Bestea bataren lekuan

Duela 70 urte
1949ko ekaina gerraosteko Parisen: hiria borborka, egoste kultural betean. Aldizkari politikoak eskuz esku dabiltza, Les Temps modernesek lau urte daramatza moldiztegietatik kioskorakoa egiten; ikasleen zorroetan taupaka ari dira Marxen, Kafkaren, Camusen, Sartreren, Apollinaireren liburuak; emakumeen bozka eskubidea ez da lortu zaharra, bi hilabete dira esnekien errazionamendua amaitu zela. Salda horretan publikatuko du Simone de Beauvoirrek (1908-1986) kultur giroa irakiten jarriko duen saiakera mardula: Bigarren sexua.


(Irakurri +)

Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen atzo Jakinek

Paulo Agirrebaltzategik, Joseba Intxaustik eta Joan Marti Torrealdaik jaso zuten Urrezko Domina saria “Jakinkide” guztien izenean. Joxe Azurmendik ezin izan zuen ekitaldira azaldu ziatika baten ondorioz baina Alemaniatik bidali zuen eskertza bideoa ikusteko aukera izan zen. Joan Marti Torrealdaik hartu zuen hitza lehenbizi “Jakin euskararen lurralde askean sortu zen, ez inongo probintziatan. Horregatik ulertu izan dugu gure lana, hasieratik, inorena eta guztiena dela, euskaraz izatekotan. Euskaltzale eta herritar guztiekin egoten ahalegindu gara. Kritikoki, maitasunez kritiko”. 

“Euskal kultura eta modernitatea lotzeko egindako lanagatik” jaso zuen Urrezko Domina Jakinek, eta Markel Olano diputatu nagusiak lau ataletan adierazi zuen egin duten ekarpena: «bat, euskarak kultura behar du aurrera egingo badu; bi, kultura horrek moderno, antidogmatiko eta irekia behar du izan, belaunaldi berriei transmitituko bazaie; hiru, unibertsal izateko modu bakarra partikular izatea da; eta lau, partikular izateko nork bere pentsamendu propioa garatu behar du eta mundua nork bere esperientziatik azter-tzeko obligazioa du». 

Ondoren, Jakin aldizkariko kide Alaitz Aizpuruk testu bat irakurri zuen eta jarraian Azurmendiren bideoa ikusteko aukera izan zen. 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

(Irakurri +)

Alardeen barrunbeetara

1990eko hamarraldi hasieran ozendu zuten hainbat andrazkok Irun eta Hondarribiko alardeetan –bi herrietako jaien erakusgarri nagusiak; tradizio aski errotuko usadioak biak– gizonen gisan parte hartzen hasteko eskaria. Kantinera gisara besterik ez zituzten onartzen, eta soldadu jantzita ateratzen hasi nahi zutela esan zuten.

Aldarriak kontrakotasun handia eragin zuen bi herrietan: bortxazkoa ere bai sarritan. Jazarpen giro bortitz horretan nahiari eutsi dioten andre eta gizonen lekukotasunak biltzea izan du helburuetako bat Alardeak, ukatutako plazara liburuak: jazarrien memoria aldarrikatzea. Maite Asensio Lozano eta Arantxa Iraola Alkorta kazetariek hamarnaka lekukotasun bildu dituzte: gordinak horietako asko. Aztertu dituzte, baita ere, zein izan ziren aurkakotasun horren motibo nagusiak; jaien barrunbeak arakatzen ditu horretarako liburuak, gizartean dituzten zuztarrak. Izan ere, oinarrizko galderak erantzun behar dira gatazkaren zioak ulertzeko. Hainbat solaskidek egiten dituzte ekarpenak horretarako: historialariak, antropologoak, herritarrak… (Irakurri +)

Enekoitz Esnaolaren “Luhuso – ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna” liburuaren aurkezpena

Enekoitz Esnaolak Luhuso – ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna kazetaritza-liburua kaleratu du Durangoko azokarako Elkar, Berria eta Jakinek sortutako Aleka bildumaren barruan. Azokaren lehen egunean  Areto Nagusian aurkeztu zuen Martxelo Otamendi lagun zuela:

Zer da Aleka bilduma?

(Irakurri +)

Udaberritik negu beltzera

ekialdehurbilaEkialde Hurbila dauka ardatz Elkar, Jakin eta Berria-ren Aleka bildumaren laugarren liburuak.  

2011n lehertutako iraultza arabiarrak abiapuntu hartuta, hainbat herrialdetako egoera geopolitikoaz aritu dira Mikel Ayestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza kazetariak Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak liburuan, eremu zabal bezain liluragarri eta konplexu horretan gertatzen ari dena ulertzeko gakoak emanez.

“Historiaren lekukoa izatea da kazetariaren lana. Ez gaude hemen gugatik kezkatzeko. Hemen gaude ahal dugun gertuena joateko eta mundu inperfektu honetatik egia ateratzeko eta kontatzeko”. Robert Fisk kazetariaren hitzak ezin aproposagoak dira esku artean dugun liburuan beste hiru kazetarik egin duten ahaleginaz aritzeko. Mikel Ayestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuzak kazetaritza lan zorrotza egin dute ‘Ekialde Hurbila. Muinak eta ertzak’ liburuan. Begirada propioz, lekukotzak jasoz, urrun geratzen zaigun mundu bat gerturatu digute, modu argiz, gatazken jatorriak eta ondorioak aletuz, baina baita gatazken ertzak ere, hegiak, eta, beti, beste ezeren gainetik, ikusitakoa kontatuz. Azken batean, kontakizun bat dakar saiakera honek. (Irakurri +)

Literaktum hitzen hiria izango da gaurtik 25 arte

Gaur hasi eta datorren hilaren 25 arte Literaktum jardunaldia egingo da Donostian. Programazio zabala eta landua aurkeztu dute antolatzaileek. Horren barruan Elkar argitaletxeko ondorengo liburuen aurkezpenak izango dira:

Ekialde hurbila. Muinak eta ertzak (ElkarJakinBerria)
Ane Irazabal – Mikel Ayestaran – Karlos Zurutuza

Aurkezpena: azaroaren 15ean, 19:30ean, San Telmo museoan
Goizean prentsaurrekoa izango da, 12:00etan, elkar aretoan

2011n, itxaropena lehertu egin zen herrialde arabiarretan, askatasun politikoaren eta justizia sozialaren izenean, plazaz plaza zabaldu zen iraultza, mugak zeharkatuz. Baina indarkeriak demokraziak baino azkarrago egin du aurrera. Udaberri Arabiarrak eremu antzu bihurtu dira. Zein da herrialde horien gaur egungo argazkia? Zein testuingurutan piztu ziren iraultzak?

 

Tigre batekin bizi
Harkaitz Cano eta Maite Gurrutxaga (ilustratzailea)

Aurkezpena: azaroaren 16an, 11:30ean, elkar aretoan

Tigre batekin bizi gara, bai; baina ez ditugu elkarren begiak ezagutzen.

Helduentzako ipuin edota poema grafiko bat osatu dute egileek. Metafora iradokitzaile eta indartsu baten bitartez, testuek eta marrazkiek helburutzat dute tigre batekin bizitzeak sorrarazten duen egonezina eta zirrara batetik, eta eragiten dituen hainbat galdera argitara ekartzea bestetik.