Iraunkortasuna, herria izan ala ez izan

IraunkortasunaZer ote da iraunkortasuna? Hitzetik hortzera dabilen hitz itsusi hori… Janzteari ekiteko, bere historia, bilakaera eta etorkizunerako bideak poliki azaltzen ditu Roberto Bermejo EHUko Ekonomia Iraunkorreko irakasleak bere Del Desarrollo Sostenible según Brundtland a la sostenibilidad como biomimesis (Hegoa, 2014).

Ea bada, zuri behintzat argi azaltzeko gai naizen. Iraunkortasuna bizilegea da. Bizitza eta bizilegea jendarteari lotuta ulertzen ditut nik. Komunitatearen, herriaren muina da bizilegea. Ikasten hasteko eta jakin badakigula uste duguna zalantzan jartzeko, irakurri Educacion para el desarrollo sostenible UNESCO, Instrumentos para el aprendizaje y la formación, nº4, 2012. Jendartearen kontzientzia da iraunkortasunaren oinarria.

Iraunkortasuna jendartearen muinera ekarrita, eguneroko zenbait kontu ezin uler daitezke, adibidez: euskaldunok bizi dugun maila, munduaren bizkar, noski! Gure etengabeko energia xahuketa, lehengaien iriotea, esklabuek ekoitzitako jakiekin elikatzea, lapurtutako prezioan erositako erregaiak erabiltzea… Irakurri, irakurri Elman Altvaterren El precio del bienestar. Expolio del medio Ambiente y nuevo (des)orden mundial (Edicions Alfons el Magnanim,1994). (Irakurri +)

Bilboko Liburu azoka ekainaren 4tik 14ra

Bilboko azoka

Ekainaren 4tik 14ra, Bilboko Liburu azoka egingo da, urtero bezala Areatzan. Egun horietan zehar, Elkar eta Ttarttalo argitaletxeekin kaleratutako ondorengo idazleak izango dira euren liburuak sinatzen:

MIKEL AYLLON Ez tiro egin anbulantziei
Eguna: ekainak 5, ostirala, 18:00etatik aurrera.
Lekua: Bilboko Areatzan, elkar liburu-dendako erakusmahaian.

KATIXA AGIRRE Atertu arte itxaron
Eguna: ekainak 14, igandea, 12:00etatik 14:00etara.
Lekua: Bilboko Areatzan, elkar liburu-dendako erakusmahaian.

ALEJANDRO FERNÁNDEZ ALDASORO Aversiones
Eguna: ekainak 6, larunbata, 12:00etatik 14:00etara
Lekua: Bilboko Areatzan, elkar liburu-dendako erakusmahaian.

BEGOÑA PRO URIARTE El anillo del leal
Eguna: ekainak 7, igandea, 18:00etatik aurrera
Lekua: Bilboko Areatzan, elkar liburu-dendako erakusmahaian.

Egitarau zabala Zarauzko Literaturian igande arte

Literaturia 2015Lau eguneko egitaraua antolatu dute antolatzaileek Odolean daramagu lelopean eta ardoa gaitzat hartuta egingo den aurtengo Literaturiarako. Liburu-aurkezpenak, errezitaldiak, azoka, etab. izango dira Zarauzko leku ezberdinetan.

Egitarau zabalaren barruan, Elkar argitaletxearekin kaleratu duten ondorengo idazleek euren lanak aurkeztuko dituzte larunbatean, maiatzaren 30ean, Garoa liburu-dendan:

– 11:00. Literatura hiztegi tekniko laburra, Karlos Linazasoro.

– 13:40. Ez tiro egin anbulantziei, Mikel Ayllon.

– 19:00. Gizon gogorraren sekretua, Xabier eta Martin Etxeberria.

 

 

Arrate Egaña, Mikel Zarate sariaren irabazle

Arrate Egaña

Arrate Egañak 2012an kaleratu zuen “Paradisua” liburua. Argazki hau aurkezpen egunean ateratakoa da.

Arrate Egañak idatzitako Patioan kontakizunak irabazi du 2015eko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Antxiñe Mendizabalek osatutako epaimahaiak, eta berak eramango du 3.000 euroko saria. Liburua, berriz, udazkenean kaleratuko du Elkarrek.

