Jolasak, euskaraz – Badago non aukeratu

Gero eta gehiago dira, gero eta osatuagoak, gero eta erakargarriagoak. Adin guztietarako, ume txiki-txikietatik hasi eta heldutasunera arte. Euskarazko jolasak dira, ondo pasatzen, pertsona bezala garatzen eta euskaldun izaten lagunduko diguten opari itzelak.

Umeek indar, pasio, interes eta gogo gehiena jolasetan jartzen omen dute. Gure txikitako oroitzapenik onenak ere, askotan, jolasekin lotuta daude. Ederto baten ibiltzen ginen elizako plazan txorro morro piko taie ken olgatzen, edo etxe azpiko kalean soka-saltoan, edo lagun baten etxean kartetan, edo lehengusuekin Monopolyan, edo neba-arrebok Scalextricarekin. Ezin gusturago egoteaz gain, haien bidez sozializatzen gara, haien bitartez ikasten dugu elkarrekin nola jokatu, gure sentipenak, beharrizanak eta desioak nola kudeatu, eta, lantzean behin, mundua zelakoa den ere bai.

Euskal Herritik begiratuta, jakina, egundoko garrantzia dauka jolasak darabilen hizkuntza. Euskaraz ala erdaraz etorri, umeak euskaldunago egingo ditu edo, kontrara, erdaldunduko ditu. Ez da kontu erraza, merkatuan erabateko gehiengoa daukatelako atzerrian sortutako jolasek. Hala ere, gero eta gehiago dira euskaraz jolasteko aukera ematen dutenak, hala Euskal Herrian bertan asmatutakoak nola kanpotik ekarritakoak. Badago, beraz, non aukeratu.

Ume txikienek, hiru urte bete arte, joko andana daukate eskura. Hor daude, esate baterako, egutegiak, emozioak lantzen dituzten karta jolasak (Emo Kid), haurren irudimena bizkortzen laguntzen duen kolore eta logika jolasa (Joko bat), Pirritx, Porrotx eta Marimototsen puzzle sorta edo Argitxoren eskutik hizkiak identifikatzeko puzzlea. Bada, baita ere, ahozko hizkuntza indartzen duenik (Bokalak jolasa) eta mahai gainean piezak mugituz aldi gozoa pasatzeko aukera ematen duenik (Fruta arbola edo Little action, bi aipatzearren). Eta, zelan ez, pintatuz dibertitzen garenez, Koloretako munstroa bezalako aukerak ere esku-eskura daude.

Koska bat gorago, lau urtetik gorako haurrentzat Argitxok aukera oparoa dakar. Iratxoaren eskutik munduan barrena ibiltzen eta dinosauroak identifikatzen has daiteke umea, baita gure gorputza ezagutzen edo ogibideak desberdintzen ere, besteak beste. Dragoiaren indarrarekin, berriz, dragoi lasterketa zoroan sartuko dira eta Hamster lagun taldearekin haien gordelekuan ibiliko dira gora eta behera, ezker-eskuin, negurako behar dituzten jakiak biltzen. Animaliak protagonista dira Astotxo ekilibrista, Koloretako harrak, Animalien piramidea eta Rhino hero gisako mahai-jolasetan.

Sei urtetik gora ere mahai-jolas eskaintza zabala dago. Museoan lapurreta egin behar duen taldea (13+4 Kode sekretua), berbekin jolasten duten Hitz jarioa, Letrak hitz edo ABC Magia, matematiketan trebatzen gaituen Eragiketen rallya, abiadura jokoak (Halli Galli, Speed cups edo Quick couic, besteak beste)… Amets eta Lur liburu eta pelikula ezagunak ere badu bere jolasa, Ezagutu Euskal Herriaren historia Lur eta Ametsekin. Igarri Migarri, Alakazum, Dadoen erregea… zer aukeratua badago!

Bederatzi urtetik gorako gaztetxoentzako mahai-jokoetan kirolak berebiziko protagonismoa dauka. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako futbol-ekipoei lotutako jolasak dira nagusi, eta horien artean bitxienak, beharbada, zelaietako maketak (Anoeta, San Mames…) eraikitzeko puzzleak izan litezke. Buesa Arena Baskonia saski-baloi taldearen tenplua ere osa liteke. Eta Monopoly jolas famatuan ere murgildu gaitezke, EAEri eta Nafarroari eskainitako jolasen bidez.

Aurrera segi genezake, adinean gora egin ahala mahai-jolas egokiak aipatzen. Baina zerrenda osatzea baino, gure asmoa izan da lau haizetara zabaltzea egon badaudela, eta onak gainera, euskaraz aritzeko mahai-jolasak. Ondo pasa!

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina