Imanol Urbieta, kantu bihurtu den irria

Imanol UrbietaItsasoa entzuten da nire logelatik, eta azkenaldian abestiak ere etortzen zaizkit, akorde samurrak balira bezala, gauetan olatuek ekartzen duten melodian kulunka. Izan ere, irailaren amaieran geratu zen Imanol Urbietaren bihotza, baina handik egun batzuetara lagunek eta senideek itsasoan zabaldu zituzten musikariaren errautsak, eta harrezkero bakarrik eta libre dabiltzan olatuetan sentitzen ditut Manoloren kantak.

Musikak haurren heziketan duen garrantziaz ohartu zenetik, irakaskuntza eta musika uztartu eta etenik gabe aritu zen haurrei musika irakasten eta haurrentzako abestiak sortzen. Haur kantarien mugimendua sortu zuen, eta 1967an argitaratu zuen haurrentzat euskaraz egindako lehen diskoa: Haur Kantariak. Ordudanik, sugarrak begietaraino zabaltzen zizkion pasioarekin, etenik gabe aritu zen lanean batean eta bestean, euskal kulturgintzarekin lotutako hainbat talde eta ekimenetan. Sormena eta irakaskuntza uztartu zituen, eta musika zabaltzen eman zuen bizitza, Xirula Mirula musika eskola sortuta. (Irakurri +)