Zorioneko Happy ending batzuk, bukaera zoriontsu ugari eta ondo bukatzen diren liburu asko

Atal honetan bertan esan dut gaur baino lehen zenbat gustatu zitzaidan Katixa Agirreren Amek ez dute (Elkar, 2018). Arrazoi asko daude horretarako baina beste guztien gainetik bat aipatu beharko banu bukaera izango litzateke. Abila, azkarra eta elegantea iruditu zitzaidan. Hilketa izugarri bati buruzko thriller moduan hasten den eleberriak norabide batean darama irakurlea liburu osoan zehar eta azken orrialdeetan argumentuaren korapiloak soka bakar bati tiratuta askatzen dira, amatasunari eta kreazioari buruzko hausnarketa jenial bat egiteko.

Liburu bat ondo bukatu dela diogunean zer esan nahi dugu? Eta zer da bukaera zoriontsu bat? Azken galdera erantzutea errazagoa da, beharbada. Pertsonaiak pozik geratu direla esan nahi izaten dugu. Baina bukaera garratzak onak izan daitezke, irakurle bezala sentitu dezakegu liburua “behar den moduan” bukatu dela. Zeuk jakingo duzu, irakurle, ze eratako liburuak eta bukaerak dituzun nahiago, gorputza esperantzaz beteta uzten dutenak; mukizapia hartuta baina bihotza sentimenduz puztuta bukatzen dituzunak edo ia beste guztiak, bi horien erdian nonbait kokatzen direnak. (Irakurri +)