Antton Valverdek bost poetaren olerkiak musikatu ditu

Hitzak hots poesia kantaldia izan zen lehenengo, eta liburuxka eta dvd bihurtuta dator orain, Pamiela argitaletxearen eskutik. Arantxa Urretabizkaia, Itxaro Borda, Jule Goikoetxea, Miren Agur Meabe eta Tere Irastorzaren olerkiei Antton Valverdek jarri die musika. Orkestra osoaren zuzendari, ostera, Anjel Lertxundi aritu da.

Musika eta poesia aspaldiko adiskideak dira Euskal Herrian. Bide luzea egin dute elkarri lagunduta. Anjel Lertxundiren irudiko, “poesia irakurketaren bidez zabaldu da gehien, baina musikak asko lagundu dio hainbat testu ezagutarazteari. Lizardik eta Lauaxetak, adibidez, ez lukete gaur daukaten oihartzunik kantariek emandako aupadarik gabe”.

Lizardi eta Lauaxeta musikatuta dagoen Antton Valverde arduratu da Hitzak hots proiektuko doinuez. Izan ere, ideia Lertxundi eta Valverderen arteko solasaldi bateko galderak piztu zuen. Hainbeste olerkariren lanak musikatu dituen herri honetan, zergatik dira hain gutxi emakumeen olerki musikatuak?

Ez da izango ez dagoelako emakume olerkaririk. Esan eta egin. Lertxundik poetak aukeratu zituen. Zeren arabera? “Gustu kontuak daude, noski. Baina baita euskararen ahots desberdinen –euskalkien– araberako hautamena ere. Normala da nik nire belaunaldi eta ondoren samarrekoei erreparatzea –hobeto ezagutzen ditut gazteak baino–, baina belaunaldi gazteak kanpoan utzi gabe”, esan digu Lertxundik.

Bitxia ere bada. Aurreko batean, aldizkari honetan bertan, Joseba Sarrionandiak esan zuen bere olerkiak irakurtzeko pentsatuta daudela. Nork eta 150en bat kantu sorrarazi dituen poetak. Antzera dabil, ostera, Arantxa Urretabizkaia, olerkien musikalitateaz galdetuta. “Nire musika gaitasuna eskasa da oso. Nik erritmoari erreparatzen diot”, aitortu digu.

Baina poetak bere olerkia sortzean musikalitateari jaramonik ez egiteak ez omen dakar aparteko trabarik. Antton Valverderen aburuz, “edozein poema izan daiteke musikatua. Kontua da, nolabaiteko lotura sortarazi behar duela musikagilearekiko; lotura intelektuala, sentimentala, edozein motatakoa”.

Lertxundik proposatutako poeten artean, Valverdek olerkiak hautatu zituen. “Bai estiloak eta bai gaiak, diferente izan zitezela nahi izan nuen. Zortzi dira denetara, eta zortzi horietatik pare bat edo hiru lehen pasadan aukeratu nituen; esate baterako, Tere Irastortzaren Lo kanta ama batentzat hasieratik iruditu zitzaidan gozoa, iradokitzailea eta originala. Gehienetan abiapuntua hitzen xarma izan da. Beste batzuetan planteamenduaren interesa”.

Horrela gauzatu zen Hitzak hots. Lertxundi hitzaurre literarioaz arduratu zen, poeta bakoitzak bere olerkiari sarbidea jarri zion eta Antton Valverdek, Alos Duo bikotearen laguntzaz, abesti bihurtu zituen. Chillida-lekun egindako emanaldia da dvd-ak dakarrena.

Behin proiektua eginda, ba ote da erantzunik? Zergatik musikatu dira hain emakume poetaren lan gutxi? “Kulturaren arloan jarduten duten gizon gehienek uste dute gizonek egindakoa (musika, literatura…) unibertsala dela eta emakumeona, sektoriala. Gurea berezia da, emakumeoi dagokigu, izenondoa behar du”, erantzun du Urretabizkaiak. “Ezjakintasunarengatik, errutinengatik, ez dagoelako gizartearen sektore, giro eta zirrikitu bakar bat ere ikusgarritasunaren atea zabaldu dienik emakumeei oro har eta emakumeen poesiari gure kasuan”, gaineratu du Lertxundik.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina