Zorioneko Happy ending batzuk, bukaera zoriontsu ugari eta ondo bukatzen diren liburu asko

Atal honetan bertan esan dut gaur baino lehen zenbat gustatu zitzaidan Katixa Agirreren Amek ez dute (Elkar, 2018). Arrazoi asko daude horretarako baina beste guztien gainetik bat aipatu beharko banu bukaera izango litzateke. Abila, azkarra eta elegantea iruditu zitzaidan. Hilketa izugarri bati buruzko thriller moduan hasten den eleberriak norabide batean darama irakurlea liburu osoan zehar eta azken orrialdeetan argumentuaren korapiloak soka bakar bati tiratuta askatzen dira, amatasunari eta kreazioari buruzko hausnarketa jenial bat egiteko.

Liburu bat ondo bukatu dela diogunean zer esan nahi dugu? Eta zer da bukaera zoriontsu bat? Azken galdera erantzutea errazagoa da, beharbada. Pertsonaiak pozik geratu direla esan nahi izaten dugu. Baina bukaera garratzak onak izan daitezke, irakurle bezala sentitu dezakegu liburua “behar den moduan” bukatu dela. Zeuk jakingo duzu, irakurle, ze eratako liburuak eta bukaerak dituzun nahiago, gorputza esperantzaz beteta uzten dutenak; mukizapia hartuta baina bihotza sentimenduz puztuta bukatzen dituzunak edo ia beste guztiak, bi horien erdian nonbait kokatzen direnak.

Bada uste duenik bukaera zoriontsuak eskasak direla, berez. Narrazio batek balioa galtzen duela azkeneko orrialdeetan zorion apur bat agertzen bada, happy ending batek irakurlearen ahoa gozotzen badu. Kritikaren alorrean sarri asko irakurri daiteke zenbat galtzen duten sinesgarritasunak, kalitateak eta prestijioak zeremonia literarioaren azken partea eguzkipean egiten badugu, esparru iluminatuan, bizirik gauden bitartean posibilitate guztiak bizirik daudela oroitarazten digun lekuan eta geratzen diren orduek edertasunaren promesa dakarten denbora irredimible horretan. Baina idazleak ez luke inoiz aldez aurretik aukera hori baztertu beharko eta kriminala litzateke irakurleen gustuari dagokion burujabetasunari hain hesi mugatuak jartzea.

Idazleok organikoki pentsatu beharko genuke, narrazioa aldez aurretik era batera edo bestera bortxatu gabe. Argumentuak eskatutako bukaera bada, kontakizunaren bilakaerarekin eta pertsonaien izaerarekin bat datorren modu batean gertatu bada eta sinesgarritasuna badu, egin nahi duguna egin dezakegu. Ahal dela, irakurleak asebetetzeko, esperientzia emozionalean inbertitu
duten denborak merezi izan dutela sentitzeko. Sortu dugun istorioa da modu sakonean nora joan nahi duen eskatzen diguna eta bukaera ona kontakizunak berak eskatzen duena izango da, ezinbestekoa, harrigarria eta naturala dirudiena.

Ez da erraza izaten. Baina literaturan erabakiak onak izan behar dira, ez errazak. Eta bukaerak epaitzeko errazkeriak aplikatu daitezke, zorionari eta zorigaitzari buruzko aurreiritzietan oinarri dutenak, baina hobe izaten da irizpide hobeak aplikatzea. Irakurle moduan geratu zaigun gorputzaren inpresioak esango digu negargurea dugun edo poza eta inpresio horrek berak daki bukaera ona den edo ez.

Zeu zara, irakurle, George Orwellen 1984 (Txalaparta, 2007) jenialaren bukaera terrorifikoa esperimentatuko duena, azalaren zauria zeuk sentituko duzu Pereirak dioenez (Igela, 2006) amaitzerakoan eta zeuk esperantza Ray Bradburyren Fahrenheit 451 (Txalaparta, 2010) gogoangarrian, John Steinbecken Arratoiak eta saguak (Alberdania, 2012) zirraragarrian eta inoiz idatzi den bukaerarik boteretsuenetako batean, Hemingwayren Fiesta! majistralean. Amaiera zoragarri horrek bizitzaren indar suspergarria sentiarazten dizu, jaiotzen ari den mundu berriaren iragarpen bat dirudi, garuneko begiak irekitzen ditu eta esnatuta egon arren esnatu egiten zaitu. Miresgarria.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina