Alardeen barrunbeetara

1990eko hamarraldi hasieran ozendu zuten hainbat andrazkok Irun eta Hondarribiko alardeetan –bi herrietako jaien erakusgarri nagusiak; tradizio aski errotuko usadioak biak– gizonen gisan parte hartzen hasteko eskaria. Kantinera gisara besterik ez zituzten onartzen, eta soldadu jantzita ateratzen hasi nahi zutela esan zuten.

Aldarriak kontrakotasun handia eragin zuen bi herrietan: bortxazkoa ere bai sarritan. Jazarpen giro bortitz horretan nahiari eutsi dioten andre eta gizonen lekukotasunak biltzea izan du helburuetako bat Alardeak, ukatutako plazara liburuak: jazarrien memoria aldarrikatzea. Maite Asensio Lozano eta Arantxa Iraola Alkorta kazetariek hamarnaka lekukotasun bildu dituzte: gordinak horietako asko. Aztertu dituzte, baita ere, zein izan ziren aurkakotasun horren motibo nagusiak; jaien barrunbeak arakatzen ditu horretarako liburuak, gizartean dituzten zuztarrak. Izan ere, oinarrizko galderak erantzun behar dira gatazkaren zioak ulertzeko. Hainbat solaskidek egiten dituzte ekarpenak horretarako: historialariak, antropologoak, herritarrak… (Irakurri +)