
Joxemari Sors (elkar Fundazioaren lehendakaria), Iñaki Egaña (Euskal Memoria Fundazioa), MA Kolektiboa
Ibilbideari elkar sariaren irabazlea Euskal Memoria Fundazioa izan da aurten
MA kolektiboak Joseba Jaka beka jaso du
Bart elkar sarien hirugarren emate ekitaldia ospatu zen Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. elkar Taldeko Zuzendaritzako eta elkar Fundazioko Batzorde Eragileko kideak ekitaldira inguratu ziren hainbat gonbidatuak hartu zituzten arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Bertan izan ziren, besteak beste, Aitziber Atorrasagasti (Eusko Jaurlaritza, Kultura saila), Erein argitaletxeko Iñaki Aldekoa, Inaxio Mujika eta Idoia Gonzalez, Alberdaniako Jorge Jimenez, Leire Cancio (Elhuyar), Jose Mari Esparza (Txalaparta), Xabier Mendiguren Bereziartu, Edu Barinaga (ETB), Luix Intxauspe (Udalbiltza), Imanol Esnaola (Gaindegia), Koldo Amezketa (EA), Martxelo Otamendi (Berria), Mikel Arregi (Nafarroako Gobernua), Estibaliz Alkorta (Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza sustapenerako zuzendaria) eta Paul Bilbao (Kontseilua, Idazkari nagusia).
Kultur ekimena laguntzea da egitasmo honen helburu nagusia, baina baita, komunikazio ikuspegi batetik, elkar egiten ari den lana ezagutzera eman eta Euskal Herriko eragileekin batera partekatzea ere.
Aurtengoan Ibilbideari elkar saria eta Joseba jaka beka banatu dira. Lehena urtero emango da eta bestea bi urtetik behin. (Irakurri +)
Euskal Memoria Fundazioa saritzea erabaki du aurten elkar Fundazioak, hark egiten duen lana ere herri honentzat ezinbesteko ekarpena dela baloratzen dugulako.
Euskal Memoria Fundazioaren aurkezpenean irakur daiteke oroimena bildu eta zabaltzeko sortu zela, “geure historia guk geuk kontatzeko asmoz”, diote hitzez hitz. Memoria historikoa errekuperatu eta ondorengoen eskura jarri nahi dute Euskal Herritik bertatik, bertakoen bidez landuta.
Bi balio ikusten ditu hor elkar Fundazioak, bere egiten dituenak eta oso garrantzitsu jotzen dituenak. Batetik, geure buruaren jabe izateko ahalegina, garrantzitsua baiteritzogu Euskal Herrian gai izatea zer izan nahi dugun erabakitzeaz gain, zer izan garen eta zer gertatu den irakurri, ulertu eta zabaltzeko gai izatea. Bestetik, transmisioa, herri honen historia eta kultura guk geuk zabaldu behar dugu ondorengoen artean, eta bide horretan garrantzi handikoa da Euskal Memoria Fundazioaren ekarpena.
Eta ez da asmo soila, hartutako konpromisoari eutsiz, urtero liburu bat argitaratzen dute eta bi aldizkari, egindako lana gizarteratzeko helburuarekin.
Egiten ari den lanagatik, eta jarraipen luzea izan dezan esperantzarekin, 2018ko Ibilbideari elkar saria, Euskal Memoria Fundazioarentzat.