Nora joan da aitona? – Bizitzaren misteriorik handiena jasotzen duen galdera

Nora joan da aitonaBizitzak berarekin dakar heriotza; gertaera naturala eta ezinbestekoa da. Horrek ez du kentzen dolua onartzeak eragiten duen zailtasuna. Komeni da txikitatik gaiari aurre egitea, ziur aski, bizitza osoa beharko dugulako heriotzak eragiten dizkigun galderei erantzuna emateko. Denbora kontua da gehienetan eta, edonola, bizitzaren misterioa ulertzera iristen ez bagara ere, onartzea ezinbestekoa zaigu bizitzeko.

Etxeko txikienek ere egin behar izaten diote aurre senitarteko, lagun edo ezagunen baten heriotzari, eta askotan nahiago izaten da gaia saihestu, mina berez arinduko dela pentsatuz. Baina heriotzak eragiten dituen minak eta ezintasunak, arinduko badira, gerturatze bat eskatzen dute. Alaine Agirrek samurtasunez idatzi eta Maite Gurrutxagak fineziaz edertu duten Nora joan da aitona? ipuina tresna egokia izan daiteke horretarako.

Iker, protagonista, handitzen ari den heinean, aitona txikitzen ari da; hori esaten du amamak behintzat. Horregatik-edo, aitona erresidentziara eraman dute bizitzera. Etxekoak ezagutzen ez zituen plantak egiten hasi zenean erabaki zuten eramatera. Horrela aurkezten digu idazleak Ikerren aitonaren gaixoaldia.

Amaiera ezaguna egingo zaio heldu bati baino gehiago; akaso ez, haurrari: “Elizatik irten, jende negarti hura guztia agurtu eta portura joan ginen familiakoak: kai-muturrera, hain zuzen ere. Betidanik gustatu izan zait portua, eta are gehiago kai-muturretik aitonarekin paseatzea. Handik Izaro ikus zitekeen, eder. Amamak negarrez bustitako berba batzuk esan zituen, ondo ulertzen ez nituenak. Eta ondoren, arrautza handi itxurako ontzi batetik, hauts batzuk bota zituen uretara. Aitak lore bat utzi zuen jausten uretara. Amak beste lore bat utzi zuen jausten uretara. ‘Agurtu ezazu aitona, Iker?’, esan zidan amamak eskuan lore bat jarriz. Baina nik ez nuen ezer ulertzen. Benetan joan al zen aitona? Ni utzita? Baina nora joan da aitona, ba?”.

Hara hor, zalantzarik gabe, bizitzaren misteriorik handiena jasotzen duen galdera, haur baten ahotan.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina