Antxiñe Mendizabal: Hiru emakumeak ama-zurtz sentitzen dira; iruditzen zaie egokitu zaien ama ez dela behar zutena”

Familia baten zirkulazio-sisteman sartzen gaitu Antxiñe Mendizabalen Odolekoak eleberriak. Zainetatik batera eta bestera garamatza odolak hiru belaunalditan zehar. Eta bueltan bihotzera. Bi bihotz dauzka baina istorio honek, bakoitza bere erritmoan taupaka baina elkarri oihartzuna eginez.

Has gaitezen hezurduratik: hitz egiguzu hiru belaunaldien istorioaz, lekuaz, garaiaz.

Iruñean dago nagusiki girotuta. 1941. urtean abiatzen da historia eta 2005ean amaitzen. Echaluce familiako alaba eta haren ondorengoak dira protagonista nagusiak: Matilde, Teresa eta Amaia. Hala ere, emakume bakoitzaren inguruan pertsonaia ugari batzen dira, beren mundu-konstelazio propioa osatuz. Protagonistak bezain funtsezkoak iruditzen zaizkit bigarren mailako pertsonaiak. Guztiak daude, nolabait, saretuta, eta askotan endredatuta, beraiek jakin gabe, besteen bizitzetan nahastuta.

Hiru emakumeen bitartez ematen da hiru belaunaldiren lekukotza; memoriak du garrantzia eleberrian: “Memoria baten alaba naiz…”, horrela abiatzen da kontakizuna, eta horrekin esan nahi dut pertsonaia guztiek gordetzen dutela, beren garunean ez ezik, beren gorputzean ere arbasoen memoria, haien bizipenak ezagutzen ez badituzte ere. Beraiek ohartu gabe, memoria horrek baldintzatuko ditu eta, ahal duten neurrian, memoria horretatik askatu beharko dute aurrera egiteko. Eleberrian kontakizuna lineala izan arren, denbora espiral moduan adierazi nahi izan dut; alegia, hainbat egoera modu batean edo bestean, errepikatu egiten dira. Kontzientzia hartuz askatuko dira pertsonaiak beren loturetatik, espiral horretan beste maila batera iristeko. Hiru zatitan dago eleberria banatuta: “Indarkeriaren memoria”, “Kontzientziaren memoria” eta “Maitasunaren memoria”.

Pertsonaiek beren historia kontatzeko nonbait lur hartu behar zutela iruditu zitzaidan, testuinguru bat behar zutela, eta Iruñea aukeratu nuen. Guztiok gara, neurri batean, gure bizi-baldintzen emaitza. Iruñea kontrastez betetako hiria iruditu zait beti, politikoki nahiz sozialki, baina beste edozein hiri izan zitekeen, indarkeriaren eta kontzientzia esnatzearen lekuko izan den beste edozein.

Bi bihotz: Matilde eta Teresa. Nor dira, zure begietan? Nola sentitzen dituzu zuk?

Bi bihotz, nahiz eta batzuetan biek ere bihozgabe hutsak ematen duten. Iruditzen zait, halere, biek dutela bihotz errebelde bat. Bere amatasuna ukatzen du Matildek; bere borondatearen aurka bihurtzen da ama; gizarte-arauek behartuta. Teresa, berriz, ama bihurtzen da maitasun gose delako; seme-alabek salbatuko dutelakoan, guztiz inkontziente iristen da ama izatera. Eleberriak, batzuetan, muturreko egoeretara eramaten baditu ere, ez zait iruditzen emakume askorengandik urruti daudenik. Beraien errelatoa egiteko, ulertu egin behar izan ditut lehenengo, errukia pizteraino, eta azkenean onartu egin ditut, maitatzeko.

Ama-alaben arteko harremana da gorputz honen haragia. Batzuetan hotz, besteetan min.

Bai, eta hoztasuna izan daiteke mina bezain ankerra. Matildek alabarekin duen jarrera, hotza eta mina izateaz gain, zigortzailea da, alabak gogorarazten diolako zer bihurtu den. Ez du alaba maite, bere burua maite ez duelako. Ama-minez bizi den alabak ez du ulertzen zergatik egiten dion uko; eta, ama bihurtutakoan, maitatzeko ezgai sentituko da. Ez dakite baina elkarren ispilu dira hirurak halere. Matrioxka ama-irensle batzuk bezala imajinatzen ditut, bata bestearen barruan harrapatuta. Hiru emakumeak ama-zurtz sentitzen dira; iruditzen zaie egokitu zaien ama ez dela behar zutena. Oinordetzan jasotako beren baitako ama hil beharko dute libre izateko.

Ez da gorputz biluzi bat idatzi duzuna; detaile askorekin dago jantzia.

Aipaturiko testuingurua sortzeko, dokumentazio lana egin dut, eta, horrelako eleberrietan gertatu ohi den bezala, etengabe ibili behar izan dut orekak egiten istorioari historia ez gailentzeko. Gure historia handiari buruzko dokumentazio lan sakonik ez dut egin; hiriko egunerokotasuna osatzen duten detaile txiki horien bila aritu naiz, sinesgarritasuna bilatze aldera: pertsonaiek zer jaten duten, zer irakurtzen, etxeak nolakoak diren, telebista edo irrati-saioak, jantziak, eskolak, zinema…

Nola bizirauten da 300 orritik gorako eta hainbat tramaren ehunduraz osatutako nobela bat idatzita? Eta nola gelditzen da norberaren gorputza idazten bukatu ondoren?

Distantzia luzeko lasterketa bat egitea bezala izan da, poliki egin behar izan dut bidea, pauso bakoitzeko aurretik eraikitako guztiari eutsiz, atseden luzeak hartuz, baina inoiz istorioa askatu gabe. Urteak eman ditut istorio honetan bizitzen. Beraz, neurri batean, banuen askatzeko gogoa. Argitaratuz, agur esaten ari natzaie poliki-poliki. Testua beste pertsona batzuei utziz eta edizio-lana eginez askatu naiz haiengandik. Momentu zailak eta ederrak eskaini dizkit eleberriak. Esker onez esaten diot agur. Nire burua hobeto ulertzeko balio izan dit.

Zer da zuretzat literatura? Zer daukate, apalategian egoteaz gain, barruan daramatzazun liburuek?

Idazten dudanean, literatura aukeraz betetako hutsune handi bat bihurtzen zait, bakardade bete bat, askatasun eremu bat non dena den posible. Maite ditudan liburuak eta egileak, berriz, lagunak, konplizeak, bidegileak dira.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina