Norbere baitako King Kong hori

Virginie Despentesen liburu mugarria da Eskafandra bildumaren bigarren itzulpena

Virginie Despentesen King Kong teoria euskarara ekarri du Itziar Diez de Ultzurrunek eta Eskafandra bilduma feministak argitaratu, eta horrela bere lekua hartu du Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea klasikoaren ondoan. King Kong teoria saiakerak, feminismoaren baitan, begirada erradikal eta kritiko bat dakar.

King Kong teoria liburu garrantzitsua da feminismoaren baitan. Despentesek 2006an eman zuen argitara, hain zuzen Frantziako Estatu Kontseiluak Baise-moi filma zentsuratu zionetik sei urtera. Eta unean berebiziko arrakasta izan zuen. Ez alferrik, gizonkeriaren kontrako saiakera bortitz bat izateaz gainera, feminismo kontserbadorearen oinarriak durduzarazi dituen liburua da.

Virginie Despentes (Nancy, 1969) idazle eta zinemagile punk eta feminista da. Bere sormen lanean tradizionalki gizonentzako baino ez diren rolak betetzen dituzten emakumeak ageri dira, eta horrekin geure gizarteko tabu eta menperakuntzak begien aurrean jartzea lortzen du. King Kong teoria da bere libururik ezagunena, eta baita feminismoaren baitan mugarri izan direnetako bat. Feminismo kontserbadorearen tabu guztiak erasotzen ditu bertan, dela bortxaketa, dela prostituzioa, dela pornografia; eta baita maskulinitatearen oinarriak leherrarazi ere. Izan ere, Despentesek bere bizipenetatik abiatuta osatu du saiakera hau, hau da, prostituzioan jardun eta bortxatua izan ondotik jabetu zenaren gaineko saiakera gordin eta sakona dakar liburura.

Irene Arraratsek hitzaurrean dioen legez, «ez apaingarririk, ez samurbiderik, baizik xuxen akademiakoa izan beharrik ez duen estilo kaletar zuzeneko bat, punken gerrikoak bezain eztenez betea» da Despentesen estiloa eta mamia. Itziar Diez de Ultzurrunek maisuki itzuli du haren saiakera biografikoa.

«XIX. mendean politikoki inposatzen diren genero-ereduen kontrako piztia da King Kong, generoen aurreko kaosa», Arraratsen hitzetan. Zer da baina King Kong? Nor da? Despentesek berak liburuan esaten duen legez, emakume gehienak Kate Moss baino gehiago gara King Kong, eta King Kong izate horretatik idazten du:  «Itsusien baitatik idazten dut, itsusientzat, atsoentzat, marimutilentzat, frigidoentzat, larrutan gaizki jotakoentzat, larrutarako inork nahi ez dituenentzat, histerikoentzat, akastunentzat, neska txintxoaren azoka handitik baztertutako emakume guztientzat. Eta hortik hasiko naiz den-dena argi egon dadin: ez dut barkamenik eskatzen ezertxorengatik, ez nator kexaka. Ez nuke neure lekua aldatuko inoren lekuaren truke, Virginie Despentes izatea kontu interesgarriagoa iruditzen zaidalako beste ezer baino». Norbere baitako King Kong ezagutzeko aukera ematen digun liburu erradikala da honako hau.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina