Norbere baitako King Kong hori

Virginie Despentesen liburu mugarria da Eskafandra bildumaren bigarren itzulpena

Virginie Despentesen King Kong teoria euskarara ekarri du Itziar Diez de Ultzurrunek eta Eskafandra bilduma feministak argitaratu, eta horrela bere lekua hartu du Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea klasikoaren ondoan. King Kong teoria saiakerak, feminismoaren baitan, begirada erradikal eta kritiko bat dakar.

King Kong teoria liburu garrantzitsua da feminismoaren baitan. Despentesek 2006an eman zuen argitara, hain zuzen Frantziako Estatu Kontseiluak Baise-moi filma zentsuratu zionetik sei urtera. Eta unean berebiziko arrakasta izan zuen. Ez alferrik, gizonkeriaren kontrako saiakera bortitz bat izateaz gainera, feminismo kontserbadorearen oinarriak durduzarazi dituen liburua da.

Virginie Despentes (Nancy, 1969) idazle eta zinemagile punk eta feminista da. Bere sormen lanean tradizionalki gizonentzako baino ez diren rolak betetzen dituzten emakumeak ageri dira, eta horrekin geure gizarteko tabu eta menperakuntzak begien aurrean jartzea lortzen du. King Kong teoria da bere libururik ezagunena, eta baita feminismoaren baitan mugarri izan direnetako bat. Feminismo kontserbadorearen tabu guztiak erasotzen ditu bertan, dela bortxaketa, dela prostituzioa, dela pornografia; eta baita maskulinitatearen oinarriak leherrarazi ere. Izan ere, Despentesek bere bizipenetatik abiatuta osatu du saiakera hau, hau da, prostituzioan jardun eta bortxatua izan ondotik jabetu zenaren gaineko saiakera gordin eta sakona dakar liburura. (Irakurri +)