Artearen mugak zabaldu zituen artista

Euskal kulturak erreferentziazko pertsonaia galdu zuen aurreko apirilean. Jose Luis Zumeta artista inportantea zen, 60ko hamarkadako euskal kultura hurrengo mendearekin lotu zuen horietakoa.

Belaunaldi hartako egileek argi utzi ziguten gizartearekin zuten konpromisoa eta arteak kulturako beste esparru batzuekin zuen lotura. 60ko hamarkada une erabakigarria izan zen euskal kulturarentzat, desagertzeko edo etorkizunerako bizirik mantentzeko aukeren arteko borrokan sumatu zuten garaiko egile askok, eta izugarrizko ahalegina egin behar izan zuten aurrera jarraitzeko, aurkako testuinguruaren erdian.

Saiakera horien artean, Zumeta bezalako egileek artistaren lan intelektuala elite baten esku egon behar zuela onartu beharrean, jendearekin sortu eta partekatu behar zela uste zuten, borroka sozialari eta politikoari lotuta. Beraz, artea ahalik eta gehien zabaltzea izan zen Zumetaren garaiko sortzaileen lana. Horregatik, musika edo literaturarekin bat egitea ez zen arrotza artistentzat, idazleak edo musikariak lagunak edo kideak zituztelako. Modu naturalean ulertutako kolaborazio horietako asko ezagutzen ditugu, baina, seguru asko, Zumetak Mikel Laboaren diskoen azaletarako egindakoak izango dira jende gehienak ezagutzen dituen lanak. Hain zuzen, Jose Luis Zumeta izan zen musikariekin edo idazleekin batera lan gehien egin zuen artista.

Literaturarekin izandako harremana bere laguna eta herrikidea zen Joxean Artzeren eskutik etorri zen. 1973ko Laino guztien azpitik… eta Eta sasi guztien gainetik… izeneko liburuak garai hartako esperimentazioren emaitza harrigarriak dira. Urteak pasatu ondoren, Bernardo Atxagaren Nueva Etiopia (Detursa, 1996) liburu-diskoaren azala eta ilustrazioak egin zituen. Azken urteetako kolaborazioren bat aipatzearren, 2011n Pako Aristiren Scott Barberenaren bizitzako lehen pausoak (Elkar) liburuaren azala jarri daiteke eta Susarako Rafa Egigurenen Chevrolet Tropikala (2007) eta Txipiroiak bere beltzean (2019).

Artzerekin zuen harreman estuaren antzekoa izan zen Mikel Laboarekin izandako laguntasuna eta maitasuna. Hamaika disko
azal margotu zizkion 1974an Bat hiru argitaratu zenetik. Zumetak Laboa ondo ezagutzen zuen, asko konpartitzen zuten eta ez da arraroa konplizitate horrek utzitako uzta oparoa. Horregatik azken urteetan Laboari buruz argitaratu diren liburuetan ere, Zumetak egin ditu azalak: 2013ko Xume. Laboa Zumetarenean eta Marisol Bastidak 2014an argitaratutako Memoriak. Mikel Laboaren biografia bat (Elkar). Azkenik, Zumetak berak bultzatutako liburuak ere aipatu behar dira: Zumeta 98. Mendebal Afrika, bidai bloka eta buruko gaixotasunak zituztenekin batera landutako Oi! Bihotz/Ay! Corazón/ Oh! Heart artista liburu ederra.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina