Sorginekin jolasean

Ibon Martinek liburu berri bat aurkeztu du Oninen Abenturak sailean, azken urteotan gehien saldu den haur-bilduman. Lehenengo hiru liburuen ondoren, kalean da jada laugarrena: Onin eta sorginen sekretua.

Urdaibain kokatutako Izaro irlan pirata maltzurrekin topo egin, Gorbeiako basoetan Basajaunen bila ibili eta Pasaian galeoi batean Kanadarantz itsasoratu ondoren, Onin eta bere lagunak sorginen lurraldean barrena abiatuko dira oraingoan. Ez da bidaia erraza izango. Ez, erlojuaren aurkako bat baizik. Zuritxo ardia gaixo dago, eta Oninen lagun-taldea sanjose-loreen bila abiatzen da, horixe baita ardia salba dezakeen edabearen osagai nagusia.

Lore horiek mendian hazten dira, baina zailak dira aurkitzen. Oraingoan, gure protagonista txikiak Larhun mendira igotzen dira kremailera-tren batean. Tontorretik gertu, artzain zahar bat topatzen dute, eta hark Zugarramurdin bilatzeko gomendatzen die. Sorginen lurraldea da abentura honen bukaerako jokalekua, eta sorginen haitzuloak inguratzen dituzten baso misteriotsuak. Inguma pertsonaia beldurgarria, eguzki-loreen botereak eta euskal mitologiaren hainbat sekretu ezagutuko dituzte bidean zehar. (Irakurri +)

Antton Valverdek bost poetaren olerkiak musikatu ditu

Hitzak hots poesia kantaldia izan zen lehenengo, eta liburuxka eta dvd bihurtuta dator orain, Pamiela argitaletxearen eskutik. Arantxa Urretabizkaia, Itxaro Borda, Jule Goikoetxea, Miren Agur Meabe eta Tere Irastorzaren olerkiei Antton Valverdek jarri die musika. Orkestra osoaren zuzendari, ostera, Anjel Lertxundi aritu da.

Musika eta poesia aspaldiko adiskideak dira Euskal Herrian. Bide luzea egin dute elkarri lagunduta. Anjel Lertxundiren irudiko, “poesia irakurketaren bidez zabaldu da gehien, baina musikak asko lagundu dio hainbat testu ezagutarazteari. Lizardik eta Lauaxetak, adibidez, ez lukete gaur daukaten oihartzunik kantariek emandako aupadarik gabe”. (Irakurri +)

Artearen mugak zabaldu zituen artista

Euskal kulturak erreferentziazko pertsonaia galdu zuen aurreko apirilean. Jose Luis Zumeta artista inportantea zen, 60ko hamarkadako euskal kultura hurrengo mendearekin lotu zuen horietakoa.

Belaunaldi hartako egileek argi utzi ziguten gizartearekin zuten konpromisoa eta arteak kulturako beste esparru batzuekin zuen lotura. 60ko hamarkada une erabakigarria izan zen euskal kulturarentzat, desagertzeko edo etorkizunerako bizirik mantentzeko aukeren arteko borrokan sumatu zuten garaiko egile askok, eta izugarrizko ahalegina egin behar izan zuten aurrera jarraitzeko, aurkako testuinguruaren erdian.

Saiakera horien artean, Zumeta bezalako egileek artistaren lan intelektuala elite baten esku egon behar zuela onartu beharrean, jendearekin sortu eta partekatu behar zela uste zuten, borroka sozialari eta politikoari lotuta. Beraz, artea ahalik eta gehien zabaltzea izan zen Zumetaren garaiko sortzaileen lana. Horregatik, musika edo literaturarekin bat egitea ez zen arrotza artistentzat, idazleak edo musikariak lagunak edo kideak zituztelako. Modu naturalean ulertutako kolaborazio horietako asko ezagutzen ditugu, baina, seguru asko, Zumetak Mikel Laboaren diskoen azaletarako egindakoak izango dira jende gehienak ezagutzen dituen lanak. Hain zuzen, Jose Luis Zumeta izan zen musikariekin edo idazleekin batera lan gehien egin zuen artista. (Irakurri +)

Olaialaia, lehen emozioak ikasten

Nire lehen emozioak bilduma argitaratu du Ttarttalo argitaletxeak Olaialaiaren ibilerak plazaratzeko. Pertsonaia Marie-Agnès Gaudraten irudimenari zor zaio eta Frederic Benagliaren ilustrazioez jantzita agertu da. Eguneroko bizipenetan oinarritutako istorio bizi eta samurren bidez, irakurle txikiak bere garapen emozionalean oinarrizkoak diren sentipenetan murgiltzeko aukera izango du. Horrezaz gain, emozionalki korapilatsuak diren egoera ezberdinetatik onik nola atera deskubrituko du. Izan ere, bildumako lehenengo ipuinetan sentimendu indartsuak landuko ditu Olaialaiak: ernegua, amorrua eta poza. Lehenengoak ondo kudeatzen eta baztertzen ikasiko du. Bestea, ordea, bere inguruan nola erein.
(Irakurri +)

Oier Guillan: “Errealitatearen eta fikzioaren arteko mugekin esperimentatzen nabil beti, artea ekintza bilakatzeko xedez”

VHS izeneko nobela kaleratu du Oier Guillanek Susaren eskutik. Konfinamenduak edizio-lan betean harrapatu zuen, eta kontatu digunez, irrikaz dago liburuko pasarteak jendaurrean eta zuzenean irakurri ahal izateko; izan ere, berarentzat “hor osatuko baita liburuarekin esperientzia, jendearekin”.

Has gaitezen izenburutik beretik: VHS deitu diozu nobela honi. Niri behintzat, berehala ekarri dit gogora iragana, iraganaren aldaera berezi bat: norberak bizi izan duen arren oso aspaldikoa dirudiena.
Izan daiteke. Liburuan dena da jolasa, errealitateen eta fikzioen arteko ispilu joko bat, eta titulua hori ere bada: batetik, ondo esan duzun moduan, iraganarekiko sentimendu bat islatzen du. Batzuetan saiatzen gara oroitzen gure bizitzetan garrantzitsua izan den une bat, eta konturatzen gara akaso sentsazio orokorrak gogoratzen ditugula, baina ez hitz, usain edo kolore zehatzak. Iragana oroitu nahian, batzuetan sentitu izan naiz VHS zinta zahar bat eskuetan edukiko banu bezala: zeozer oso baliotsua dago bertan grabatuta, baina dagoeneko formatu zaharkitua denez ez dago hura ikusteko aparatua lortzerik. Bestetik, liburuko ispilu joko horretan VHS bada zeozer gehiago ere, baina ez dut spoilerrik egingo… (Irakurri +)

Jabi Elortzari elkarrizketa elkar aldizkarian

Gazteentzako nobela berria plazaratu du Jabi Elortzak (Bilbo, 1973): Gezurren habia, neska nerabe baten desagerketarekin abiatzen den istorioa, aurrera egin ahala erritmoa bizkortu eta jakin-mina handituz doana.

Ez dira asko gazteentzat idazten dutenak euskaraz, eta zu azken urteetako egile oparoenetakoa bihurtu zara: Sara, Kinito egunak, Gezurren habia… Zerk eraman zaitu gazteentzat idaztera?
Hasieran, nire ikasleei gustatuko zitzaien zerbait idazteko asmoz ekin nion idazteari. Sara, nire lehenengo liburua, idazten hasi nintzenean, asmoa ez zen nobela bat idaztea, baizik eta ipuin labur bat, baina istorioan sartu nintzen erabat eta hilabete batzuen buruan amaitu. Hurrengo nobelak ere bide beretik egitea erabaki nuen, gazteen arteko istorioek aukera asko ematen dutela uste dudalako, eta horrez gain nabari da ikuspuntu kritiko bat arlo askotara hedatzen dena. (Irakurri +)