Jolasak, euskaraz – Badago non aukeratu

Gero eta gehiago dira, gero eta osatuagoak, gero eta erakargarriagoak. Adin guztietarako, ume txiki-txikietatik hasi eta heldutasunera arte. Euskarazko jolasak dira, ondo pasatzen, pertsona bezala garatzen eta euskaldun izaten lagunduko diguten opari itzelak.

Umeek indar, pasio, interes eta gogo gehiena jolasetan jartzen omen dute. Gure txikitako oroitzapenik onenak ere, askotan, jolasekin lotuta daude. Ederto baten ibiltzen ginen elizako plazan txorro morro piko taie ken olgatzen, edo etxe azpiko kalean soka-saltoan, edo lagun baten etxean kartetan, edo lehengusuekin Monopolyan, edo neba-arrebok Scalextricarekin. Ezin gusturago egoteaz gain, haien bidez sozializatzen gara, haien bitartez ikasten dugu elkarrekin nola jokatu, gure sentipenak, beharrizanak eta desioak nola kudeatu, eta, lantzean behin, mundua zelakoa den ere bai.

Euskal Herritik begiratuta, jakina, egundoko garrantzia dauka jolasak darabilen hizkuntza. Euskaraz ala erdaraz etorri, umeak euskaldunago egingo ditu edo, kontrara, erdaldunduko ditu. Ez da kontu erraza, merkatuan erabateko gehiengoa daukatelako atzerrian sortutako jolasek. Hala ere, gero eta gehiago dira euskaraz jolasteko aukera ematen dutenak, hala Euskal Herrian bertan asmatutakoak nola kanpotik ekarritakoak. Badago, beraz, non aukeratu. (Irakurri +)