Artearen mugak zabaldu zituen artista

Euskal kulturak erreferentziazko pertsonaia galdu zuen aurreko apirilean. Jose Luis Zumeta artista inportantea zen, 60ko hamarkadako euskal kultura hurrengo mendearekin lotu zuen horietakoa.

Belaunaldi hartako egileek argi utzi ziguten gizartearekin zuten konpromisoa eta arteak kulturako beste esparru batzuekin zuen lotura. 60ko hamarkada une erabakigarria izan zen euskal kulturarentzat, desagertzeko edo etorkizunerako bizirik mantentzeko aukeren arteko borrokan sumatu zuten garaiko egile askok, eta izugarrizko ahalegina egin behar izan zuten aurrera jarraitzeko, aurkako testuinguruaren erdian.

Saiakera horien artean, Zumeta bezalako egileek artistaren lan intelektuala elite baten esku egon behar zuela onartu beharrean, jendearekin sortu eta partekatu behar zela uste zuten, borroka sozialari eta politikoari lotuta. Beraz, artea ahalik eta gehien zabaltzea izan zen Zumetaren garaiko sortzaileen lana. Horregatik, musika edo literaturarekin bat egitea ez zen arrotza artistentzat, idazleak edo musikariak lagunak edo kideak zituztelako. Modu naturalean ulertutako kolaborazio horietako asko ezagutzen ditugu, baina, seguru asko, Zumetak Mikel Laboaren diskoen azaletarako egindakoak izango dira jende gehienak ezagutzen dituen lanak. Hain zuzen, Jose Luis Zumeta izan zen musikariekin edo idazleekin batera lan gehien egin zuen artista. (Irakurri +)