Iban Zaldua: “Nire zalantzen katalogoa da gehiago, ziurtasunena baino”

Iban ZalduaInon ez, inoiz ezIban Zaldua (Donostia, 1966) gaurko euskal idazle oparo eta estimatuenetako bat da, urteko liburu onenaren Euskadi Saria hiru aldiz irabazia (euskal literaturan, gaztelaniazko saiakeran eta haur literaturan). Inon ez, inoiz ez kaleratu du orain, bere ipuingintzaren beste maisulan bat.

Zure azken ipuin-liburuek (Biodiskografiak, Idazten ari dela idazten duen idazlea) bazuten halako batasun bat, gaiaren aldetik. Zer esango zenuke oraingo honetaz? Zertan da desberdina?

Zentzu batean ipuin bilduma “klasikoagoa” dela esango nuke: jatorri eta tankera ezberdinetako narrazioak elkartzen dituen ale bat. Ez dago ideia edo ildo nagusi bat, gai batzuk eta obsesio batzuk errepikatzen diren arren, ohikoa den bezala. Alde horretatik lotuago ikusten dut Gezurrak, gezurrak, gezurrak, La isla de los antropólogos edo Etorkizuna bezalako liburuekin; haien segida litzateke, neurri batean.

Tamainaz, baina, zure obra guztiko luzeena da, ezta?

Bai, hala da. Eta ipuin gehiago ziren proiektua lehenengo urratsak ematen hasi zenean, aurreneko entresakan: narrazio dezente utzi ditut bidean. Baina, hala eta guztiz ere, nahiko mardula geratu zait, hori ezin da ukatu…

Liburuak baditu hiru parte, eta eranskin bat. Komenta ditzagun banan-banan. Lehen partea eta hirugarrena geroko utzita, erdikoan (“Hemen, orain”) azken urteetako gure bilakaera politikoaren erretratu bat egin duzu, ezta?

Helburua hori da, nolabait, euskal gauzaren alderdi batzuen gorabehera zenbait islatzea, kronologikoki, 2006tik gaur egunera arte, hots, Etorkizuna liburuak utzi zuen unetik gutxi gorabehera. Nola-halako kronika hautsi bat. Ziurrenik hori da atalik arriskutsuena, ez gaiaren ikuspegitik, baizik eta liburuaren arkitekturaren aldetik, kronologiak agintzen duelako eta ez ipuinen artean sor daitezkeen loturak edo alternantziak: ez dago hainbeste pentsatuta irakurketaren ikuspuntutik, historiaren aldetik baizik. Hein batean, behintzat. Atal horrek, niri, hor erdian txertatuta, The Beach Boys-en edo The Who-ren mini-sinfoniak ekartzen dizkit gogora, haien diskoetan sartzen zituzten mugimendu ezberdinez osatutako suite modukoak, “A Quick One, While He’s Away” bezala adibidez. Aldeak alde, noski.

Ez dugu esango ekidistantzia bilatu duzunik, baina bai zure ironiaren dardoak norabide guztietara banatu dituzula.

Ez dakit. Ez dakit ezta ere horren liburu ironikoa den, bere osotasunean hartuta. Niri asko gustatu zitzaidan Bernardo Atxagak, aspaldi, eta ekidistantzia salaketa horiei aurre egiteko imajinatzen dut, eman zuen nolabaiteko erantzuna, Garziarena aldizkariko “Herio I versus Herio II” artikuluan, non esaten baitzuen “Bataren eta Biaren artean gaudenak ez gaude erdian, baizik eta leku guztietan”. Leku guztietan egotea, xede gisa, inpekablea iruditzen zait idazlearen zereginaren definizio gisa. Baina horretarako oso idazle ona izan behar duzu, eta, ziurrenik, gauzak oso argi eduki. Ez da hori nire kasua: adinean gora egin ahala gauzak gero eta lausoago ikusteko joera nagusitu zait; nire ikuspuntuak tinkoagoak ziren hogei edo hogeita bost urterekin, gaur baino. Alde horretatik, nire zalantzen eta ezjakintasunen katalogoa da gehiago atal hori, eta liburua oro har, ziurtasunena baino.

Garaiaren kronika egiteko tresna egokia da fikzioa? Zer lortzen du, gertakarien kontaketa hutsak lortzen ez duena?

Bueno, niri balio didana da, eta erabili ahal dudan baliabide bat da, nire memoria zein den eta jorratzen ditudan gaiei buruz zer galdera eta zer zalantza dauzkadan kontuan hartuta. Baina horrek ez du esan nahi bata ala bestea egokiagoak direnik. Gertakarien kontaketa hutsa, halakorik existitzen bada, edo historia, edo soziologia, edo kazetaritza, hobeto edo okerrago gauza daitezke, eta bikaintasun maila horretan datza helburua lortzen duten ala ez. Literaturan bezala, alegia. Baina ez dut ikusten bata bestearen gainetik: fikzioaren bidea eta kontakizun “errealarena” ezberdinak dira, arau ezberdinen arabera funtzionatzen dute, horixe da dena. Fikzioa egiara hurbiltzeko bide makurragoa izan daiteke, baina ondo egiten bada, irakurlearengan enpatia sortzeko botere gehiago izan dezake, akaso; David Foster Wallacek zioen mundu errealean denok sentitzen garela bakarrik, eta benetako enpatia ezinezkoa dela, baina fikziozko lan batek pertsonaien minarekin identifikatzeko aukera ematen badigu, agian pentsa genezakeela beste batzuk gurearekin identifikatu ahal izango direla. Hor egon daiteke, agian, kosketako bat. Baina ez nago guztiz seguru.

Lehen eta hirugarren partean, badira ipuin errealistak, fantastikoak, tonu batetik bestera egiten dutenak… Nola egin duzu ipuinen banaketa?

Nobelagintzaren inguruan beti egiten dira metaforak generoak eskatzen duen “arkitekturari” buruz, baina ipuingintzari dagokionean gutxi akordatzen dira liburu bat osatzeak eskatzen duela bere “Lego lana” ere, piezak ondo ahokatzeko alegia; duela gutxi Ana Malagonek gogorarazi zigun bere mikroipuinen liburuaren aurkezpenean, eta arrazoia duela uste dut. Izenburuaren elementuen arabera ordenatu ditut ipuinak, eta “Inon ez” multzoan sartu ditut batzuk, eta “Inoiz ez” multzoan gainontzekoak. Zer dela eta batzuk batean eta besteak bestean, nahi izanez gero, irakurleak erabaki beharko du; ez dut uste komenigarria denik idazleak guztia azaltzea, alde horretatik. Baina atal bakoitzaren barruan saiatu naiz ipuinek segida nolabait logiko bat izan dezaten, nire Ipuingintzaren dodekalogoan adierazi nuenaren ildotik: “Ipuina beti egongo da oreka zailean ipuin liburuaren baitan, independentismoaren eta federalismoaren artean alegia: hain da desiragarri irakurleak ipuina irakurri eta liburua ixtera behartzea (hari buruz hausnar dezan), nola ipuin horren irakurketak hurrengoa leitzera bultzatzea berehala, eta hurrengoa, eta hurrengoa, eta hurrengoa. Beraz, konfederalismoaren erdibidea hobesten dut: ipuin batek liburuko bat edo beste gehiago irakurtzera eraman beharko luke, baina ez hainbeste ere. Ipuina, Poek iradoki bezala, eserialdi batean irakurri beharko litzateke; ipuin liburua, aldiz, ez. Auskalo asmatu dudan, oraingoan. Edonola ere, eta zorionez, ordena eta atalak idazlearen bide-orria besterik ez dira, eta irakurleak autonomia osoa dauka nondik hasi eta nondik jarraitu erabakitzeko, linealki edo saltoka irakurri nahi duen, eta abar. Nobela bat irakurtzen duenean baino autonomia pixka bat gehiago, hain zuzen ere.

Fikziorako asmamen indartsua ageri duzu, liburuz liburu agortzen ez zaizuna. Bertsolarien hizkera erabiliz, istorioak “etorri” egiten zaizkizu, ala “ekarri” egin behar izaten dituzu?

Metaforekin arazoak izaten jarraitzen dut, bistan denez… Ez dut gehiegi sinesten “etorri” / “ekarri” ustezko dikotomia horretan. Ipuinak idatzi egin behar dira, ez dago besterik. Eta gero zuzendu egin behar dira, edo zakarrontzira bota. Eta guztiak leku beretik datoz: bizipenetatik, memoriatik, iristen zaizkizun besteen bizipenetatik eta oroitzapenetatik, eta beste arte-lanetatik, batez ere irakurtzen dituzunetatik. Horrela da nire kasuan, behintzat, eta, susmatzen dut, baita beste askorenean ere. Horretaz gain, denbora behar dela esango nuke. Ez bakarrik idazteko, baizik eta kontatu nahi duzunarekiko gutxieneko distantzia bat hartzeko, tarte bat; alde horretatik ez dut bat-batekotasunean gehiegi sinesten, bat-batekotasuna ez zait literarioegia iruditzen. Azkeneko urte honetan deskubritu dudan gauza bat, susmatzen nuena baina orain arte modu guztiz kontziente batean jakin ez dudana zera da, oso triste nagoenean ezin dudala idatzi. Tristezia horretaz idatzi nahi nuke, agian, baina ez badago distantzia minimo bat zaila egiten zait, are ezinezkoa. Literatura distantziaren artea da. Distantziarena, ezen ez hoztasunarena: ez da gauza bera, badaezpada diot.

Ipuinen artean ere egiten dituzu konexio sutilak: irakurle ohartuarentzako keinuak?

Bai, eta horrek ipuinen ordenean eta atalen arteko simetrietan eragina du. Baina ez dira irakurle “berezientzako” keinuak, edo ez dute asmo hori behintzat; lehen aipatzen nuen ipuin liburuaren arkitekturarekin daude lotuta. Edonola ere, normala iruditzen zait, ipuin bilduma osagarrien elkartze hutsetik haratago doan zerbait dela sinesten dudan neurrian…

Literatura eta musika izan baziren zure aurreko ipuin-liburuen gai zentralak, hemen ere badira bien printzak, ezta?

Argi dago bi horiek, joera metaliterarioa eta pop musikaren inguruko literatura, bi ildo garrantzitsu direla nire azkenaldiko ekoizpenean. “A-89, La Transeuropéenne” ipuina, adibidez, oso ondo egokituko litzaioke Biodiskografiak liburuari, baina ondoren idatzi nuen, eta, beraz, ezin sartu, sartu ez nuen bezala aurretik idatzitako beste “biodiskografiaren” bat, aurreko libururen batean aurki daitekeena, Itzalak bilduman oker ez banago. Baina, aurreko liburu biak ez bezala, Inon ez, inoiz ez honen izpiritua askotarikoa denez, uste dut badutela lekurik bertan, eta ez dutela trabarik egiten.

Sortzaile ez ezik, kritikari gisa ere aritzen zara, zure Oharrak & Hondarrak blogean. Zeure liburuekin, kritiken zain zara? Beldurrez?

Interesez irakurtzen ditut, noski, baina ez garai bateko antsiarekin. Kritika literatur munduaren ezinbesteko aktorea da, eta normala da harekiko ardura; kritikei jaramonik egiten ez dietela dioten idazleei ez diet gehiegi sinesten. Eta kritikaren arbuio orokorra ere, horren ohikoa gure gremioan, ez zait oso bidezkoa iruditzen: arazoa kritikoak izan daitezke –une jakin batean idazten ari diren kritikoen bataz besteko kalitatea, alegia–, ez kritika bere osotasunean; egia da kritiko horien guztien artean liburua bere gogoetak botatzeko aitzakia soil gisa erabiltzen dutenen portzentajea oso handia bada, edo kritikak ad hominem –eta ad mulierem– egiten dutenena, ba jendeak mesfidantza har diezaiokeela kritikari oro har. Baina hori une jakin batzuetan baino ez da gertatzen. Dena den, hau ez da idazleoi egin behar zaigun galdera: bost axola egileok kritikarekin dugun harremana. Edo bost axola eman beharko luke, behintzat: kritikaren benetako helburua irakurlea izan beharko litzateke; liburuen gaineko irakurleen arteko eztabaidaren jarraipena edo abiapuntua beharko luke kritikak. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

2 Comments

  1. Pingback: “Inon ez, inoiz ez” liburuaren inguruko elkarrizketa | Oharrak & Hondarrak

  2. Pingback: Nosotras, las hembras sobradamente preparadas, y los machos alfa | Doce Miradas

Utzi zure Iruzkina