Antton Valverdek bost poetaren olerkiak musikatu ditu

Hitzak hots poesia kantaldia izan zen lehenengo, eta liburuxka eta dvd bihurtuta dator orain, Pamiela argitaletxearen eskutik. Arantxa Urretabizkaia, Itxaro Borda, Jule Goikoetxea, Miren Agur Meabe eta Tere Irastorzaren olerkiei Antton Valverdek jarri die musika. Orkestra osoaren zuzendari, ostera, Anjel Lertxundi aritu da.

Musika eta poesia aspaldiko adiskideak dira Euskal Herrian. Bide luzea egin dute elkarri lagunduta. Anjel Lertxundiren irudiko, “poesia irakurketaren bidez zabaldu da gehien, baina musikak asko lagundu dio hainbat testu ezagutarazteari. Lizardik eta Lauaxetak, adibidez, ez lukete gaur daukaten oihartzunik kantariek emandako aupadarik gabe”. (Irakurri +)

Mugaz gaindiko bidaia

Jalgi hadi plazaraNegu luze baten ostean udaberria heldu da eta gorputzak gozamenerako tartea eskatzen du, giro goxoa giharrak laxatzeko, izan lagunartean elkarrizketan, bidaiatuz, edo nobela eder bat irakurriz. Batzuei genero beltza gustatzen zaie, besteei umorezkoa, eta badago gogoeta eragilea nahiago duenik ere. Hiru hauek –eta gehiago- uztartzen dituen liburu batekin gatoz oraingoan.  

Itxaro Bordak Amaia Ezpeldoi detektibearen ibilerak kontatu dizkigun bost liburuetatik laugarrena da hau. Tregoa garaian idatzi zuela nabari da, isiltasuna apurtu eta aldarrikapen bat egiteko aprobetxatuko zuelako: 1545ean Etxeparek euskararen alde idatzi zuen ‘jalgi hadi plazara’ esaldia hartu eta lesbiana izanik ez lotsatzeko eta aske esan eta bizitzeko aukera ematen dio protagonistari, finean, armairutik ateratzen laguntzen dio esanahi berria emanez esaldi ezagunari. 

Bost pertsonaia topatuko ditugu Euskal Herrian barna bidaian desagertutako euskaltzain baten bila. Izturitzeko kobatik hasi eta Baiona, Bilbo, Gasteiz edo Bardeak bisitatuko ditugu koadrila honekin: marjinetako identitate anitzeko pertsonaiak, entzuten ohituta ez gauden ahotsak, irri eginaraziko digutenak. (Irakurri +)

“Liburu honetan nire eta nirekin dabiltzanen alde idatzi dut”

Zure hatzaren ez galtzekoItxaro BordaItxaro Bordak (Baiona, 1959) Zure hatzaren ez galtzeko poema-liburua aurkeztu du, Elkar argitaletxean. Ez berriena delako, egiaz hala iruditzen zaigulako baizik, olerki-liburu hau idazle lapurtarrak argitaratu duen biribilena da. 

Has gaitezen izenburutik. Zer da edo norena, galdu nahi ez duzun hatz hori? Eta zein da gizakiok begien bistatik sekula galdu behar ez genukeen hatza?

Pertsona zehatz batena baino uste dut galdu nahi ez nukeen hatza bizitza soilarena dela, batzuetan iruditzen zaidalako egunerokotasunak guztia irensten, ezabatzen eta lehertzen duela. Jendetasunaren hatza, marka hori gure hitz, kultura eta jaiduretan, itsumandoka berreskuratzeko bideetarik bat izan daiteke poesia.

‘Poema guztiak dira amodiozkoak’, horrela dio poesiaren lege zahar batek. Maitasun istorio bat al da Zure hatzaren ez galtzeko honek kontatzen duena?

Bai eta gainera ene ohiko amodiozko istorioa, berrogei urte hauetan irauten duena, huts egin gabe sekula, euskararekikoa dela hain zuzen ere. Masakratzen dut, gozatzen dut, infidela natzaio, baina hor dut beti hatz, buru zokoan, ezin a-hatz.

Poemaren emozio-sarrera gisakoak dira poemen izenburuak ere. Berebiziko garrantzia hartzen dute. Nondik dator izenburuen sinbolizazio horren haria?

Izenburua ate bat da, poemaren leitzeko norabidea proposatzen dio  irakurleari. Baina noiztenka alderantziz da, poemaren argitasuna uhertzen du. Titulua olerki bat da funtsean, pixka bat margo baten azpian agertzen den obraren izena (edo gabea) laburtzen duen eledia bezala.

Espresio-moldea gaur-gaurko ahots aniztasunaren araberakoa iruditu zaigu, baita liburu osoaren egitura estetikoa ere. Euskararekin beste hainbat hizkuntza txertatu dituzu poema askotan, rock n’rollaren erritmoak poesiaren hizkuntza berean. Liburua irakurrita, idazten izugarri gozatu duzula ematen du.

2008 eta 2014a artean idatzi poemak dira, munduko leku ezberdinetan. Maite dut hizkuntzak euskararen isurian sartzea erakusteko euskara ez dela lur honetako mintzairen biribilketatik kanpo geratzen. Laket zaizkidan rock edo kanta zatiak dira ingelesezko perpaus zenbait, islandiera, nahualtera eta gaelikoa halaber agertzen direla poeta omenez, gutarik hurbilagoak diren mintzairetaz gain. (Irakurri +)