Bestea bataren lekuan

Duela 70 urte
1949ko ekaina gerraosteko Parisen: hiria borborka, egoste kultural betean. Aldizkari politikoak eskuz esku dabiltza, Les Temps modernesek lau urte daramatza moldiztegietatik kioskorakoa egiten; ikasleen zorroetan taupaka ari dira Marxen, Kafkaren, Camusen, Sartreren, Apollinaireren liburuak; emakumeen bozka eskubidea ez da lortu zaharra, bi hilabete dira esnekien errazionamendua amaitu zela. Salda horretan publikatuko du Simone de Beauvoirrek (1908-1986) kultur giroa irakiten jarriko duen saiakera mardula: Bigarren sexua.


Gallimard argitaletxeak eman zuen argitara eta 20.000 ale saldu ziren hiru egunetan. Itzal handiko intelektual zenbaitek –Camusek “gizon frantsesaren aurkako” eraso gogaikarritzat jo zuen– eta Vatikanoak berak berehala gaitzetsi zuten liburua. Ezerk ez zuen eragotzi, ordea, saioa feminismoaren testu fundazional bilakatzea eta erreferentzia izatea ondorengo feminista askorentzat: Kate Milletentzat, Monique Wittigentzat, Adrienne Richentzat… Luze eta zabal landu baitzituen geroko feministentzat funtsezkoak izan diren hainbat gai: emakumezko esentziaren ukazioa,  androzentismoaren kritika, kulturalki eraikitakoaren naturalizazio faltsua, ezkontzaren esklabotza, prostituzioa, borroka kolektiboaren beharra… Hitzetik hortzera aditzen ditugu, ordutik, Beauvoirrek zurian beltz jarritako hainbat aldarri; ezagunena, akaso, honakoa:

“Emakume ez da jaiotzen:
egin egiten da”

Nola bilakatzen da, ordea, gizaki bat emakume? Nola bihurtzen da Bata –unibertsala, maskulinoa, subjektua– Beste –partikular, femenino, objektu–? Zein prozesu psikologiko, historiko, antropologiko, judizial, ekonomiko, afektibo-sexual… behar dira Batetik Beste egiteko? Bestearen bidez Bata finkatzeko? Emakumea eraikiz baino ezin baita eraiki gizona. Gizona ere ez baita jaiotzen: egin egiten da, oposizioz egin ere, emakumearen ifrentzuan: “horregatik, emakumea hain zaio beharrezkoa gizonari bere bozkario eta garaipenerako, non esan baitezakegu emakumerik izan ez balitz gizonek asmatu egingo zutela”, idatzi zuen Beauvoirrek.

Existentzialismoa da autorearen pentsamenduaren oinarria, eta fenomenologiatik ere edan zuen. “Dena dela, ezin konta ahala iturri erabili zituen, eta ondo ezagutzen zuen aurreko feministen edo protofeministen lana: Christine de Pizan, Olympe de Gouges, Mary Wollstonecraft, sufragistak, Virginia Woolf… Gogoeta sakona egin zuen nagusiaren eta esklaboaren dialektikaz ere, eta hori Hegeli hartu zion. Marxen Kapitalak ere eragin handia izan zuen Simonerengan”, baieztatzen du Bigarren sexua euskarari ekarri dion Irene Arrarats itzultzaileak.

Ez da zahartu
Orain arte Besteen odola (Ibaizabal, 2000) baino ez dugu izan Beauvoirren uztatik euskaraz, eta autoreari buruzko biografia bat, Simone de Beauvoir. Emakume libre bat XX. Mendean (Elkar, 2008) Arantxa Agirreurretak idatzia. Parisko lehen edizio hartatik 70 urtera ikasi du Bigarren sexuak euskaraz, eta Irene Arraratsek itzuli eta Eskafandra bilduman argitaratu da Simone de Beauvoirren lanik garrantzitsuena. Autorea hila da, testua ez da zahartu, ordea: “1949ko munduaren ezaugarri asko eta asko hortxe daude, berdin-berdin, eta, gainera, batzuk gaindituak zeudela ematen zuen, baina orain indarberriturik itzultzen ari dira: Simonek ezin argiago aztertu zuen nola lortzen duen patriarkatuak emakumea gizonaren mendekoa izatea, eta arrunt argigarria da
oraindik ere, mekanismo ia guztiek hortxe diraute, nolabait moldaturik eta mozorroturik. Emakumea Bestea da orain ere arlo guztietan, baita berdintasun formala onartzen zaion herrialdeetan
ere”.

Gaur egungo gazteak ere astinduko ditu joan den mendetik datorren haizeak: libreki aukeratutakoa zenbateraino da libreki aukeratua?, zer da emakume izatea?, zein da feminitatea deitzen duten horren muina?, zertarako sortu du patriarkatuak feminitatea?, autonomia ekonomikoa aski da libre izateko?… Begien bistan behar genituzkeen galderak, naturaltasunak sarri estaltzen dizkigunak. “Neska gazteek ezusteko galanta hartuko dute Bigarren sexuarekin. Simoneren analisiak argia ekartzen du gaurko auzi korapilatsu askotan: zirujauaren zehaztasunez sartzen dio bisturia  emakumeen zapalkuntzari. Ideologikoki nahasia eta uherra den garai honetan, argigarria da oinarri-oinarriei erreparatzea, eta hori ematen digu Simonek, oinarri sendoa, muina” dio Arraratsek.

Bestea bataren lekuan jartzen denean hasten da lurrikara, eta adokinen azpian gorputzak daude hareaz gain.

 

BIGARREN SEXUA
Mundu bat bi liburukitan

Bigarren sexuak bi liburuki ditu, eta halaxe argitaratuko da euskaraz ere.
− Egitateak eta mitoak: sarrera bat eta hiru parte ditu: lehenengoak, biologiaren ikuspegia, psikoanalisiarena eta materialismo historikoarena dakartza; bigarrenak, historiaren errepasoa; hirugarrenak, mitoak.
− Bizi izandako esperientzia: sarrera bat, lau parte eta ondorioa. Hauek dira lau parteak: Heziketa (Haurtzaroa, Neska gaztea, Sexu-iniziazioa, Lesbiana); bigarrena, Egoera (Emakume ezkondua,
Ama, Bizimodu soziala, Prostitutak eta hetairak, Helduarotik zahartzarora, Emakumearen egoera eta aiurria); hirugarrena, Justifikazioak (Emakume nartzisista, Emakume maitemindua, Emakume mistikoa); laugarrena, Askapenerantz (Emakume independentea).

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina