Garazi Arrula: “Sekula ez dugu izan orain bezainbeste ahots euskaraz”

Euskarara Walter Benjamin, Anaïs Nin eta Amélie Nothomb bezalako egileen testuak ekarri ditu Garazi Arrulak. Baina itzuli ez ezik, sortu ere egiten du, Gu orduko haiek ipuin liburuan (Txalaparta, 2017) erakutsi duen bezala. Arlo bietaz elekatu dugu berarekin.

Belaunaldi berri bakoitzak bere gustuak, kezkak eta ikuspegiak ekartzen dizkio literaturari. Ikusten duzu horrelakorik azken urteotan plazaratu zareten idazleen artean?

Ez naiz egokiena azken urteotan plazaraturiko idazleen puntu komunak aletzeko. Ez dakit belaunaldi berri batez mintzatu gaitezkeen ere. Badira taldetxo batzuk; ebideenteena ITU bandaren bueltan bildurikoak dira, ni baino urte batzuk gazteagoak. Posizio geografiko, tenporal eta sinboliko beretik mintzo diren kideak direnez gero, ez da harritzekoa belaunaldi beraren baitan kezka berak azaleratzea; horiek nola gurutzatzen diren, ordea, hamaika molde ager ditzakete paperean.

Identitateak, ikuspegiak, egiak… dena omen da malguagoa eta aldakorragoa aspaldi honetan…

Dena omen zatikatuagoa eta behin-behinekoagoa. Nork dioen. Ziurgabetasunak beti egon dira, orain ere bai; enpleguarekin, esaterako. Eta ziurgabetasunak, oro har, ez ditugu maite; aldi baterako eta neurri bateraino, asko jota. Hala ere, ez nago ados identitate edo egiaren malgutasun itxurazko horrekin; beharbada zeudenak balio ez eta beste egia batzuk bilatuko ditugu, eta horrek ez du esan nahi pisu txikiagoa dutenik.

Itzulpengitzan hasi zinen eta horretan aritzen zara. Munduko literaturak askoz eskuragarriago dauzkate belaunaldi berriek itzulpenei esker zein haien ingeles mailari esker. Aukera ederra da euskararentzat…

Aberasgarria da hizkuntzari beste buelta bat ematen zaiolako itzulpenen bidez, eta corpusa handitu egiten du horrek. Egia da itzulpenak geroz eta gehiago direla, kalitate onekoak, oro har, eta sekula ez dugula izan orain bezainbeste ahots euskaraz. Erdaretara jo beharrik gabe ditugu nobedadeak eta klasikoak. Irakurle potentzialak ere geroz eta gehiago dira. Hala ere, ikusi dugu Elkarrek eta Siadecok eginiko inkesten emaitza.

Eta arriskua ere bada?

Ez dut arriskurik ikusten. Aukera gehiago izanen ditu euskal irakurzaleak. Euskaraz ez badago, erdaretara joko du (euskaraz badago, beharbada ere bai). Hizkuntza gutxituen kasuan, aurrera ez egiteak atzera egitea esan nahi du.

Sare sozialen aro bete-betean, zeintzuk dira idazleek lehenengo urratsak egiteko zailtasun nagusiak?

Nire inguruan entzun dudanaren arabera, zaila da argitaletxe batera ate-joka joatea. Bereziki inorekin kontrastatzeko aukerarik izan ez baduzu. Horregatik da inportantea sare bat izatea, beste begi batzuen kritika eta bermea. Ni ez nabil sare sozialetan, baina esanen nuke leihoa direla hasiberriontzat: aritzeko, konfiantza lantzeko eta norberaren lana ezagutarazteko. Beste zailtasun bat prekarietatea izan daiteke, baina ez dakit zenbateraino den hori berria.

elkar fundazioaren eta Siadecoren ikerketaren emaitzak aipatu dituzu. Zer nabarmenduko zenuke?

Hasteko, ez zuela inor harritu. Berriak ateratako erreportajean, kopuruak lorpentzat ere bazituen soziolinguistaren batek. Hara, argi dago nondik gatozen eta aldagai aunitzek eragiten dutela. Nik dramatzat jo nuen, euskaldun kopurua handituta ere, kontsumoak beherantz egin duelako, bai diskoak erosterakoan bai liburuak edo prentsa irakurtzerakoan. Ez da, baina, autoflagelaziorako motibo; halako azterketek balio dute non gauden ikusi eta hizkuntza- eta kultura-ohiturak nola aldatu hausnartzeko.

Tafalla, Iruñea, Donostia… euskal literatura desberdin ikusten dugu begiratzen dugun lekuaren arabera? 

Zalantzarik gabe. Beste guztia bezala. Kostakoek eta lehorrekook harreman bera ez dugun bezala paisaia, hitz, errepresentazio batzuekiko eta beste batzuekiko; gorputzean eta ekintzetan modu diferentean eraginen digu. Atxikimenduarekin ere zerikusia du horrek. Euskal literaturarekin berdin. Batez ere presentzia ez delako bera, zenbakietatik hasita. Kultura den heinean, egoera soziolinguistikoaren eskutik dabil.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina