Joseba Sarrionandia: “Ez nuke kultura baztertu bateko funtzionarioa izan nahi”

Gauzak direna balira saiakeraren karietara hurbildu gara Joseba Sarrionandiarengana (Iurreta-Durango, 1958). Habanako gaukaria izeneko sortaren hirugarren liburua da, Pamiela argitaletxearen eskutik argitaratuta. Egitasmo xume baten hiruko biribila. 

Nondik nora Habanako gaukaria trilogia? Trilogia izateko asmoz hasi zenuen egitasmoa?

Liburu bat izan zen lehenengoa, Bizitzea ez al da oso arriskutsua? Liburu bat ikuspegi, idazkera eta erreferentzia batzuekin egiten da. Beste bi atera zaizkit gero irizpide berberekin.

Saiakera liburuak dira, baina egunerokoak edo dietarioa ere badira.

Saiakera uste dut dela interesgarriena, idazkera apur bat esperimentalean. Egunkari moldea metodo edo diziplina bat da batez ere, ez da diario intimoa esan daitekeena.

Hala ere, lehen aldikoz, nolabait, badakigu Joseba Sarrionandiaren bizitzaz apur bat gehiago.

Hiri tropikal batean mobitzen den pertsona bat naiz. Baina autoreari bere burua baino gehiago interesatzen zaizkio beste gauza guztiak.

Habana eta Mantanzaseko azukre ingenioetako esklabotza duzu hizpide. 1843an, Kubako mendebaldeko populazioaren %43  esklaboa zen. Ez da aspaldikoa esklabotza mota hori….

Zuluetak ehunka esklabo utzi zituen herentzian 1876an, euskal oligarkiaren lehenengo kapital akumulazioa beltzen bizkarretik etorri zen. Eta gerratik. Kubatarrak independentzia lortzeko borrokan ari ziren, euskaldunek ere urte berean galdu zituzten foruak. Esklabotzarena gaur eguneko arazoa dela telebistako saskibaloi jokalarien bizkarrean ere ikusten da: Black lives matter. Ez da beltz bat korrika ikusiz gero tirokatzen dutela bakarrik, arazoa sakonagoa da. Kubatarrak Inperio amerikanoak blokeatuta ari dira beren buruaren jabe izateko borrokan, eta euskaldunak ere hor gabiltza oraindik espainolek onartzeko moduko estatutu bat apailatzen…

Kolonialismoaren garaiaren ostean, Silvia Federici ekintzaile feministaren lanak irakurtzea proposatzen duzu.

Emakumea bezala dago euskalduna, edo txinatar langile kontratatua, edo homosexuala, subordinatuta. Denona eta inorena ez den planeta hau konpartitzea, eta pertsona bere buruaren jabe izan ahal izatea, horretan huts egin du humanitateak historian zehar. Silvia Federicik ondo erakusten du zelan pribatizatu ziren komunalak, zelan nagusitu ziren propietarioak beren erakunde politiko-militarrekin, sorginak herrian erretzen zituzten artean kanibalen lurraldeak ebasten ari zirela…

Kaliban pertsonaia hartu eta gizajaletasunaren gaia tratatzen duzu. Egia da antropofagoak izan direla, baina William Arensen iritziz, “kanibalismoarena mito bat da. Herri literaturaren eta antropologia inperialistaren erretolika eta baliabide hutsa”. Hori berretsi duzu zuk!

Bereizten direnean bi planoak, gertaeren planoa eta errepresentazioen planoa, aldea itzela da, eta benetako gertaerena gutxienekoa da. Ez da jaki problema: kanibalismoa, besteen atzerapena edo besteen terrorismoa bezala, besteok menperatzeko aitzakia izan da…

Lehen saioko Riobaldoren hitzek zentzua hartu dute, “Bizitzea ez al da oso arriskutsua?”. Bai, bizitzea arriskutsua da. Literatura galderak pausatzea al da bereziki zuretzat?

Egiak ere galdera-ikur moduan okertzen dira askotan.

Bizitzea arriskutsua izateaz gain, ez dela debaldekoa ikasi dugu irakurleok, alabaina, bizitza alda daitekeela diozu azken honetan.

Bizitzaren prekarietatea eta botere harremanen kalteak begi-bistakoak egin dira derrepentean aurten pandemiarekin. Espainiako Estatu monarkikoarena komikoa izan da, erregearen ihesarekin. Eta informazio librearen erretolikaz, ez dakit zelan esplikatuko duten El País-en edo Le Monde-n Julian Assangeren egoera. Ezer ere ez da normala ez itxuraz den lakoa, eta dena ari da aldatzen, eta egiten duguna baizik ez gara.

Hizkuntza duzu lanabes eta ardura. Esate baterako, “hain gabe” esaera aztertu duzu.

Bai, urritasunean bizirik dirauen hizkuntza honen esaerak ardura zaizkit, eta eskasiak. Euskal literatura modernoaren ilusioa izan da apolitikoak eta hizkuntzaz gaindikoak izan gaitezkeela, ingelesak, frantsesak edo espainolak diren bezala. Baina, ez nuke kultura baztertu bateko funtzionarioa izan nahi. Gure literatura aldaketa politikoaren eta hizkuntza biziaren alorrean jokatzen da. Inork ere ez digu iraupena eginda emango: politikari, hizkuntzalari eta konspiratzaile izan behar dugu ezinbestean.

Bibliomantzia: etorkizuna liburuen bitartez iragartzeko artea omen da. Funtsekoa da hiru liburuotan.

Gutenberg galaxian bizi gara oraindik batzuk, gero eta gutxiago omen gara.

Bibliomantzia eta Zine qua non ere. Zinema eta irudia oso gustukoak dituzu. Liburuan ere irudiek toki berezia dute, esanguratsuak dira.

Irudi batzuk testuen ilustrazioak dira, eta irudien esplikazioak edo interpretazioak dira beste testu batzuk liburu honetan

Zein da irakurlearen tokia zure proposamen literarioetan?

Idazten ahalegintzen garenok arazo bat dugu, irakurleak direla liburuen benetako autoreak.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina