2018ko elkar sariak banatu dira

Joxemari Sors (elkar Fundazioaren lehendakaria), Iñaki Egaña (Euskal Memoria Fundazioa), MA Kolektiboa

Ibilbideari elkar sariaren irabazlea  Euskal Memoria Fundazioa izan da aurten

MA kolektiboak Joseba Jaka beka jaso du

Bart elkar sarien hirugarren emate ekitaldia ospatu zen Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. elkar Taldeko Zuzendaritzako eta elkar Fundazioko Batzorde Eragileko kideak ekitaldira inguratu ziren hainbat gonbidatuak hartu zituzten arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Bertan izan ziren, besteak beste, Aitziber Atorrasagasti (Eusko Jaurlaritza, Kultura saila), Erein argitaletxeko Iñaki Aldekoa, Inaxio Mujika eta Idoia Gonzalez, Alberdaniako Jorge Jimenez, Leire Cancio (Elhuyar), Jose Mari Esparza (Txalaparta), Xabier Mendiguren Bereziartu, Edu Barinaga (ETB), Luix Intxauspe (Udalbiltza), Imanol Esnaola (Gaindegia), Koldo Amezketa (EA), Martxelo Otamendi (Berria),  Mikel Arregi (Nafarroako Gobernua), Estibaliz Alkorta (Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza sustapenerako zuzendaria) eta Paul Bilbao (Kontseilua, Idazkari nagusia). 

Kultur ekimena laguntzea da egitasmo honen helburu nagusia, baina baita, komunikazio ikuspegi batetik, elkar egiten ari den lana ezagutzera eman eta Euskal Herriko eragileekin batera partekatzea ere.

Aurtengoan Ibilbideari elkar saria eta Joseba jaka beka banatu dira. Lehena urtero emango da eta bestea bi urtetik behin.

Joseba Jaka beka

Joseba Jaka beka berriro martxan jarri zenean, ez zen mugatu literatur lanetarako, baizik eta sormen beka gisa eratu zen. Hori dela eta, aurtengo deialdia antzerkia lantzeko izan da. Bederatzi lan aurkeztu ziren deialdira eta Agurtzane Intxaurraga, Iratxe Retolaza eta Jaime Valverdek osatutako epaimahaiak erabaki zuen beka ematea MA kolektiboak aurkeztutako proiektuari, Lua kastore antzezlan proiektuari. Kolektiboko kide diren Eneritz Zeberio, Oihane Enbeita eta Andoni Gartziak jaso dute saria, elkar Fundazioko Oihane Jakaren eskutik. 10.000 euroko laguntza haien proiektua gauza dezaten.
 
Beka emateko erabakia honela arrazoitu du epaimahaiak: “oso berritzailea iruditu zaigu egitasmoa: gaitegian ere berritzailea da (kontzientzia anatomikoa duelako ardatz), baina, batez ere dramaturgia-proposamena da berritzailea, nortasun handiko atmosfera bat sortzea helburu duena, eta komunikatzeko zein eszenaratzeko bide berrietan arakatzea helburu duena”.
 
MA kolektibokoek era honetara aurkeztu dute haien proiektua: “Lua kastore barne bidaia ederra da. Antzerkia, dantza eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen sorkuntza lan poetikoa da. Barne mundua azaleratzeko kode bat planteatzen du, gorputza bera espazio eszeniko bihurtuta. Gugan bizi diren argi eta ilunen adierazle plastikoa. Joskura hautsien jolas erritmikoa da Lua kastore, gizabanako bakoitzak gorputz barruan dituen ahots kontrajarriekin dantzatzeko prest datorrena. Galdera arketipikoak eta intimoak azaleratze ditu, hautura horrek  argibide bat eman edo bide bat argitu dezakeen esperoan.”

Ibilbideari elkar saria

Sari hau Euskal Memoria Fundazioak lortu du aurten. Euskal Memoria Fundazioak  Memoria historikoa errekuperatu eta ondorengoen eskura jarri nahi du Euskal Herritik bertatik, bertakoen bidez landuta.
 
Bi balio ikusten ditu hor elkar Fundazioak, bere egiten dituenak eta oso garrantzitsu jotzen dituenak. Batetik, geure buruaren jabe izateko ahalegina, garrantzitsua baiteritzogu Euskal Herrian gai izatea zer izan nahi dugun erabakitzeaz gain, zer izan garen eta zer gertatu den irakurri, ulertu eta zabaltzeko gai izatea. Bestetik, transmisioa, herri honen historia eta kultura guk geuk zabaldu behar dugu ondorengoen artean, eta bide horretan garrantzi handikoa da Euskal Memoria Fundazioaren ekarpena.
Eta ez da asmo soila, hartutako konpromisoari eutsiz, urtero liburu bat argitaratzen dute eta bi aldizkari, egindako lana gizarteratzeko helburuarekin.

Egiten ari den lanagatik, eta jarraipen luzea zian dezan esperantzarekin, 2918ko Ibilbideari elkar saria, Euskal Memoria Fundazioarentzat. Gotzon Huegun artegile lasartearrak egindako artelana jaso dute sari gisa. Saria Iñaki Egañak, Euskal memoria Fundaziko ordekariak jaso du Joxemari Sors eta Jon Jaka, elkar Fundazioko lehendakaria eta idazkariaren eskutik.

Ekitaldia Joxemari Sors elkar Fundazioko lehendakariak itxi zuen, eta, gogora ekarri zuen elkar Fundazioak berriki aurkeztu duen Euskal Herriko biztanleen irakurketa eta musika ohituren merkatu ikerketa. Azpimarratu zuenenez, kezkatzekoa da euskaldunek euskarazko liburuak irakurtzeko duten ohitura txikia, eta adierazi zuenez, etsipenean erori ordez, euskaldunen multzo hori erakartzea erronka gisa hartu eta horretara jartzea da aurrera egiteko modu bakarra. Azpimarratu zuen euskal sortzaileen artean dagoen maila eta kalitatea inoizko onena dela, eta eskaintza ugaritu eta euskal kulturari ikusgarritasuna ematea planteatu zituen egoera hobetzeko bide gisa. Hala ere, adierazi zuen ikusgarritasunak bakarrik ez duela behar den emaitzarik emango “azterketaren arabera, jendeak euskaraz ez irakurtzeko arrazoi nagusia bada euskaraz irakurtzeko ohitura edo erraztasun falta”. “Euskara ardatz izango duten hizkuntza eta kultura politika eraginkorren beharra” azpimarratu zuen, eta horiek administrazioaren eta eragileen artean egin behar direla adierazi. elkar Fundazioaren prestasuna agertu du bide horretan lanean segitzeko, behar den guztiarekin elkarlanean.

elkar Sarien argazki bilduma

2018.04.19-elkar Sariak 2018 - Andoaingo Martin Ugalden

Bideoak

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin