Alardeen barrunbeetara

1990eko hamarraldi hasieran ozendu zuten hainbat andrazkok Irun eta Hondarribiko alardeetan –bi herrietako jaien erakusgarri nagusiak; tradizio aski errotuko usadioak biak– gizonen gisan parte hartzen hasteko eskaria. Kantinera gisara besterik ez zituzten onartzen, eta soldadu jantzita ateratzen hasi nahi zutela esan zuten.

Aldarriak kontrakotasun handia eragin zuen bi herrietan: bortxazkoa ere bai sarritan. Jazarpen giro bortitz horretan nahiari eutsi dioten andre eta gizonen lekukotasunak biltzea izan du helburuetako bat Alardeak, ukatutako plazara liburuak: jazarrien memoria aldarrikatzea. Maite Asensio Lozano eta Arantxa Iraola Alkorta kazetariek hamarnaka lekukotasun bildu dituzte: gordinak horietako asko. Aztertu dituzte, baita ere, zein izan ziren aurkakotasun horren motibo nagusiak; jaien barrunbeak arakatzen ditu horretarako liburuak, gizartean dituzten zuztarrak. Izan ere, oinarrizko galderak erantzun behar dira gatazkaren zioak ulertzeko. Hainbat solaskidek egiten dituzte ekarpenak horretarako: historialariak, antropologoak, herritarrak…

Elkarrizketarako bideak urratuta, gatazkaren lehen urteetan, auzitegietara heldu zen auzia, baina horietan izan diren erantzunak beti izan dira kamutsegiak konponbiderako urratsak egiten joateko. Egun, esaterako, oraindik ez dago alarde parekiderik Hondarribian; indartsu dago Jaizkibel konpainia parekidea, baina ezin du desfile nagusian parte hartu. Irunen, berriz, bi desfile egiten dira; bat parekidea, eta bestea andreak soldadu rolean onartzen ez dituena: azken hori da oraindik ere jendetsuena.

Errealitate hori gailendu da instituzio eta alderdi politikoen dikotomia agerikoan. Udal gobernuek ez dute egiten oraindik alarde parekideen aldeko keinurik; aldiz, besteen aldeko jokabideak sarri dituzte. Udaletatik urrunagoko erakundeak, berriz, –Emakunde, Arartekoa…– beti hats eta babes izan dira desfilatu nahi izan duten emakumeentzat. Baita unerik gaitzenetan ere. Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta udalak. Erakunde horietako guztietako ordezkarien iritziak eta testigantzak biltzen ditu liburuak; hainbat sasoi historikotakoak. Alderdi politiko gehientsuenak ere ordezkatuta daude, eta argi-argi antzematen dira auziak horien barruan sortu dituen paradoxak eta zauriak.

Erradiografia ere izan nahi du liburuak: Irun eta Hondarribiko elkarteetan eta eskoletan gatazka nola bizi izan den erakusten du, eta zein den egun egoera. Jendearen erantzunetan, sarri agertu da tabu hitza; baina testigantzak badira erakusten dutenak nola landu duten hainbat tokitan auzia, eta zer gorabehera izan dituzten bidean. Agerikoa da, halaber, ondo baretuta daudela bazterrak garai batetik; keinu itsusiak badira oraindik, baina askoz ere bakanagoak.

Liburuak 80 elkarrizketa baino gehiago –anonimotasunaren abaroan egindakoak horietako batzuk– batzen ditu guztira. Horietako askotan hizpide izan dute konponbidearen gaia. Azken atala, hain justu, oso-osorik dago ardaztuta horren inguruan. Herritar eta eragile askok adierazi dute zer-nolako urratsak irudikatzen dituzten gatazka lubakietatik ateratzen jarraitzeko, eta, apurka-apurka jaiaren izaera bateratzailea berreskuratzen joateko.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina