Lehen ideia Txillardegiri buruzko lana egiten ari nintzela etorri zitzaidan. 1957an edo ezagutu zuenean Donibane Lohizuneko Mende Berrin, Txillardegiri aristokrata bat iruditu zitzaion; aristokrata hiru bat neskame euskaldunek zerbitzatu zietelako bazkaria, aristokrata janzten zen moduagatik eta bere izaera nobleagatik, zituen lagunengatik, esaterako, Manu Sota, oso british janzten zena…; eta aldi berean, benetako abertzalea: Ipar eta Hegoak bat egin eta euskal estatu euskaldunaren aldeko benetako abertzalea; hala adierazi zuen Txillardegik hura hil zenean.

Nola laburtuko zenuke haren figura eta ibilbidea?

Arbaso karlista-monarkiko espainiarretatik Eusko Alderdi Jeltzalera pasa zen modu erromantiko ez-pragmatikoan, Jaungoikoaren eta hark egindako Euskal Herriaren alderako maitasunak eraginik, eta espainiar eskuindar eta ezkertiarren espainolismo inposatzailearekin nazka-nazka eginda. Eta, ondoren, beren bizia emateko prest zeuden etakideen alderako lerratze sentimentalak barru-barrutik bultzaturik, hitzezko borroka latz-arriskutsu-higatzailean zuen guztia emateraino, Herri Batasuneko mahai nazionaleko zenbaitekin bat-bat eginik. (Irakurri +)