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta bosgarren ekitaldia izan da aurtengoa.

19 lan lehiatu dira guztira, eta horien artean Egañak idatzitako ipuina hautatu du epaimahaiak. Patioan izeneko istorio honek neska koxkor bat aurkezten digu, Malen, eskolako jolas-orduan, mutilak patioan futbolean ari direnean, patioaren erdian jartzea erabakitzen duena, hortxe egon nahi duelako. Malenen jarrerak hainbat arazo eta buruhauste sortuko ditu, eta horren aurrean modu batera nahiz bestera erreakzionatu beharko dute irakasleek, ikaskideek, gurasoek… Ausardia erakusten du egileak gaia hautatzean, eta trebezia berau lantzean. Haurrentzako istorio batek eskatzen duen sinpletasunean baina sinplekerian erori gabe. (Irakurri +)

Karlos Linazasoro: “Munduari aurre egiteko salbazio-ohola da ironia”

Karlos-LinazasoroIrakurle sinesbera ohartarazi beharra dago izenburuarekin sobera fida ez dadin: saiakeraz mozorrotutako sormen lana da Literatura hiztegi tekniko laburra (Elkar), teoria eta praktika maisuki uztartzen dituena, umorez eta amorez. Oda bat zer den jakin nahi? Linazasorok definitu eta adibide praktikoa emango dizu gero. Eta horrela, bilduma osatzeraino. Jeneroen arteko bidegurutzean kokaturik, urteak eskaini dizikio bere lanik anbiziotsuena den honi.

Umorea bibrazio moduko bat da zure literaturan.                    

Umore beltza da nirea, Kafka, Mrozek, surrealisten ezpalekoa. Monzó ere oso gustukoa dut, Tavares, Askildsen, Tobias Wolf… Gure herriko umorea oso bestelakoa da, ez da hain gogorra, zirtolariagoa da, bertsolariagoa…

Francis Picabiak zioen ironia dela desesperatuen kortesia.

Konforme nago. Ironia da, niretzat, babesgabeok munduari aurre egiteko aurrean ipintzen dugun horma, salbazio-ohola. Inteligentziaren arma bat da, eta, nire kasuan behintzat, ez du hildakorik uzten bidean; gehienez ere, zauritu arinen bat, neu ere tarteko, jakina. (Irakurri +)

Iñaki Zabaletaren “110. Street-eko geltokia”ren irakurraldia Hendaian

110.streeteko-geltokiaBihar, maiatzak 27, Hendaiako Mediatekan, Iñaki Zabaleta Urkiola idazle leitzarraren 110. Street-eko geltokia eleberri ospetsuaren irakurraldi publiko jarraitua egingo da, eguerdiko ordubietan hasita, arratsera arte.

Bost urte dira Hendaian euskal kulturaren alde diharduen Akelarre taldeak horrelako jendaurreko irakurraldiak antolatzen dituela. Iaz, esate baterako, Joseba Sarrionandiaren Kolosala izango da hautatu zuten irakurtzeko, eta aurten (bosgarren ekitaldian), Zabaletaren nobela.

Iñaki Zabaleta (Leitza, 1952) kazetaritzako irakasle gisa da batez ere ezaguna, besteak beste, baina haren hasierak literaturari lotuak dira. Poesiazko liburu zenbait kaleratu ondoren, 1985ean (orain hogeita hamar urte, beraz) argitaratu zuen bere lehen eta azken nobela den hau: 110. Street-eko geltokia, New Yorken bizi den euskal iheslari baten inguruko istorio poliziako bixi eta guztiz atsegina.

Susa argitaletxean plazaratu zen estreinakoz eleberria, eta bertan eduki zituen hiru edizio. Elkar argitaletxean atera zuen gero, non dagoeneko 70.000 ale inguru saldu baitira, 40 edizio baino gehiagotan, eta horrek bihurtu du euskal literaturaren historia osoko liburu arrakastatsuenetakoa, zinemara ere eraman zutena. Liburuak 25. argitaraldi egin zituenean, editoreek eta egileak goitik behera moldatu zuten testua, Euskaltzaindiaren arauetara egokitzeko, batetik, eta hainbat xehetasun hobetzeko, bestetik. (Irakurri +)