Katixa Agirre gure liburu-dendetara itzuli da “Berriz zentauro” eleberriarekin

Argazkiaren egilea: Ainhoa Resano.

Amek ez dute arrakastatsuaren ondoren, Bilbon finkatutako idazle gasteiztarra gure liburu-dendetara itzultzen da Berriz zentauro eleberriarekin. Etorkizun hurbil batean kokatuta, non errealitate birtualak bizitzaren dimentsio guztietan sartu eta goitik behera aldatu dituen, Paula Pagaldai izeneko protagonistaren pausoak jarraitzen ditu idazleak, Parisen. Hiru seme-alabaren ama, sexu birtualaren zale sutsua eta hezkuntzan espezializatutako enpresa teknologiko batean bazkide, Mary Wollstonecraft ilustrazioko filosofoaren inguruan ikertzen dabil Paula, eta bilaketa horren aitzakian etorkizuna iraganarekin batu eta gure orainari buruzko erradiografia bikaina aurkezten digu Agirrek.

Berriz zentauro zientzia fikzio espekulatiboaren alorrean koka genezake. Zure aurreko eleberriak jarraitu dituen irakurlearentzat sorpresa izango da genero aldaketa hau. Zerk bultzatu zaitu zure istorioa etorkizun hurbilean kokatzera?

Egia da gustatzen zaidala liburuz liburu gauza berriak esploratzea, eta Berriz zentauron zientzia fikzioaren elementu batzuekin jolastu dut, Amek ez duten thrilleraren elementu zenbaitekin jolasten nuen bezala. Baina zientzia fikzio soft samarra atera zaidala esango nuke: etorkizun hurbil horretan eta ingurugiro teknologiko zehatz batean –errealitate birtualaren garapen eta zabaltzeak planteatzean duena–, benetan axola duena pertsona arteko harremanak dira.

Distopia hutsa al da testuan agertzen den mundua ala utopia aztarnak ere baditu?

Ez dut uste ezer distopikorik dagoenik nobelan. Baikorra naiz izatez eta dena posible dela uste dut, baita onena ere; beraz, imajinatzen jarriz gero, zergatik ez imajinatu etorkizun argitsu bat? Azkenean, imajinatzen dugunak hein batean baldintzatzen du gertatzen zaiguna. Hala ere, eta errealismoaren mesedetan, badaude gauza batzuk etorkizunean okerrago irudikatu ditudanak, batez ere klima aldaketak eragindako katastrofeei dagokienez. Bestalde, zergatik ez imajinatu iraultza fiskal bat (aberatsak zergak ordaintzera behartuko dituena), min bizia sendatuko duen terapia mota berri bat edo errenta unibertsalaren ezarpena?

Etorkizunean gertatzen den istorioa iraganetik datorren beste istorio batekin tartekatzen da: Mary Wollstonecraft, Mary Shelley ren ama eta feminista aitzindariaren biografiarekin. Etorkizuna asmatzeko derrigorrezkoa da iraganera bueltatzea?

Uste dut liburuan suma daitekeena dela etorkizuna, oraina eta iragana ez daudela guk normalean uste dugun bezain banatuta. Hori gure egunerokoan ere ikusi daiteke: gutxitan bizi gara orainean, etorkizunaz pentsatzeari denbora asko dedikatzen diogu, eta iraganean gertatu zen horri bueltak eta interpretazio berriak asmatzen ere bai. Hori maila pertsonalean, baina gizarte moduan ere, ezinbestekoa iruditzen zait iragana ezagutzea etorkizuna imajinatzeko eta are sortzeko ere. Konexio hori presente izatea beharrezkoa da.

Nolakoa izan da dokumentazio prozesua etorkizun hurbil hori sinesgarria suertatzeko?

Gaur egungoari begiratu diot batez ere: zer ari da hazten gure inguruan, apenas ohartzen bagara ere? Nondik ari da jotzen teknologia? Adi egotea da kontua, seinale guztiak hor daude. Gero, kontu teknikoetarako, errealitate birtualean adituak diren pertsonak topatu eta akosatu ditut sare sozialen laguntzaz, eta batzuek asko lagundu didate.

Unibertsitate irakaslea zara, eta eleberri honetan ageria da pedagogiaren inguruko gogoeta sakona; alegia, nola (noraino) erabili beharko genukeen teknologia ikasleen hezkuntzan. Ondorioren bat atera duzu?

Ondoriorik ez, baina aspalditik dudan kezka da. Ikusten duzunean zure ikasleen joera dela, edozein zalantza dutela ere, Youtubeko tutorial batera jotzea, nola jarraitu dezakegu irakasten internet oraindik existitzen ez zenean bezala?

Errealitate nahastuaren kontzeptua askotan agertzen da liburuan: errealitatea eta birtualitatea ez direla eremu itxiak, baizik eta continuum baten ertzeko muturrak, eta gauza bera gertatzen da generoarekin. Zein esanahi eta aukera berri hartzen dituzte identitate sexualek eremu digitaletan?

Sexu eta genero identitateak erabat lotuta daude gorputzari. Haurdunaldiko 20. astean ekografia bat egiten zaio umekiari, eta espezifikoki hankartea bilatzen zaio klasifikazio hori has dadin. Teknologiak gorputza atzean uzteko baimena ematen digunean –metaversoko avatar bihurtzen garenean–, ez al du horrek guztiz iraultzen sexu genero sistema?

Tinder aplikazioaren eboluzio teknologikoa agertzen da eleberrian, eta tentsio ugari agertzen dira sexu birtualaren esanahiaren inguruan. Eremu digitalean soilik garatzen diren harremanak zer dira: giza harremanen eboluzio logikoa ala galbidea?

Gauza biak izan daitezke, eta izango dira. Teknologiak dagoeneko baldintzatzen du gure sexualitatea. Porno gehien kontsumitzen eta sexu gutxien praktikatzen duen belaunaldikoak omen gara. Eleberrian esaten da sexua gehienbat “imajinazioan gertatzen den zerbait” dela, baina duda daukat norberarentzat besteak garrantzia galtzen duen heinean –pantaila bateko irudia delako, edo avatar bat– ez ote den guztia bihurtzen ariketa nartzisista eta kontsumista hutsa.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina