Telesforo Monzon, aristokrata burujabea

Telesforo Monzon (1904-1981), Bergaran jaiotako aristokrata eta politikariari buruzko biografia mamitsua idatzi du Pako Sudupek. Telesforo Mozon, aristokrata abertzalea – EAJtik HBra: bilakaera politiko-kulturala (Txertoa) izenburupean, haren ibilbidea ez ezik, XX. mendeko Euskal Herriko historia eta politika ezagutu eta ulertzeko liburu gomendagarria, gerra aurretik hasi eta ia-ia egundaino.

Zergatik Telesforo Monzon? Zerk erakarri zaitu biografia bat idazteraino?

Lehen ideia Txillardegiri buruzko lana egiten ari nintzela etorri zitzaidan. 1957an edo ezagutu zuenean Donibane Lohizuneko Mende Berrin, Txillardegiri aristokrata bat iruditu zitzaion; aristokrata hiru bat neskame euskaldunek zerbitzatu zietelako bazkaria, aristokrata janzten zen moduagatik eta bere izaera nobleagatik, zituen lagunengatik, esaterako, Manu Sota, oso british janzten zena…; eta aldi berean, benetako abertzalea: Ipar eta Hegoak bat egin eta euskal estatu euskaldunaren aldeko benetako abertzalea; hala adierazi zuen Txillardegik hura hil zenean.

Nola laburtuko zenuke haren figura eta ibilbidea?

Arbaso karlista-monarkiko espainiarretatik Eusko Alderdi Jeltzalera pasa zen modu erromantiko ez-pragmatikoan, Jaungoikoaren eta hark egindako Euskal Herriaren alderako maitasunak eraginik, eta espainiar eskuindar eta ezkertiarren espainolismo inposatzailearekin nazka-nazka eginda. Eta, ondoren, beren bizia emateko prest zeuden etakideen alderako lerratze sentimentalak barru-barrutik bultzaturik, hitzezko borroka latz-arriskutsu-higatzailean zuen guztia emateraino, Herri Batasuneko mahai nazionaleko zenbaitekin bat-bat eginik.

Haren bizitza eta ibilbide politikoa aztertu dituzularik, zerk eman dizu atentzioa bereziki?

Ondo bizitzea gustuko izanagatik, eta ondo bizitzea bere esku izanagatik, eta ondo bizitzen jakinagatik, nola atxiki zuen konpromiso abertzale zaila eta latza harik eta hil zen arte.

Jatorri karlista-monarkikotik jeltzaletasunera, abertzale sutsua izanik, ondoren, Herri Batasunera. Haren ibilbidea bitxia izan zela izan daiteke.

Hain bitxia ere! Bakarra eta bakana izan zela esango nuke, gutxi batzuekin zenbait ezaugarri partekaturik.

Euskaldun berria izan zela esan daiteke neurri baten. Eta bere burua euskaldundurik, euskaraz hitz egiten eta euskara aldarrikatzen zuen nonahi. Horretan ere, eta garai hartan, ezohikoa bere jarrera.

Oso euskara diglosikoa jaso zuen etxean; aitak euskaraz egiten zion eta senideen artean ere egiten zuten baina bederatzi urte zituela hil zitzaion aita -amak ez zekien-, eta gurasoek euren artean eta euren klaseko jendearekin gaztelaniaz edo frantsesez egiten zuten, Donibane Lohizunen eta. Berak ere gehiago landu zituen gaztelania eta frantsesa gaztetan, baina laster sentitu zen abertzale, eta abertzaletasuna eta euskaltzaletasuna elkarri josi-josirik atxiki zituen, eta azken artikuluan ere Euskal Herri euskalduna aldarrikatu zuen.

Jose Antonio Agirre, Manuel Irujo eta Telesforo Mozon garai bateko euskal politikaririk garrantzitsuenak izan ziren, bereziki, hizlari arrakastatsuenak, eta lagun minak, gainera. Zer nabarmenduko zenuke garai hartako politiko haiengandik?

Nafarroan berrogeita hamar bat hitzaldi egin zituzten Espainiako II. Errepublikaldian, eta Madrileko Kongresuan Calvo Sotelok euskal abertzaletasunaren aurka eginiko hitzaldi gogor bezain txalotuari, hirurek erantzun zioten ausardiaz. Jose Antonio Agirrek eta Telesforo Monzonek oso harreman ona eta estua izan zuten beti; bereziki Ameriketan zirela; Agirre New Yorken eta Monzon Mexikon, erbesteko Eusko Jaurlaritzaren ordezkari. Donibane Lohizunen bizi zela, biekin egon ohi zen Monzon maiz, bai Agirre eta bai Irujorekin ere. Nafarrarekin ere adiskidetasun harreman handia izan zuen. Garai asaldatuan bizi izan ziren, bi gerra handi tarteko, eta beste itzal bat lortu zuten; ez ziren egungoen moduko politikari, funtsean, kudeatzaileak izan; garaia ere halakoa egokitu zitzaien!

Zergatik aldendu zen EAJtik?

Bi arrazoi nagusi eman zituen: 1. euskara eta euskal kultura Jaurlaritzak ez zituela behar beste bultzatzen; eta 2. espainiar errepublikaren legitimitateari lotuegi zegoela Jaurlaritza eta Alderdia. Batez ere Eusko Jaurlaritzako ordezkari sozialistekin izandako ika-mikek fedea galarazi zioten Jaurlaritzaren politikan, nik uste, eta gobernukide jelkideak haien menpekoegi ikusten zituen.

EAJ Telesfororen izena eta izana baztertzen eta zikintzen saiatu dela iradokitzen duzu.

Bai, ez dut izenik eman nahi -testuan azaltzen da baten bat-, baina oso garbi ikusi dut hori lanean. Ezin onartu bere jokabidea, ezin onartu EAJko kide izan zela berrogeita zazpi urtez eta kide gailena, itzal handikoa; ezin onartu, jakina, Herri Batasunera igaro izana. Baina berak ez zion inoiz bere jelkidetasunari uko egin, Herri Batasunan ere Jaungoikoaren eta Euskadiren askatasunaren aldeko jarraitu zuen.

Zein puntutaraino izan zen garrantzitsua Telesforo Monzon XX. mendeko politikan?

EAJra jende asko erakarri zuen 36ko gerraurrean egindako berrehun eta berrogeita hamar hitzaldi baino gehiagorekin, eta Herri Batasunera ere bai azken urteetan. Gainera, Ipar-Hego bat eginda, euskal estatu euskaldunaren aldeko erreferente nagusietako bat izan da.

Ahazturan erortzeko zorian dauden euskal figura politikoen aldarrikapen bat dago lan honen azpian. Horren beharra ikusten al duzu?

Autogobernu ekonomikoa badugu zorioneko kontzertuari eta Nafarroan ekarpenari esker, eta Iparraldean delako elkargoarekin, baina politikoki eta kulturalki oso menpekoak gara, batez ere hizkuntzari dagokionez, kolonizatuak eta asimilatuak. Susa-k astero bidaltzen dit euskarazko literatur agenda, eta astebetean badaude berrogei bat literatur ekitaldi. Bada zerbait, oso ondo dago, baina askoz gehiago behar da, eta oso beharrezkoa abertzaletasun linguistiko-kulturalean erreferenteak izan ditugunak ondo ezagutzea, gure egungo egoera linguistiko-kulturala hobeki ezagutzeko eta egungo beharrei hobeki erantzuteko.

Biografia honetan dokumentazio lan handia dago. Zein iturri erabili dituzu?

Batez ere Euskadiko Artxibo Historikoa eta Bergarako Olaso Fundazioa. Alde horretatik ere badago zeregina; kosta egiten da gisa honetako lanak egitea gure figura handi hauei buruzko dokumentazioa sakabanatua eta eskuragaitz dagoelako hainbatetan. Liburutegi nazional on bat izateak lana erraztuko liguke.

Eta argazkiak?

Lortutako argazkiekin oso kontent nago. Jantzi egiten dute testua. Testua da axola handiena duena baina argazkiak osagarri moduan oso ondo datoz. Olaso Fundazioak, Euskadiko Artxibo Historikoak, Kutxatekak eta Iñaki Egañak utzi dizkigute. Eskertzekoa da.

Euskal Herriko XX. mendeko historian garrantzitsuak izan diren pertsonen biografiak lantzen diharduzu joandaneko urteetan. Zergatik? Zein izango da hurrengoa? Zerbait faltan botatzen al duzu?

Funtsean, euskal kezka linguistiko-kultural horrek narama gisa honetako lanetara, azken berrehun urteko kolonizazioak ekarri digun asimilazio espainol-frantses horrek indartsu jarraitzen duen kontzientziak horren aurka egitera bultzatzen nau. Zehatzago, hasi batekin eta hark beste batera narama. Hasi Txillardegirekin eta hark Telesforo Monzonengana eraman nau; eta Telesforo Monzonek Martin Ugalderengana; biak alde batera oso hurbil, eta jokabide batzuetan oso urrun. Esan beharrik ez dago, iristen den baino jende gehiagorengana iristea nahiko nukeela.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina