Literaturak egia izan behar du, baita fikzioa denean ere

Emozioa. Sentimenduaren atarian sentitzen dugun bulkada. Pentsamenduak osatu baino lehen gorputzak gutaz dakiena. Hotzikara bat, urdailak bapatean hartzen duen pisua, eztarrian egiten zaigun korapiloa. Buruak gorputza duela uste dugu, agintea, kontrola, esana. Baina gorputzak ere badauka burua; baditu desirak, ezagupenak, intuizioak. Badaki irakurtzen. Baditu bere liburu kutunak.

Hainbat idazle ezagunek idazteari buruz esandakoekin eta emandako aholkuekin osatu nuen duela urte batzuk Aiztoa eta arkatza (Txalaparta, 2013) izeneko liburua. Bertan ageri diren dozenaka aholkuen artean bat aukeratu beharko banu, Stephen King-ena izango litzateke: “idazten duzuna idazten duzula, izan dadila egia”. Bat baino gehiagorentzat bitxia izango da halako aholkua fantasia, terrorea eta misterioa landu dituen idazle baten ahotan, baina argumenturik zoroenek ere, funtzionatuko badute, egia baten metafora izan behar dute. Fikzioaren hegaldiak hauspo hori behar du, ezinbestean, benetan hunkituko bagaitu.

King-en adibidearekin jarraituta, har ditzagun bi adibide, Carrie (Debolsillo, 2016) eta Misery (Debolsillo, 2017), biak ala biak pelikula bikainak izatera iritsi zirenak. King-en lehen eleberrian, Carrie izeneko neskatoak institutu guztiaren kontrako mendekua hartzen zuen, garunarekin objektuak mugitzeko gaitasunari esker. Miseryn, berriz, bere liburuen zaletu psikopata batek, idazle bat ohera lotzen eta bertan lan egitera behartzen zuen, sinetsi ezinezko bortxaz. Lehenak barruan daraman egia nerabezaroaren egia da. Denok dakigu zer den bakarrik sentitzea eta mundua lehertzeko moduko amorrazioaren jabe sentitzea. Bigarren liburuaren egia, ostera, mendekotasuna da. King-ek alkoholari lapatuta eman zituen urteetan adikzio horren esklabo zela sentitu zuen eta presio horrekin idaztean zer sentitzen zuen kontatu nahi izan zuen.

Hobekien funtzionatzen duten argumentuak horrelakoxeak dira, idazlearen barne munduaren proiekzio metaforikoak eta sinbolikoak. Horrela lortzen dute oihartzun hori, hunkigarriak, esanguratsuak edota unibertsalak izateko irakurlearengan sortu behar duten oihartzun hori. Eta idazle batek idazteko arrazoia edo grina behar duenean, egia da eskura izan dezakeen erregairik onena, goizaldeko orduetan esna araziko duena eta esku artean daukan eleberria bukatzen ez duen bitartean haren kateetik ez askatzeko borondatea emango diona. Egiaren bila gabiltzanean itsumustuka ibil gaitezke, nora goazen zehazki jakin gabe, gugan dauden zauri inkontzienteek bultzatuta, agian. Baina beti ibiliko gara norabide zuzenean. Hain zuen, egia hori askatzeko gomendatzen zuen Steinbeck maiteak azkar idaztea, inkonzientearen ateak zabaltzeko.

Bestelako literatura ere badago, jakina. Egiaren bila ibili beharrean, hura ezkutatzeko ahaleginetan dabilena. Izan ere, askotan idazleok ez dugu garen bezala ageri nahi. Ez bakarrik beste modu batekoak izango bagina dirua, ospea edo sariak zain izango genituela uste dugulako, nahiz eta hori ere gertatzen den. Baina hori baino gehiagotan gertatzen da, idazleak ez dakiela nor den eta ez duela jakin nahi. Edo idazleak ez duela den modukoa izan nahi eta irakurleen aurrean beste ni bat sortzen saiatzen dela, bere unibertsoen bidez beste modu batera ikus dezaten.

Kasu horretan aukera ederra galtzen dute idazleak berak eta irakurleek. Ez baitago material hoberik norbere buruarekin autentikoa izatearen borondatea baino. Esperientziak erakutsi dit egia bakoitzak lurrin berezia duela eta gezur ia guztiak oso usain antzekoa. Horregatik maite dut literaturan egia, edozein generotan datorrela ere. Beste ezerk ez nau idazle bezala hobeto gidatu eta irakurle bezala horrenbeste emozionatu material hauskor, iheskor eta hilezkor horrek bezala.

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina