London Calling izeneko bere lehendabiziko eleberri honetan Goio Ramosek (Basauri, 1966) 1980ko hamarkadan nerabezarotik helduaroko bidean dabiltzan gazte batzuen gorabeheren berri ematen digu. Urte haietako musikaz blai, protagonisten bizipenen pertsonalekin batera garai hartako egoera soziopolitikoa ere deskribatuko digu basauriarrak, sasoi horren lekuko. Zubikarai bekaren irabazlea izan da, Karmele Mitxelenarekin batera. (Irakurri +)
Bi idazleren artean ex-aequo banatu da aurten Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Hogeita hamabi lan aurkeztu dira guztira, batez besteko oso maila onarekin gainera, eta besteak beste horregatik bi proiektu saritzea erabaki du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak: Karmele Mitxelena oiartzuarraren “Zoriontasuna, edo antzeko zerbait” eta Goio Ramos basauriarraren “London Calling”. Bien artean banatuko da zortzi mila euroko saria, eta bien lanak argitaratuko dira datorren urtean, orain proiektu direnak amaitutakoan. Saria atzo arratsaldean eman zitzaien, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jardunaldien barruan, eta ekitaldi berean aurkeztu zen iazko proposamen irabazlearen emaitza: Patxi Zubizarretak idatzitako “Loak ezkutatzen duena” eleberria. (Irakurri +)