Maite Gurrutxagaren ‘Printzesa guztiek dute bere ipuina’ erakusketa Bilbon

Printzesa guztiek dute bere ipuinaMaite GurrutxagaGaur hasi eta martxoaren 17 arte, Printzesa guztiek dute bere ipuina liburuko Maite Gurrutxagaren irudiekin osatutako erakusketa izango da Bilboko Gran Hotel Domineko Splash & Crash gunean. 

Printzesa guztiek dute bere ipuina lanak iaz ikusi zuen argia Antxiñe Mendizabalen testuekin eta Maite Gurrutxagaren ilustrazioekin. Raisa printzesaren abenturak kontatzen dira bertan.

Jakina da printzesa guztien eginkizuna ia bakarra itxarotea dela, baina Raisaren jakin-mina handia da, eta bere ametsaren bila abiatu nahi du lehenbailehen. Basamortuarekin egin izan du beti amets. Abentura eta historia uztartzen ditu Raisa printzesa eta haren alaba, Aiora, protagonista dituen ipuin honek.

Maite Gurrutxaga amezketarrak esperientzia du Arte Ederren munduan, hori ikasi baitzuen unibertsitate garaian. Gerora, Ilustrazioan espezializatu zen Leioan eta Bartzelonan. Hainbat erakusketa egin ditu; album ilustratuen Etxepare saria irabazi du, eta euskal idazle puntakoen marrazkilari bihurtu da aspaldi honetan: Joseba Sarrionandia, Karlos Linazasoro, Juan Kruz Igerabide, Mariasun Landa, etab. 2014 urtean, Euskadi Ilustrazio Saria irabazi zuen.

Haur Literaturako Mikel Zarate VI. Saria abian da

Mundua baloi batean

Patxi Zubizarretak “Mundua baloi batean” liburuarekin irabazi zuen Mikel Zarate V. Saria

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak, haurrentzako irakurgai berriak sortu eta idazleen lana bultzatzeko asmoz, haur literaturako Mikel Zarate lehiaketa antolatzen dute, euskal kulturaren alde lan itzela egindako lezamar idazlearen gomutaz, ondorengo oinarrien arabera:

Idazlan mota

Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (6-12 urte bitartekoentzat) euskaraz sortutako kontakizunak aurkez daitezke, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.

Neurria

Makinako moldez, Din-A4 formatuan eta tarte bikoitza utzita, gutxienez 10 orrialde eta gehienez 50.

Nola aurkeztu

Hiru ale bidali beharko dira, agerian idazlearen nortasuna azaldu barik, eta horiekin batera gutunazal itxi bat, kanpoan idazlanaren izenburua adieraziko duena eta barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta nortasun agiriaren fotokopia. (Irakurri +)

Nora joan da aitona? – Bizitzaren misteriorik handiena jasotzen duen galdera

Nora joan da aitonaBizitzak berarekin dakar heriotza; gertaera naturala eta ezinbestekoa da. Horrek ez du kentzen dolua onartzeak eragiten duen zailtasuna. Komeni da txikitatik gaiari aurre egitea, ziur aski, bizitza osoa beharko dugulako heriotzak eragiten dizkigun galderei erantzuna emateko. Denbora kontua da gehienetan eta, edonola, bizitzaren misterioa ulertzera iristen ez bagara ere, onartzea ezinbestekoa zaigu bizitzeko.

Etxeko txikienek ere egin behar izaten diote aurre senitarteko, lagun edo ezagunen baten heriotzari, eta askotan nahiago izaten da gaia saihestu, mina berez arinduko dela pentsatuz. Baina heriotzak eragiten dituen minak eta ezintasunak, arinduko badira, gerturatze bat eskatzen dute. Alaine Agirrek samurtasunez idatzi eta Maite Gurrutxagak fineziaz edertu duten Nora joan da aitona? ipuina tresna egokia izan daiteke horretarako.

Iker, protagonista, handitzen ari den heinean, aitona txikitzen ari da; hori esaten du amamak behintzat. Horregatik-edo, aitona erresidentziara eraman dute bizitzera. Etxekoak ezagutzen ez zituen plantak egiten hasi zenean erabaki zuten eramatera. Horrela aurkezten digu idazleak Ikerren aitonaren gaixoaldia.

Amaiera ezaguna egingo zaio heldu bati baino gehiago; akaso ez, haurrari: “Elizatik irten, jende negarti hura guztia agurtu eta portura joan ginen familiakoak: kai-muturrera, hain zuzen ere. Betidanik gustatu izan zait portua, eta are gehiago kai-muturretik aitonarekin paseatzea. Handik Izaro ikus zitekeen, eder. Amamak negarrez bustitako berba batzuk esan zituen, ondo ulertzen ez nituenak. Eta ondoren, arrautza handi itxurako ontzi batetik, hauts batzuk bota zituen uretara. Aitak lore bat utzi zuen jausten uretara. Amak beste lore bat utzi zuen jausten uretara. ‘Agurtu ezazu aitona, Iker?’, esan zidan amamak eskuan lore bat jarriz. Baina nik ez nuen ezer ulertzen. Benetan joan al zen aitona? Ni utzita? Baina nora joan da aitona, ba?”.

Hara hor, zalantzarik gabe, bizitzaren misteriorik handiena jasotzen duen galdera, haur baten ahotan.

Harkaitz Canok haur eta gazte literaturako Euskadi Saria eskuratu du

Orkestra lurtarra

Harkaitz Cano eta Jokin Mitxelena

Harkaitz Cano eta Jokin Mitxelena “Orkestra lurtarra” liburuaren aurkezpenean

Harkaitz Cano idazleak Euskadi Saria irabazi du 2013ko udaberrian Jokin Mitxelena ilustratzailearekin kaleratu zuen Orkestra lurtarra liburuarekin. Canok Manu mutikoa protagonista duen ipuina idatzi zuen. Istorioan, gaztetxoak orkestra bat sortu nahi du, eta bertan joko duten lagunen bila abiatuko da: horrela topatuko ditu Lurrinetti anaiak, bi “t”-rekin, tronpeta jotzeaz gain Presidente izeneko ahuntz bat dutenak, eskailera gainera igotzen dena; Aldika izeneko biolin-jotzaile bat, aldika besapeetan azkura izaten duena; Osoki deritzan triangelu-jolea, bere tresna gainean pausatzen den kardantxilo eta guzti; Crocanti izozki-saltzaile eta kontra-tenorea… Denen artean musikarik zoroena eta zoragarriena sortuko dute, baita hainbat abentura bizi ere, umorez eta irudimenez beteak.

(Irakurri +)