Iban Zaldua: “Nire zalantzen katalogoa da gehiago, ziurtasunena baino”

Iban ZalduaInon ez, inoiz ezIban Zaldua (Donostia, 1966) gaurko euskal idazle oparo eta estimatuenetako bat da, urteko liburu onenaren Euskadi Saria hiru aldiz irabazia (euskal literaturan, gaztelaniazko saiakeran eta haur literaturan). Inon ez, inoiz ez kaleratu du orain, bere ipuingintzaren beste maisulan bat.

Zure azken ipuin-liburuek (Biodiskografiak, Idazten ari dela idazten duen idazlea) bazuten halako batasun bat, gaiaren aldetik. Zer esango zenuke oraingo honetaz? Zertan da desberdina?

Zentzu batean ipuin bilduma “klasikoagoa” dela esango nuke: jatorri eta tankera ezberdinetako narrazioak elkartzen dituen ale bat. Ez dago ideia edo ildo nagusi bat, gai batzuk eta obsesio batzuk errepikatzen diren arren, ohikoa den bezala. Alde horretatik lotuago ikusten dut Gezurrak, gezurrak, gezurrak, La isla de los antropólogos edo Etorkizuna bezalako liburuekin; haien segida litzateke, neurri batean.

Tamainaz, baina, zure obra guztiko luzeena da, ezta?

Bai, hala da. Eta ipuin gehiago ziren proiektua lehenengo urratsak ematen hasi zenean, aurreneko entresakan: narrazio dezente utzi ditut bidean. Baina, hala eta guztiz ere, nahiko mardula geratu zait, hori ezin da ukatu…

Liburuak baditu hiru parte, eta eranskin bat. Komenta ditzagun banan-banan. Lehen partea eta hirugarrena geroko utzita, erdikoan (“Hemen, orain”) azken urteetako gure bilakaera politikoaren erretratu bat egin duzu, ezta?

Helburua hori da, nolabait, euskal gauzaren alderdi batzuen gorabehera zenbait islatzea, kronologikoki, 2006tik gaur egunera arte, hots, Etorkizuna liburuak utzi zuen unetik gutxi gorabehera. Nola-halako kronika hautsi bat. Ziurrenik hori da atalik arriskutsuena, ez gaiaren ikuspegitik, baizik eta liburuaren arkitekturaren aldetik, kronologiak agintzen duelako eta ez ipuinen artean sor daitezkeen loturak edo alternantziak: ez dago hainbeste pentsatuta irakurketaren ikuspuntutik, historiaren aldetik baizik. Hein batean, behintzat. Atal horrek, niri, hor erdian txertatuta, The Beach Boys-en edo The Who-ren mini-sinfoniak ekartzen dizkit gogora, haien diskoetan sartzen zituzten mugimendu ezberdinez osatutako suite modukoak, “A Quick One, While He’s Away” bezala adibidez. Aldeak alde, noski. (Irakurri +)